"Nortasunak darama artera"

  • Batutari heldu eta munduan bueltaka dabil.

Marisol Ramirez / Argazki Press

Hara, publikoari bizkarra emanda bizi den bat!

Ez dakit nola ez zaidan bizkarrean begi bat atera. Ikusi gabe gehiago sentitzen delako, agian. Txalo bakoitzaren esanahiaz jabetzen zara, isilune bakoitzak dakarren emozioaz... Magia publikoa arnastean datza.

Orkestra zuzendaria izatea magia egitea dela sinestea nahi duzu, ala?

Musikarekin eta orkestrarekin erabat konprometituta egon, perfekzio teknikoa eta inteligentzia emozionala konbinatu, eta aplikazio teknikotik harago doan zatia bisualizatzen duena da zuzendari ona. Horregatik, magiari lana esaten diogu.

Ez esan auto arrunt batekin Ferrari bat egiteko gai zarenik!

Ferrari batekin auto arrunt bat egin dezakedan bezalaxe. Batuta dantzatzea baino askoz ardura handiagoa da nirea. Burukomin asko dago oihalaren atzean, nire lana ez baita obrak irakurtzea, interpretatzea baizik.

Zuk ere norbere zigilua edukitzearen garrantzia aipatu behar didazu?

Zergatik uste duzu zuzendari bakoitzak obra bera bere erara interpretatzen duela? Zergatik ez dut obra bat orain dela bost urte bezala interpretatzen? Nortasunak darama artera.

Nortasun handiko eta arte gutxiko batzuk ezagutzen ditut.

Gurean, zigilurik ez daukanak jai dauka. Obra bakoitza bizitza pertsonalaren pentagrametan islatzen da. Obra bera eta teknika erabat barneratuak ukan behar dituzu, zure baitatik birsortu daitezen. Zure baitatik sortzen ez dena nekez da sinesgarria.

Baina zer da sinesgarritasuna zelofanezko mundu honetan?

Ez akomodatzea, ez pertsonalki, ez profesionalki. Obra batek kontzerturo emozionatu behar zaitu, kontzerturo eman behar diozulako bizitza propioa, hori delako nostalgia kolektiboan eragiteko bidea. Berebizikoa ez dena kontzertu galdu bat da.

Ados, baina mundu mailako ospea eta kritikaren laudorio etengabeak dituzuenei dena barkatzen zaizue.

Ororen gainetik musika maite dugunok ez dugu hori ikusten. Zenbat eta bide gehiago jorratu, orduan eta gehiago geratzen zaizu jorratzeko, ezagutzak zuhurtzia dakarrelako, eta maitasunak begirunea.

Eta zure kontzertuetara joateak kokapen soziala.

Musika klasikoari elitismoa itsasten zaio, baina guri dagokigu musika klasikoa denon bihotzetan sartzea, denon bizitzetako protagonista bihurtzea. Edozein pertsonaren formaziorako ezinbestekoa den ekintza pedagogiko eta kreatiboa da gurea.

Horregatik entzuten da hain musika klasiko gutxi irrati orokorretan?

Inguru akustiko izugarri oldarkor, agresibo, eta kakofonikoan bizi gara.Gure buru-belarriak mimatzea ahantzi dugu. Noiz oroituko gara domadoreak musikarekin baretzen dituela piztiak?


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude