argia.eus
INPRIMATU
Gogora ekarri, gogoan hartu
Jakoba Errekondo 2012ko otsailaren 28a
Rosmarinus officinalis
Rosmarinus officinalis

Egia da! Simaurra egiteko makinak besterik ez garela iruditzen zait maiz. Gure etorkizunerako garrantzitsuena gure auzokoak ondo bizitzea dela zenbat aldiz gogoratzen dugu? Gure auzoko landareak, animaliak, ekosistema, paisaia... Gogoratu eta gogora ekarri, egunero, bizitzako eginahal guztiei ekiteko gogora ekarri. Ekarri eta txertatu.

Ahanzturaren garaiak bizi omen ditugu. Bakoitzak berea eta kitto. Gerratearen memoria, jendartearen kultura, dena ahaztu... Antola hor! Gogora ekarri ezinik bizi dugun ingurumen horretan bertan eskura ditugu ahanzturaren gaitz horri gogor egiteko sendagaiak. Sendagaiaz ahaztea da ahanzturaren gaitza.

Gaur irakurri dut Alzheimer eta zahartzeari lotutako antzeko zoramen eta gaitzei aurre egiteko zergertaereko hiru aukera eraginkorren berri. Bat, jende arteko solasaldiak, berbetak eta eztabaidak. Bestea sukaldean janariak prestatzea. Eta hirugarrena landarezaintzara ematea. Atso eta agure helduak lauzpabosnakako taldetan jarri dituzte. Inondik ere, bakar antzera etxean daudenen aldean memoria test hobeak osatu dituzte. Hiru lan horiek bakardadea uxatzen dute eta kakoa hor egon omen daiteke. Lehen bietan jendartea sustatzen da. Eta hirugarrenean? Horretan jendea bezain garrantzitsua izan daitekeen gure ingurumena, gure paisaia, paisaia kulturala, kultura! Landareek mesede egiten digute. Sendagai.

Landare artean dabilenak gutxi asko erromeroaren berri izango du, Rosmarinus officinalis. Usain handiko landarea da, kolonizatu gintuen Mediterraneo itsasotik ekarria. Etxe-kontra eta baratze-bazterretan ezaguna, lorategi hiritarretan gero eta ugariagoa. Bada bere ura, erromero-ura hartzea oso ona omen da memoria gaitasunari eutsi eta hobetzeko. Hori ere irakurri berria dut eta, gogoratzen banaiz, hartuko dut.