Boligrafo bat adibide

Nik Fragaren gaiari helduko diot ba, Jose Luis, Beñat, hil eta tertuliatan hainbeste demokrata sortu dituen gizona; “ez da ahaztu behar Fraga frankismoko ministro izan zela!”, ere entzun baita dezente, esperotako omenaldiez gain, eta, tira, beranduegi da beharbada esaldia ere hilik ez jaiotzeko, hiltzeko geratzen diren “ez da ahaztu behar...”-ak hemendik aurrera ederto biziko badira batez ere; baina ez da hori esan nahi nuena, niri Fragak balio dit gure jaurlaritzatik boligrafo bat, bai, boligrafo bat, nola falta den seinalatzera eramango nauen bidea irekitzen didalako, dagoeneko demokratizaziorako metamorfosi betean zela esan zuen esaldi bati esker: “La calle es mía”. Autoritarismoaren perletako bat dudarik gabe, eta ez da kalea jabetzan berea zela esan nahi izateagatik; baina balitz? Alegia, kalea jabetzan berea dela pentsatzea ez litzateke autoritarismo era bat? Adibidez, lorategirako banku bat behar balu kalera jaitsi eta hartzea?

Ustelkeria kasuetako errudunak legez kanpo dabiltzala badakitela adierazten duten eszenografiak ematen dituzte, hain inozoak ez garela pentsatuta agian, ezkutatu behar bat, horregatik harritzen gara zenbaiten zabarkerien aurrean, Urdangarin kasu; ez lapurtu duelako, hain gaizki antolatu delako baizik. Mariano Rajoyk Bruselan Espainia bere lorategia, kalea, balitz bezala hitz egin zuenean ere, “lan erreforma greba orokor bat kostatuko zait”, mikrofono atzean izan nahi zuen, beraz, pentsa daiteke handiustea dela, baina badaki zenbait ez dela ados egongo lan erreformaren kostua zehazki hori izango denean.

Ari gara boligrafora hurbiltzen. Aste honetan Esteban Gonzalez Ponsi eginiko elkarrizketa entzun nuen, eta ez, ez zuen ezer arrarorik egin, nik ere hasieratik ulertu nuen zerabilten tonu tristea; ministerio gabe geratu da, Federico Trillo bezala. Eman dituen prentsaurrekoen ondoren! Txandalaz, edozein ordutan, egunetan, zerbait gertatzen bazen Espainiako edozein puntutan bere partiduaren erantzunaren beharra zuena, edo izan gabe, agertzen zen Gonzalez Pons, burutapenen bat beti prest. Izan zuen apaltasun gaitasun guztia, politikak gauzak ez dizkizula espero duzunean ematen esatea izan zen. Tira, ez dago disimulu beharrik, hitz egin daiteke ministerioak banatzeko maukak balira bezala. Guk bozkatzen ditugunen artean. Gure ministerioak. Eta ez naiz identitateez ari, jabetzaz ari naiz, nork ordaintzen duen alegia, eta zertarako.

Eta kontua groteskoa bihurtzen da lapurreta kamara aurrean gertatzen denean, kazetariz inguraturik; Rodolfo Ares eta Fernandez Díez ziren, irribarretsu (barne politika da azken aldian, azken aldi luzean, gobernuen poz bakarra), ez dakit zer sinatuz mahaian eserita; barne arazotarako ministroak boligrafoari begiratzen dio, gustatzen zaio eta lasaitasun osoz, mikrofonoak bere hitzen lekuko zirela jakinik ere, eta bai, inporta du, horretara bainoa, esaten dio gure sailburuari boligrafoa opari eramango duela. Eta Rodolfok barre egiten du. Beharbada txantxa zen. Ez. Sinatu eta azpimarratu zuen, boligrafoa airean erakutsiz, poltsikoratu egingo zuela, bestela seguru ahaztu egingo zitzaiola. Gure boligrafoa. Txikikeria bat da, eta horregatik da larria, horregatik da autoritarioa, horregatik da iraingarriagoa kasik, guk ordaintzen duguna, gure bizitza komuna artikulatzeko medioak, beraienak direla guk sinestarazi bagenie bezala, ez alderantziz. Eta Aresen barre kikilaren lekuan, Anguita irudikatu nuen, “ezin dizut eman, ez da nirea”, bat erantzunez, “eta kontuz informatiboetan ikusten ari dira nola lapurtzen diezun”.


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 19a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude