argia.eus
INPRIMATU
Koblakarien lan nekeza
  • Martin Larralde :: Batzuen artean.

    Bonberenea Ekintzak.

    Iraupena: 33’24’’
     
    10 euro.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko otsailaren 07a
Eneko Barberena eta Mikel Oceja Arrasateko bi ipurterre dira. Barberenak hausnarketa, poesia eta prosa batzen dituen liburuxka (hirugarrena dagoeneko) idatzi, Ocejak janzten lagundu eta beste lagun baten erruz liburu-diskoa egiteko lanean jarri ziren, Bonberenea Ekintzak-en laguntzarekin. Hala, ia hiru urte hartu dituen epean 11 musika taldek testuetako batzuk musikatu dituzte askatasun osoz. Horien artean, bada bertsorik (Jokin Labayen eta Manex Agirre), folk iluna (3 Zikinak), gaurkotuagoa (Ain_1), countryra hurbilketa (Bihotz Bakartien Kluba), errezitatuak (Xabi Strubell), hip-hop eta crossoverra (F-21, Basske), baita Goseren eta Pirritx eta Porrotxen ekarpenak ere, Bonberenea Txarangarekin bat eginik. Arrasaten eta Bonberenean bakarrik erosi daiteke, baina sarean eskuragarri jarri dute emakumetu edo gizondu ez diren ume guztientzat.
"Azkenean luzaroan irauten dutenak liburuak, filmak, diskoak eta kantak dira"

Zer dute talde hauek guztiek komunean?

Guztiak direla nire gustukoak. Guztiak daude Arrasaterekin edo Bonberenearekin lotuta, eta batzuk bidean ezagutu ditut. Bertsoak, folka, elektronika eta abar dago, baina Txapek lan handia egin du eta ondo batu ditu kantak. Norbaitek esan dit rock gutxi dagoela, baina niretzat hori naturala da. Gainera, rocka egiten dutenek ere proiektu honetan bestelako soinuak landu dituzte beraien borondatez.

Martin Larralde bezalako koblakariak, ahotsak eta testigantzak falta dira Alzheimer, herri kazetaritza sentsazionalista eta zentsura garai hauetan?

Horren guztiaren aurrean Internet bada aukera bat espresatzeko, baina gure begi bistatik informazio gehiegi igarotzen da eta benetan oso gutxi da irauten duena. Azkenean luzaroan irauten duena liburuak, filmak, diskoak eta kantak dira.

Bi egileok 80ko hamarkadako punkaren zaleak ez izan arren, Josu Eskorbuto aukeratu duzue azalerako…

Neurri batean txantxa da, ez dagoelako Euskal Herrian Larralderen figura baino kontrajarriagoa denik: bata, euskalduna, nekazal girokoa… bestea, erdalduna, giro industrialekoa… Baina, bestalde, Josuren kantetan ederto jasotzen da bere garaia nolakoa zen, bere bizimodua eta pentsaera.

Proiektu hau gauzatzeak ausartago egin zaituzte?

Agian ausartagoak bai, hau irten ez balitz oso zaila litzatekeelako idazten jarraitzea.

Zer izan da zailena?

Gauza askotan ezezagutza handia genuela eta bidean ikasi behar izan dugula. Baina ikasi dugu autoekoizpena zer den, jende asko ezagutu dugu…

Musikariak koblakari aproposak dira? Gustuko dituzu gaur egungo musika taldeen hitzak eta jarrera?

Bai. Mezulari aproposak daude, hitz mamitsuak dituztenak eta pentsarazteko gaiak ematen dizkidatenak. Arrasaten bertan urrunago joan gabe, Anger, Gose, Never Surrender eta Ain_1 aipa ditzaket.