polito doa esango luke nire lagun bizkaitarrak, bere talaiatik Urkiola, Barazar eta Gorbea zuri ikusiko lituzkeen bitartean. Santa Agata zuen gustuko, San Mamesera kantuz egiteko parada ematen ziona. Eta entzun ditugunekin, ez zen koblarik faltako, koblakari gai bilatzaile nagienari ere ez zion zeri kantatu faltako, bat bestearen azpian pilatzen joan dira Urkulluk hasi eta Jaurlaritzatik erantzundakoak. Saltzaile dorpeenen eredutik ari zaizkigu. Batek, ez ezazue horrena erosi, nik hortik dastatutako koinatua badut, eta desesperatuta bizi da horien jardunaz. Besteak, ez ezazue horrena sinetsi gezurretan ari zaizue, horrek ez dauka koinaturik-eta. Gaitzerdi txokoren bateko liskarra balitz, koadrilen arteko disputan ariko balira, batak besteari erronka joz balebiltza. Gure sosei buruz ari dira. Urkulluk, Lopezen Jaurlaritzak erreka jo duela. Lopezek, aurrekoek erosi gabekoak ordaindu zituztela eta sosen norakoaz ez dakitela. Eraman zituztela alegia deusen truke. Eta hau guztia, prentsa bilduz, publiko egina. Norbaitek argitu beharko ditu gauzak, batek bere koinatua eta besteak falta diren sosen norakoa agerrarazi. Dagoeneko ados dira biak ezkutuan gordetzeko.