argia.eus
INPRIMATU
Ordainsari kabinako langilearen bakardadea
Unai Brea @unaibrea2 0000ko ren a

Bilbo eta Txorierriko bailara lotzen dituzten Artxandako tunelen kasua paradigmatikoa da: 106 milioi euro kostatu zuten mendia zulatzeko lanak, baina diru hori, Foru Aldundiaren –eta beraz bizkaitarren– patrikatik irten beharrean, tunelen ustiapenaz arduratu behar zen enpresarenetik ateratzekoa zen –kontuan hartu behar da peajea ordaindu behar dela tunelak erabiltzeagatik–. “Eraikuntzaren arriskua enpresak dauka”, “lan hau ez da Aldundiarena”, esan zuen bere garaian Joxe Felix Basozabal Herri-lan diputatuak.

2002an izan zen hori. Urtez urte ikusi zen bidaiari kopuruaren aurreikuspenak ez zirela inondik inora beteko, gidarientzat pizgarriak jarri arren. 2010ean, azkenik, Túneles de Artxanda S.A. enpresak akordioa egin zuen Diputazioarekin, hasiera batean 50 urtekoa izan behar zen kontzesioa bertan behera uzteko. Orduan ikusi zen benetan arriskurik gabeko operazioa enpresarena zela. Ordainsarien ustiapen eskasak eragindako galerengatik 61 milioi euroko zorra zeukan kitatzeke, hasierako inbertsioa egiteko eskatutako kredituei zegokiena. Baina kontzesioa bertan behera uzteko kontratuak kalte-ordain oparoa eman zion Túneles de Artxandari, zortzi urtez egindako ustiapenaren truk: 62,5 milioi. Hortik enpresak daukan zorra kendu behar zen, baina azkenean 1,4 milioiko “ordainsaria” jaso zuen, eta zorra ordaintzeaz libratu. Zama hori Aldundiak hartu zuen bere gain, 2010etik tunela kudeatzeak eragindako gastuez aparte. Momentuz, ez da agertu lan hori hartu nahi duen enpresarik.

Aurrekari horrek aztarna batzuk eman ditzake berriki irekitako Supersur delakoaren etorkizunaz. Artxandako tunelen kasuan, hasierako aurreikuspenek zioten egunero 36.000 ibilgailu igaroko zirela; batez beste, 15.000 dira. Supersurren, berriz, ustezko 14.000 auto eta 9.000 kamioiak, oraingoz, 10.000 eta 4.000 besterik ez dira, hurrenez hurren. Kamioiek, bereziki, ihes egiten diote bertako peajea ordaintzeari, Aldundiak prezioetan beherapena agindu dien arren; izan ere, baliteke azkenik Europar Batzordeak beherapen hori gauzatzeko baimena ukatzea. Momentuz, zuhur jokatu nahiago dute garraio-enpresek, eta beren gidariei esan diete betiko bideetatik joateko. Supersurra egiteak 900 milioiko gastua eragin zion Aldundiari.