Munduko aireportu kontzentraziorik handienetakoa dugu Euskal Herrian: bost. Espero zitekeenez, horietatik bi besterik ez dira errentagarriak, Loiukoa eta Biarritzekoa. Foronda, Hondarribia eta Noain, berriz, Espainiako Estatuan bidaiari gutxien dituztenen artean daude, Espainiako AENA elkarte publikoak emandako datuen arabera.
Hala ere, Noaingo aireportua berritzeko eta handitzeko 44 milioi euro erabili zituen Espainiako Sustapen Ministerioak, 2008 eta 2010 artean. Zabaltze-lan garrantzitsuena aparkalekuari zegokion: 118 auto gehiago kabitzen dira orain. Erakusmahai eta kontrol-dorre berriak egin zituzten, eta pista 200 metrotan luzatu. Berrikuntzekin ala gabe, Noainek bidaiariak galtzen jarraitu du. Zehatz esateko, %40 azken hiru urteetan.
Hondarribiko erabiltzaile kopurua, halaber, beherantz doa etengabe, nola beraren defizita gorantz, eta baliteke ixtea ere, AENA pribatizatuko balitz. Madrilgo Gobernu berriak, nolanahi, gelditu egin du oraingoz pribatizazio horri. Era berean, Gipuzkoako Aldundira Bildu iristeaz geroztik geldirik dago Hondarribiko pista handitzeko proiektua.