Munstroa

Gaizkileak mundu guztiak alde egin arte itxaron zuen bere ezkutalekutik atera eta bere krimena gauzatzeko. Familia oneko semea zen, baina desohoreak izena isilarazi du. Antza denez, neskaren edertasunak liluratua, egun osoak ematen zituen berari beha, isilean, zaintzaileen susmo txarrik piztu gabe. Gerora, behin gertatuta, zentzua hartzen du gaztearen hainbat portaerak, kasurako, biktima izatekoaren izena zuhaitzetan, hormetan tema zoroan idatzi izana. Bada, gaua lagun, beste guztiok, ateak ongi itxi ondoren, lotan geundela, erasoa burutu du, atzetik burutu ere, ederraren harrizko irmotasunak, ikusten duzuenez, ezertan atzerarazi ez duela. Orain bera betiko markatuta gelditu da”.

Margaret Tatcherri buruzko film berritik, Meryl Streepen mimetismorako dohainaz gain, eszena bat gelditu zait gogoan. Lehen ministroa izandakoari medikuak “nola sentitzen den” galdetzen dio; ordura arteko dementzia arrastoak eta “amonatasuna” alde batera, oldartzen zaio esanez horixe dela gaurko gaitza, mundu guztia, politikariak jendearen sentimenduez arduratzen direla, inor ez pentsamenduez edo ideiez. Ideologia hitza saihetsi da. Burdinazko Damaren politika sorgorra, XX. mendeko historiaren sarraskiak kontuan hartuta, batek tentazioa eduki lezake ideien kontra lerrokatzeko.

El sueño de la razón produce monstruos. Goyaren grabatu bat da, zeinaren izenburua esaera zaharraren mailara igo den. Maiz, gehienetan gaizki aipatzen da, arrazoimenaren gehiegikerien kontra. Seguruenik gaztelaniaz “sueño” hitzaren polisemiagatik. Goyaren irudiaren parafrasiak argi uzten du loaz ari dela, ez ametsaz; arrazoitik bereizteak sortzen ditu izugarrikeriak, eta ez ideietan ameslari sakontzeak. Gaizki ulertuek eta interpretazio okerrek gauza asko esan ditzakete garai batez.

August Rodinen Pentsalaria eta Calaisko Burgesak, kopia egiaztatuetan, Iruñera ekarri dituzte egunotan, Gazteluko plazara, Gasteizen egon ondoren. Jakin min apur bat sortu dute. Hasierako egunotan, behintzat, jendea pilatzen da, batez ere, Pentsalari ezagunaren ingurura. Datu aski ezezaguna da jatorrizko izena Poeta zuela, hau da, gaurko iruditerian behintzat, hausnarrera baino intuiziora lerratzen omen den izaki inspiratu batena. Eskulturarekin ezarri dudan lehen kontaktuak, lehen kontaktu bisualak, bestelako ezustea ekarri dit.

Gazteluko plazara, Xabier kaleko eskaileretatik gora, sartu naiz eta nire aurrean brontzezko erraldoia ageri da, erabat bizkarrez. Bizkar luze-zabala eta, eserita egon arren, aurreranzko jarreragatik, ipurdi puska ederra. Rodinen lan hau ia ikono pop bat izan arren, milaka alditan kopiatua, omendua eta parodiatua, aitortu behar dut ez nuela atzeko aldea ezagutzen. Harriturik, geldiro hurbildu naiz. Bitartean, ume batzuek aurrea hartu didate, korrika, “goazen munstroa ikustera” oihuka.

Praxitelesen Venusen eskultura Knido hiriko tenplu batean zegoen. Luziano Samosatakoak dio jainkosaren atzealdeko edertasunak ere ikusi, irudia bere osotasunean begietsi nahi zuenarentzat aukera bazegoela eskatu eta atzealdeko ate batetik sartzeko. Hala egin eta, luze miretsi ondoren, ipurmasail batean orban bat hauteman dute. Guztiarekin ere, Praxitelesen zuhurtzia goraipatu dute, perfekzio biribilenean ere hutsak egon litezke onartzeagatik edo, bestela, marmolaren akatsa gutxien nabari litekeen aldean ezkutatzeagatik. Tenpluko zaintzaileak, ez bata ez bestea, egiazko istorioa kontatu die.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude