Hiru urte eta erdi joan dira aita naizenetik eta askoz gehiagotan mintzatu izan naiz gurasotasunaz emakumeekin gizonekin baino. Era berean, askoz emakume gehiago mintzatu izan dira aitatasunaz nirekin gizonak baino. Azkenaldiko lege zenbait gorabehera, denbora luzean nagusi eta gailen izan den rolen banaketa sexistak indarrean dirau gure artean. Gure barrenean.
Aitatasunaren gaineko kezka edota jakin-mina agertzeak –orain txoko honetan ari naizen bezala, bide batez– sexuen araberako banaketa garbia ekarri didala ohartua naiz, bai eta euskarazko gure mundutxo honetan ere: esku batean aise sartuko liratekeen salbuespenak salbuespen, emakume sortzaileek bakarrik aipatu didate zerbait nik plazaratutako galderez nahiz noraezaz; gizonengandik, aitzitik, ez dut feedback-ik lortu.
Nire irudiko, gizonok aitatasunaz jarduteko interesa askoz txikiagoa izatea esanguratsua da oso: 40 urtetik beherako aiten artean erraz nabari da aita izatearen funtzioa bigarren mailako hizpidea dela. Tamalez, aitatasuna ez da belaunaldi berriko aitok mugitzen gaituen afera. Oraindik ez, bederen.