Noiz erasoko dion Israelek Irani? Duela bi urte

  • Zuzeneko erasorik ez da gertatu oraino, azken urteotan behin eta berriro iragarritakoa gezurtatuz. Aldiz, AEBak eta Israel gerra sekretuan ari dira Iranen kontra, uranioa aberasteko programetan buru diren zientzialarien hilketak lekuko. Gerra ez da osorik lehertzen baina bakerako edozein urrats deusetan geratzen da nahasmenean korapilatuta.

The Foundry guneari hartutako argazkian, ama-semeak Teherango karrika batean Irango armadak dauzkan misilen kopia baten aurrean pasatzen; atzean ageri da Irango buruzagi gorena den Ali Khamenei aiatolaren erretratua. Aditu batzuen ustez, Iranen kontra AEBek eta Israelek, bakarka zein elkarrekin, ageriko eraso militarrik orain arte egin ez badute, emaitza onak baino gehiago txarrak aterako dituzten beldur direlako da: Teherango armadak Ormuzeko itsasoa blokatu lezake petrolio trafikoa paralizatuz, herritarren sentimendu nazionalistak gogortuko lituzkete, arma nuklearrak eskuratzeko erabakia sendotuko. Horregatik, ezkerretik AEBek eta Europak Iranen ekonomia ito nahi dute honen petrolio esportazioak oztopatuz, eta aldi berean eskubitik Israel ezkutuko erasoak burutzen ari da Iran barruan bertan Jundallah bezalako taldeak erabiliz.

Mostafa Ahmadi Roshan 32 urteko gaztea bosgarrena izan da 2007tik gerra zikinean hil dituzten zientzialarien zerrendan. Seigarren bat doi-doi atera zen bizirik, atean lapa-bonba ipini ziotela oharturik ko-txetik salto eginda. Denak ziren Teherango Gobernuarentzako energia atomikoa garatzen ari diren ekipoetako buruak.

Nork hil dituen? AEBek zerikusirik ez dutela adierazi du Hillary Clintonek. Aldiz, Israelen erantzukizunaz, AEBen eta beste potentzia handien zerbitzu sekretuen lagun-tzarekin edo gabe, inork gutxik egiten du duda.

The New York Timesen idazten duen Scott Shane kazetariak Patrick Clawsonengana jo zuen galdezka; hau zuzendari da Washingtongo Institute for Near East Policy erakundean Iranez okupatzen den sailean, lobby israeldarrari loturik. “Sarritan galdetu didate –derantzu Clawsonek– ea noiz erasoko duen Israelek Iran. Eta nik diot: duela bi urte”.

Clawsonen eta Israelen aldeko beste batzuen ustez, sabotajeak eta hilketa selektiboak dira bide egokia, ezkutuko guduak alegia, eta ez airezko eraso nabarmenak. “Honelakoek erreakzio nazionalistak ekarriko lituzkete Iranen, erregimena sendotuz. Ezkutuko erasoekin, ordea, Irani ikusarazten zaio zein garesti aterako zaion arma nuklearrak eskuratzea”. Gerra martxan ote dago, beraz, eta irtenbide negoziatuen txanda bukaturik?

Le Monde Diplomatiquen Ekialde Hurbilaren jarraipen estua egiten duen Alain Greshen analisian, berehala eraso nahiko lukeen Israelekin lerratuta legoke Europar Batasuna, Nicolas Sarkozy buru: “Jarrera itxienean dago, elkarrizketa erraztu eta laguntzen saiatzeko ordez. Eta du hitz bat entzun nahi arma nuklearrik gabeko Ekialde Hurbilaz, horrek ekarri beharko lukeelako Israelek bonba atomikoari uko egitea”.

Barack Obama jarrera anbiguoagoan legoke. Horrela interpretatzen ditu Greshek buruzagi yankiek astetik astera egiten dituzten deklarazio kontraesankorrak: gaur diote Iranek badaukala bonba atomikoa, bihar ezetz... Isilpean Iranekin elkarrizketa hasi nahiko lukete. Zeharkako diplomazia horretan ulertzen du Greshek urtarrilean Ali Larijani Teherango parlamentuko presidenteak Turkiara egindako bidaia, non adierazi bai-tzuen mendebaldeko potentziekin negoziatu nahi dutela.

Galdera orduan da: zientzialari irandarren hilketak Israelek bakarka burutu ditu? Hori eta gehiago iradoki du berrikitan Foreign Policy aldizkari ospetsuan Mark Perryk, CIAko agenteen hitzak bilduz. Alegia, Mossad Israelgo zerbitzu sekretua baliatu dela CIAko jendeaz bere estrategia aurrera ateratzeko.

Iran barruko gerra zikina israeldarrek bideratu dute bertako talde armatu bat erabiliz, Jundallah. Ez nahastu Mujahidin talde ezkertiarrarekin: Jundallahk Balutxistango suniten defentsa aldarrikatzen du. AEBek talde terroristatzat daukate eta diote Pakistanen duela babesa.

CIAko zenbait agentek salatu diote Mark Perryri Mossadek Jundallahko militanteekin izan dituen harremanetan CIAkotzat aurkeztu dituztela beren buruak. Washingtoneko buruek utzi egiten diete israeldarrei, baina CIAko kideak urduri-tzen dira false flag edo gezurrezko banderapean egindako operaziookin. Azkenean Mossadekoek egiten dituzte txarkeriak eta etsaiaren aurrean CIAkoak geratzen errudun.

Akordatzen 1988 hartaz?

Egunkarietan nazioarteko atala arretaz irakurtzen duen herritarrak motiboak ditu kezkatuta egoteko, Iranen eta Mendebaldeko poten-tzien arteko tentsioa noraino heldu den ikusita. Zer gertatu behar du Pakistandik hasita Libanorainoko eskualde zabalean, agian etxe atarian daukagun Marokoraino, Iran bonbaz erasotzen badute?

Hala ere, korapiloak askaezinen dirudienean konponbiderako hari-muturra harrapatzeko itxaropenez dihardute lanean batzuek. Horietakoa da Paul Rogers, Bradfordeko unibertsitatean Bake Ikasketen Saileko irakasle denak, Oxford Research Groupeko kide.
Rogersek Open Democracy gunean plazaratu du The Iran complex: why history matters. Saiatzen da nuklearraren aldeko Iranek egin hautuaren sustraiak aztertzen, horiek ulertzeak gerra saihesten lagundu dezakeelakoan. Hona Rogersen argudioak.

Israelgo askok eta AEBetako belatzek berehala nahiko liokete eraso Iranek dauzkan instalazio nuklearrei. Obama ahultzat daukate, ez erasotzeaz gain Irani baimentzen diolako Iraken gero eta indar handiagoa hartzea. Baina horiek guztiak ez dira ohartzen, Rogerrentzako, Iranen nuklearraren aldeko parioa ez dela agintarien kontua soilik.

Lau mila urtez Persiak bere kultur independentzia atxiki du. Iraniar askorentzako gaur 80 milioi biztanle dituen herrialdea munduko zibilizazioaren erdigunea izan da. Europarrek ez zituzten inoiz kolonizatu. XX. mendearekin modernizatzeko bideari ekin zioten, baina atzerritarrek oztopatu zieten: 1925ean Reza Shah Pahlavi enperadorea ezarri zieten britainiar eta amerikarrek; 1953an MI6 eta CIAk hondoratu zuten Mohammad Mossadegh, petrolioa kontrolatu nahi zuelako.

“Sentimendu hauek berotu zuten 1978-79ko iraultza. Historiaren ondorioz, Iranen kultura politikoan nahasten dira auto-konfiantza eta segurtasun falta. (...) Herrialdeak nuklear zibilean egin apustua modernitate ikur bihurtu da, eta ez dute erraz baztertuko, ezta Fukushima ondorengo giroan energia nuklearra atzeraka ikusita ere”.

Giro horretan garrantzia berezia dauka Guardia Iraultzaileak. Hau egon zen 1988-88 gerran Saddam Husseini aurre egin zion armadaren lehen lerroan. Gaur erakunde horren buruzagitzan daudenak gerran soldadu gazteak ziren eta orduko esperientziaz oroit dira.

1988ko martxo apirilean irandarrak gerra krudel hura irabazten ari zirenean, AEBk sartu ziren Saddam Iraki laguntzera. Bi gertakariok lekuko. Bata, Saddam Husseinek arma kimikoz eraso suen Kurdistango Halabja herria, 3.000 jende hilez; Reaganen administrazioak lortu zuen munduak garrantzia handiegia ez ematea. Eta bigarrena, tankeen gudua bukatzear zelarik, AEBen itsas armadak eraso zien Iranen ontzi urriei, hiru hondoratu eta petrolio plataforma pare bat suntsituz. Propina moduan, uda hartan USS Vincennes pakebotak Airbus iraniar bat lehertu zuen airean, 290 bidaiari hilez.

Bi hamarkada pasata, gertakizun horiek eragindako fidakaiztasuna ikusten du Rogersek Iranek AEBekin ezein negoziaketa mamitzeko oztopo nagusi: “Konfiantza eraikitzea derrigorrezkoa baita bakezko konpromiso baterako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Eguneraketa berriak daude