|
I
Jaio berri den ume txiki bat
beso artean, goxoen...
Lehendabiziko aldiz hasi da
negarrez, ohikoa omen...
Gelan aditu dira Lazkao
Txikiren hitzak ondoren:
“Negarrez nola hasi zerade
bizitzen hasi baino lehen?”..
|
II
“Piruleta bat, piruleta bat!”
Lau urteko neskatoak.
Aitak: “Ez, beste egun batean”
Zilipurdiak, saltoak...
Neskari irten zaizkio atzo
irtendakoen kalkoak,
oinazearen forma daukaten
gezurretako malkoak.
|
|
III
Bertsolari bat final batean,
oholtza gainean, serio...
Buruz-buruko bat jokatu du,
frontoia bertso jario,
txapela jantzi diote, txalo,
oihu pila datorkio...
Malkorik ez du isuri baina
begiak busti zaizkio.
|
IV
Aitona joan zaion biloba
loreak heltzen bi esku,
pauso laburrez hilerriraino
azal-zuri, barru-estu...
Badaki pasa behar zuela
(adinak bueltarik ez du).
Alferrik ari dela negarrez...
Baina ezin du saihestu.
|
|
V
Maiteminduta dagoen mutil
batek, neskari aitortza.
Neskak: “Orain ez, agian noizbait”.
Puntadun erantzun motza
pasatu dira hilabeteak,
iritsi da negu hotza,
lehortu dira malkoak baina
odoletan du bihotza.
|
VI
Malko gazia, malko gozoa
min hartzea, poz hartzea…
Egin behar ez dena: malkoa,
itxurakeriaz sartzea,
baizik lotsari ateak itxiz,
beldurrari oldartzea,
datorrenean ateratzeko
oztoporik ez jartzea.
|