argia.eus
INPRIMATU
Okene Abrego - Inoren Ero Ni
"Zuzenean grabatzen dugu eta bat-batekotasuna islatzen saiatzen gara"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko urtarrilaren 31

Kantak ez dira ontzen utzi behar? Hobe da bat-batekotasuna?

Azken diskoetan hala egin dugu. Bat-batekotasuna islatzen saiatzen gara, ahal den fresko eta biziena. Musika gehiena zuzenean grabatzen dugu.

Zer kontzeptu landu nahi izan duzue bukatu berri duzuen trilogia edo trigolia honekin? Eta orain zer dator?

Umorearen kontzeptua. Orain ahal den guztia jo nahi dugu, aurreko diskoarekin oso gutxi aritu ginen jendaurrean eta irrikan gaude.

Sindrome, anomalia eta gaitz bereziek zuen interesa pizten dute. Ez da hala?

Halaxe da; umorearen beste adibide bat da. Eroen munduak betidanik piztu du ene interesa.

“Nire hizkuntzak ez du jada mundua esplikatu nahi”. Hainbeste kanta idatzi ostean, zer garrantzia ematen diezu hitzei? Heltzen dira hartzailera?

Beti eman diot garrantzia hitzei, asko, agian gehiegi, baina barruraino iristen zaizkit nire ideiekin bat egiten duten hainbat, eta abesteko unean bizi egiten ditut. Hitzak ez dira heltzen, horretarako gu gaude.

Anarik ere lantzen dituen tempoetan gero eta erosoago aurkitzen zarete? Adibidez, Canto de un funeral ederrean...

Bai, Marianoren ekarpena da. Ez dugu aurreiritzirik musika egiteko, eta hau beste adibide bat da. Tempo desberdinekin lana egitea maite dugu.

Mikelek taldea utzi du eta Guantxek ordezkatu. Mikel taldeko enborra izanik, zer emango dio ipurterre donostiarrak taldeari?

Mikel taldeko enborra eta arima izan da. Zaila zen bera gabe Inoren irudikatzea. Baina Guantxek lasaitasuna emango dio taldeari zuzenekoei begira; buru-belarri ari gara entseatzen eta bere maila handia erakusten ari da. Eta, gainera, unibertso bat gehituko diogu Inoreni, oso aberasgarria izan daitekeena: Mariano pop-rocketik dator, Borja noise-rocketik, Guantxe punk eta rocketik eta ni neu freehardcorejazzetik. Hori guztia ondo nahasten badugu... auskalo.