Eguzkian, aldiro-aldiro, leherketa erraldoiak gertatzen dira eta horren ondorioz aldaketak izaten dira Lurraren eremu magnetikoan. Esaterako, iparrorratzek eta GPS sistemek ez dute funtzionatzen, poloen inguruetako aurorak indartsuago azaltzen dira eta latitude baxuagoetan ikusteko aukera izaten da.
Aspalditik ikerlariei kezka sorrarazten zien gertakari baten erantzuleak ere badira eguzki-ekaitzak: Lurra inguratzen duen erradiazio-gerrikotik elektroiak aldi batez desagertzea. 60ko hamarkadatik ezagun da fenomeno hori, baina oraintsu arte ez da jakin nora doazen elektroi horiek: gutxi batzuk atmosferara “erortzen” dira, baina gehienak planetatik aldentzen dira, eguzki-haizearen partikulek bultzatuta.