argia.eus
INPRIMATU
UPN-PP

Joxemari Ostolaza 2012ko otsailaren 07a

Franco ondorengo Fragaren Alianza Popular haren seme- alabek Nafarroan dute hazienda, arbasoen herentzia. Gaztetan harantz egiten genuenean, bertako karlistekin izaten genituen eztabaida liskartsuenak, gu baino aiseago euskaraz ari ziren haiekin. Kosta egiten zitzaidan karlistak eta erreketeak bereiztea PCren adarren artekoetakoak bezainbat. Berdin samarrak iruditzen bazitzaizkidan ere, beren artean sekulako herrak zizkioten elkarri, nahiz guri huskeriak irudi zituzten ezberdintasunak. Era berean, abertzaleen artean genituenak ez zituzten ulertzen, eta Nafarroa euskalduntzeko gure jukutria estrategikoei egozten zizkieten gure artekoak, helburu bereko antzerkilariak baikinen. Ikastolak eta gau-eskolak sortzen hasi ziren garaiak ziren. Geroztik urtaro dezente joan da, bertako euskaldunek ez dute amore eman, euskararen eremuak zabalagoa nahi du. Lodosa Sartagudako ikastolak bizi nahi eta larri. Gipuzkoako Foru Aldundiak tokatzen zaiona egin eta laguntzeko erabakia hartu du. Bikain. Egingo nuke gipuzkoarrak hein handian ados eta harro gaudela. Merezi genuen dugun aldundia, luzaz behar dugun hori. Ez ditzatela beren besoak erortzen utzi.