Lan erreforma, pobreziaren ate

PP-REN lan erreforma latza eta gogorra iragarrita zegoen eta hala gertatu da. Ondorioak ere halakoxeak izango dira, Mariano Rajoyren gobernuak berak aitortzen duen moduan. Baina oso gaitza da sinestea hortik bizkortze ekonomikorik etorriko denik. Pobreziaren lan erreforma da hau, lan baldintzen kaskartzeak lan errenten txikitzea ekarriko baitu. Eta lana sortuko balu ere, txirotze prozesu horren testuinguruan egingo luke, lan baldintzak asko kaskartuko direlako.

Adibide bat: gazteen esparruarena (Espainiak ia %44ko langabezia du gazteen artean). Erreforma honekin, aurrerantzean gazte bat enpresaz enpresa ibili ahalko litzateke 16tik 33ra urte arte, ia edozein unetan kaleratua izateko mehatxuarekin eta formazio kontratuen bidez 481 euroko soldata eskuratuz (honek lehen gehienez hiru urtez iraun zezakeen). Hori, legez, posible litzateke.

Liberalismoak zurruntasuna eta malgutasuna kontrajartzen ditu maila guztietan. Estatuari malgutasuna eskatzen dio etengabe, honek ekonomia mugiarazten duelakoan, zurruntasunak oztopoak besterik ez dakartzanean. Eskubideak zurruntasuna dira, eskubide eza malgutasuna. Liberalismo hutsaren logikan, azken finean, langabezia eskubideei lotutako gaitza da, langabezirik ez bailitzateke egongo, edo oso gutxi, esku lana saltzen dutenek lana merkeago salduko balute. Eta hori da, azken finean, lan erreforma honek proposatzen duena: jarri baldintzak lan indarra merketu dadin eta lana sortuko da; enpresariek eskuak –eskubideekin– lotuta ez dituztenean kontratazioak egiten dituzte.

Eta logika horretan, Espainian ere akaso posible litzateke lanpostuak sortzea, baldin eta ekonomia hazkunde fase batean balego. Argentina izan liteke horren adibide, duela hamar urtetik hona lanpostu asko sortu dira han –langabezi tasa %10etik beherakoa da orain–, baina Gara-n CTA sindikatuko Pablo Michelli idazkari nagusiak gogoratu berri duen moduan, oso kalitate urriko lanpostuekin.

Azken finean, ekonomi hazkundea eta lan eskubideen urritzea ondo moldatzen dira, Txinan, Indian, Errusian, Brasilen, Argentinan eta beste hainbat herrialdetan erakutsi den moduan. Horrantz goaz eta ez da ziur atzerakada horretan Europa non geratuko den. Globalizazio neoliberalaren aroan, azken 30 urteetan, finantzen globalizazioarekin batera, neoliberalismoak lan merkatuak ere zorrotz globalizatu ditu, baina okerrera. Lan eskubideak kapitalaren gainetik ziren gotorleku hori zen Europa, baina erasoaldiari ezin eutsiz ari da.

ESPAINIAKO EKONOMIA, gainera, ez da hazkundean, atzeraldian baizik, eta testuinguru horretan lan erreforma honek lanpostuak sortzeko dituen aukerak urriak dira. Ekonomialari liberal partehartzaileen artean ere gero eta gaitzagoa ikusten da politika hauekin krisialditik ateratzearena, neurri hauek kontsumoa uzkurtzen dutelako eta kontsumoa bultzatu gabe ez baita lortuko ekonomia haztea eta, beraz, lanpostuak sortzea. Keynesek zioen moduan, azkenean enpresariak zertarako kontratatuko ditu langileak merkeago gero ez badu produktuak nori saldu?

CCOO sindikatuko Primero de Mayo Fundazioaren ikerketa baten arabera, 1980an Langileen Estatutua onartu zenetik 52 lan erreforma izan dira Espainian, guztiak lan merkatuen malgutasunaren bila. Denbora horretan, Espainia izan da gehienetan EBko langabezia tasa handiena izan duena.

Eta nola egin aurre egoerari? Ez da batere samurra, zalantza barik; azken finean honek guztiak badu zerikusirik finantzen munduan horren ospetsu egin diren AAA kalifikazioekin, baina Damien Millet eta Eric Toussaint ekonomialariek proposatzen duten beste irakurketa berri honekin: “Notre AAA: audit, action, anulation” (Gure AAA: ikuskaritza, ekintza eta baliogabetzea). Estatuek, enpresak eta familiek urteetan pilatutako zorrak badu zerikusirik krisialdiarekin, beraz, aztertu behar da zein zorraren parte den zilegi eta zein ez; zilegi ez dena baliogabetu egin behar da, eta ondoren, herritarren mobilizazioak eta erantzunak beste politikak behartu behar dituzte.

Alternatibetan ere ez dago oinarrizko errezeta berririk. Greziak EBren neurriak onartu ez balitu, gaur hondamendian legoke, baina bihar nor izateko aukerarekin. Orain hondamendian sakontzen jarraituko du, seguruenik luzerako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude