argia.eus
INPRIMATU
Emeen espermatozoideak eta alderantzizko eboluzioa

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko otsailaren 07a
G.L. Lecrerc (1707-1788) naturari buruzko jakinduria guztia obra bakarrean biltzen saiatu zen, eta hainbat harribitxi utzi zizkigun.

Paris, 1788ko apirilaren 16a. Georges Louis Leclerc, Buffoneko kondea hil zen, eta 44 liburukiz osatutako Histoire Naturelle obra mardula utzi zigun. Matematikari, botanikari, biologo, kosmologo eta idazle frantziarrak naturari buruzko giza ezaguera guztia bildu nahi izan zuen lan horretan. Zalantzarik ez dago obra horretan zenbait ekarpen egin zituela, baina denetan asmatzerik ez dagoenez, hipotesi bitxi mordoa ere sartu zuen.

Esaterako, emeek –emakumezkoek barne– espermatozoideak sortzeko ahalmena dugula defendatu eta “frogatu” zuen. Hainbat zientzialari gonbidatu zituen prestatutako demostraziora. Txakur eme bat hil zuen, disekzioa egin zion, eta obulutegietan espermatozoideak topatu zituen. Zientzialarietako batek txakurra araldian zela eta txakur ar batek estali berri zuela esan zionean, Buffoneko kondea ez zen larritu: txakurra estali berria zela onartu zuen, baina espermatozoideek obulutegietara iristeko askoz denbora gehiago behar dutela erantzun zion.
Eliza katolikoarekin tirabirak izan zituen munduak 50.000 urte zituela esaten zuelako –asmatu ez arren, Eliza baino gehiago hurbildu zen benetako adinera– eta eboluzioaren teoria defendatzen zuelako, Darwinek argitaratu baino ehun bat urte lehenago ere.
Baina horrek ez du esan nahi Darwini aurreratu zitzaionik. Lecrercek espezieen eboluzioari buruzko teoria berezia zuen: beheranzko eboluzioa edo eboluzio degeneratiboa esan diezaiokegu. Zenbait espezietan –ez guztietan– eboluzioa bazela, aldaketak bazirela onartu zuen, baina aldaketa horiek ez zituzten espezieak hobetu, okertu baizik. Hala, astoak zaldi eboluzionatuak (degeneratuak) ziren haren ustez, eta tximinoak, aldiz, gizakien eboluziotik sortu ei ziren.

Garbi dago emeek ez dutela espermatozoiderik sortzen, eta Lurrak 50.000 urte baino askoz gehiago dituela. Baina Buffoneko kondea, izenak izen, bere garaiko zientzialaria zen, hau da, bere garaiko mugekin egin zuen topo. Gainera, bat baino gehiago gizakiaren eboluzio degeneratiboaren teoria berrikusteko eta aintzat hartzeko prest egongo da, egungo egoerari erreparatuta.