argia.eus
INPRIMATU
Erreforma basatiaren kontra: subiranotasuna

Juan Mari Arregi 2012ko otsailaren 14a

PPk inposaturiko lan erreforma, enpresariei eta haien interesak ordezkatzen dituzten talde politikoei baino ez zaie gustatzen. Patronalaren interesen zerbitzura dagoen lan erreforma da, hau da, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioaren (EEEK) eta honek Euskal Herrian dituen sukurtsalen zerbitzura dagoen erreforma. Gustuko dute, hartutako neurriekin pozik daudelako, baita norabide onean doalako ere. Norabide enpresarial eta kapitalista, alegia. Norabide onean badoa, horrek esan nahi du neurri gogorragoak espero dituztela PPren Gobernuarengandik. Eta neurriok iritsiko dira, Espainiako EEEK-k ez ezik, Nazioarteko Moneta Funtsak, Europako Banku Zentralak eta merkatuek ere (banku handiak eta nazioarteko inbertitzaileak) hala eskatzen dutelako. Eta iritsiko dira, Espainiako Estatua esku hartutako estatua delako jadanik, ofizialki horrela onartzen ez badute ere. Ondorioz, kaleratzeak merkatzea, lan prekarietatea handitzea, negoziazio kolektiboari mugak jartzea, soldatak murriztea eta abar, erreforma basatiaren hasiera besterik ez dira. Langabezia, prekarietatea, pobrezia, bazterketa soziala eta zentralizazioa ekarriko ditu erreformak.

Erantzun sendoa behar da langile eta herri sektoreetan, etorriko den eraso kapitalista eta basatiari aurre egiteko. Euskal Herritik, gure subiranotasun ekonomiko eta politikoa exijitzeko mobilizazio soziala, sindikala eta politikoa ekarriko duen programa ekintzailea behar da; gure politika ekonomikoa, soziala eta laborala erabaki dezagun. Eta gu geu izan gaitezen Europarekin negoziatuko dugunak, Frantzia eta Espainia moduko bitartekaririk gabe. Haiek baino hobeto defendatuko ditugu gure interesak.