argia.eus
INPRIMATU
Simaur minetan
Jakoba Errekondo 2012ko otsailaren 07a
Nephentes generoko landare haragijalea.

Loretik lorera polena garraiatzeko saguzarren bat erabiltzen duen landaretik bada. Trukean, hegaldia gozatzeko, nektarra. Nektar hori ez da, nonbait, huskeria. Bere ordainetan, landare batzuk aparteko lanak egiteko prest dauden animalia-lagunak topatzeko ez dute, itxuraz, lan handirik.

Nephentes generoko landareek intsektuak baliatzen dituzte. Landareok lur elkorretan bizi dira, elikatzeko nahikoa lan badute eta jaki gabezia hori arintzeko haragijale egin dira. Intsektuak harrapatzeko arteak asmatu dituzte. Genero horretako aldaera gehienek lore handi tenteak dituzte, pitxar tankerakoak. Lorearen beheko barrenean nektar putzua. Gozokiaren tranpan intsektua erori eta ito ondoren landareak hustu egingo du, batik bat nitrogenoa xurgatu. Genero horretako beste landare batzuek sataginak edo satitxuak baliatzen dituzte. Nektarra hurrupatzeko mutturra luxe-luxe egin behar du karraskariak, ipurdia lorearen ahoan ipiniz. Beste animalia gehienoi bezala sataginari ere bere sailak mugarritzea gustatzen zaio, baita nektarra ematen dion lorea ere. Mugarria kaka pila bat izaki, lorean ere halaxe egiten du. Eta lorea gustura, nitrogenoa eta gainontzeko ongarriak etxerako.

Nephentes baramensis-ek, aldiz, arriskurik gabe jokatu nahi du eta intsektuak jateko gai den lorea saguzar baten habia bihurtzen du, harekin luzerako tratua lotuz. Tratua eginda, loreak nektar gutxi eman behar eta usain erakargarriak ekoizten energiarik gastatu beharrik ez. Kerivoula hardwickii hardwickii da saguzarra. Hark ongi babestutako lo-tokia eskertu egingo du eta sataginak bezala bere kaka eta pixak bertan utziko ditu. Komunadun logela. Landareak obramenduak berrerabili eta ongarri hartuko ditu. Besteak beste, behar duen nitrogenoaren heren bat baino gehiago horrela erdiesten du. Mutualismoa deritzo kidetasun horri, biak nolabaiteko onura eskuratzen duten sinbiosi era bat. Kaka minetan, biak. Borneon gertatzen da istorio hori.