Haizearen indarra berriztagarria da, neodimioa ez

  • Munduko gerra ageriko eta ezkutukoen zerrenda luzean gehitu ezazu honakoa: lur arraroena. Eskandioa, prometioa, neodimioa, samarioa, galioa, telurioa... izen xelebreko mineralak baina egunero darabiltzagun tresnen bihotzak mugiarazten dituztenak. Arraro deitzen zaie urri daudelako baino, eskuratzen zail eta garestiak direlako.

Herrian hiru haize-errota erraldoi jartzearen kontrako kanpaina egin duen Weston Turbines - Say No taldearen gunetik hartuta dago ondoko irudia. Aldean jartzen ditu 125 metroko eihera erraldoiaren altuera batetik eta bestetik bi solairuko etxe batena, Weston herrian bertan daukaten ur deposituarena (ohiko ur biltegi bat) eta Londresen ezagunak diren hiru monumentuenak: Nelsonen zutoina, Big Ben dorrea eta London Eye behatoki mugikorra. Haize-errotak duela mende asko asmatu ziren arren, azken urteotan ingeniariek argindarra sortzeko diseinu berriz egokitu dituztenean, makina gero eta handiagoetan pentsatuz garatu dute teknologia. Mundu osoan energia kontrolatzen duten konpainiek egitura oso zentralizatuak nahi dituzte: familia bakar baten edo komunitate txikien esku funtzionatu lezaketen egitura autonomorik apenas ikusten den.

Energia berriztagarriek badute mugarik? Berriztagarri den zerbaitek esan liteke amairik gabea behar duela. Baina berez berriztatzen den energia bildu, pilatu eta banatzeko egiturak material ez berriztagarriz eginak daudenez, mugak azaltzen dira bere erabilpenean.

Berrikitan gaztelaniazko Falacias Ecologistas (Engainagarri Ekologistak) blogean muga horiez eztabaidan ari zirela, alegia lur arraroak direlakoen urritasuna oztopo izan ote daitekeen energia berriztagarriak heda-tzeko, hortxe azaldu zen neodimio izeneko minerala. Haizearen energia biltzen duten errota modernoenek hori darabiltelako.

Haizerrotek industrializazioaren aurreko mundua irudikatzen zuten, eta muga hori gainditu behar izan zuten lehenbizi aerogeneratzaile modernoek. Energia arras merke eskuratzen zenean ekologistek beste inork ez zituen aipatu ere egiten. Beranduago, erregaiaren 1970ko krisiaren ostean, petrolioa edo nuklearra ustiatzen dituzten korporazioak berak hasi ziren eolikoak garatzen.

Eolikoaren muga bakarra haizearen kapritxoan datzala esan da maiz. Eguraldi barearekin, indarrik ez. Hesi hori ingeniariek gainditu zuten sare elektriko zabaletan integratuz zentral termikoekin, hidraulikoekin eta nuklearrekin elkarlanean jarririk haize-errotak. Orain aipatzen duten muga, aldiz, oso bestelakoa da.

Berez sinplea den haize-errota gero eta tamaina handiagoetan ahalik eta modurik eraginkorrenean lanean edukitzekotan, haren generadoreak sofistikatuagoa behar du izan. Esate baterako, abiadura aldagailuz hornitutako generadoreetako pieza mugikorrak azkar higatzen dira, haize-errotak matxuratuz. Konponketa lan garestiak sortzen dituzte, zer esanik ez itsasoan baldin badago haize-errota.

Hori dela eta, eihera handienetako motorretan zuzeneko transmisioa usatzen da, horretarako iman bereziak ipinita. Hain zuzen neodimioa daraman altzairuz egindako imanak. Teknologia honekin generadoreek aurrekoen erdia pisatzen dute.

Neodimiozko imanak daramatzate azken belaunaldietako haizerrotek. Besteren artean, gero eta generadore handiagoak egiteko joeragatik. Ingurumenaren Europako Agentziak proposatzen duenez, 2030. urtean ohikoa izan behar du 10 megawatt baino gehiagoko haizerrrotak ipintzea. Esan nahi baita, ia 200 metroko altuerako munstroak.

AEBetan 2030erako kontsumitzen duten energiaren %20 eolikoa izatea nahi luketen proiektuak badira, tartean 20% Wind Energy by 2030. Aldekoek, ingurumenarentzako abantailak eta sortuko liratekeen zientoka mila lanpostuak famatzen dituzte. Kontrakoek, egin beharreko inbertsioen gogorra salatzen. Eta benetako mugak fisikoak balira? Haizearen indarraren alderantziz berriztagarriak ez diren material ba-tzuetan?

Txinan erosi beharko duzu

Iman berezietan erabilitako neodimimioa omen da lur arraro deituetan usuen aurkitzen dena. Askoz bereziagoak izan behar dute zerrendako gainerakoek. Arraroak, baina beharrezkoak batik bat teknologia aurreratuko tresna eta lanabesak ekoizteko.

Horiez idatzi du The Oil Crash izendatu arren gaztelaniaz den blogean Antonio Turiel fisikari eta matematikariak: La guerra de las tierras raras. Turielen ustez, ez baitira petrolioa eta gasa, oro har energi iturri fosilak, produkzio gailurrera –Peak Oil– iritsi diren bakarrak. Beste lehengai asko ari dira urritzen.

Lur arraroak bereziak dira, ez hainbeste munduan urri daudelako baizik haien ustiaketa konplikatua delako. Salbuespenen bat kenduta, mineral horien meategirik ez da, gehienak eskuratzen dira gai ohikoagoen babesean. Esaterako, aluminioaren produkzioarekin lotuta dago galioa, zinkarenarekin kadmioa, indioa eta germanioa, berunarekin tungstenoa eta molibdenoa, eta abar.

Lehengaiok modu ia testimonialean ekoiztu izan dira urte luzez, harik eta azken hamarkadotan materialen zientziak jauzi izugarriak egin dituen arte. Gaur laserretan, zuntz optikoan, telebistetan... oro har, elektronikan oinarritutako milaka aparailutan derrigorrezkoak diren lehengaion kontsumoa esponentzialki ugaritu da.

Mendebaldeko herrialdeetan kezkatuta daude mineral arraro gehienak gaur Txinaren esku daudelako. Haize-errotak ugaritu nahi ditugu, auto hibridoak, eguzki panelak... baina horiek ekoizteko beharrezko lehengai jakin batzuk Txinak kontrolatzen ditu. Pekineko agintariek, gainera, horietako gai batzuk esportatzea galarazi dute: mineral arraroa daraman eletrogailua saldu dezakezu atzerrian, baina minerala bera ez.

Antonio Turielek artikulura dakar lur arraroez gehien omen dakitenetako bat, The Lifton Report buletina argitaratzen duen Jack Lifton. Honek diosku oso gutxi direla lur arraroen merkatua ulertzen dutenak.

Lehenago esplikatu denagatik: ez bismutoa edo telurioa, bi aipatzearren, ez dira inon ageri horien meategiak errentagarri egiterainoko kontzentrazioetan. Berun meategietan beste lur eta mineral gehiagorekin nahasian azalduko da bismutoa, berdin telurioa molibdeno meategietan. Txinatarrek bai ulertu dute ondo mineral horien merkatua, eta egin dutena izan da joan eta merkatua kontrolatu, gai eta leku askotan produkzio osoa erosi eta horrekin hasi negoziatzen.

Horien garrantzia eduki al da kontuan teknologia berri batzuk eskala oso handitan zabaltzea erabaki denean? Antonio Turiel eta beste batzuek diote ezetz. Haize-errota modernoenak neodimioaren morroi diren moduan, eguzki plaka modernoenak telurioa bezalako mineralen neskame dira. Baina gerta liteke horietatik aski ez egotea, edo egotekotan izugarri garesti ateratzea, errentagarritasun kalkuluak hankaz gora jarririk.

Eta hori alde batera utzirik mineral hauen ekoizpenak ingurumenean sortutako kalteak. Britainia Handian Windfarm Action Groupek joan den urtarrilean azaldutako salaketa baten titulua: “Txinan pagatzen dute Erresuma Batuan energia garbiarekin egin esperimentua: kutsadura ikaragarria”.

Turielek bukatu du artikulua Londresko The Timesek 2010eko otsailaren 28an plazaratutako titularrarekin: “Kontsumismoaren akabera heldu da”. Iritzi hori atera zuen Leo Lewis kazetariak Tokion bildutako munduko inbertsore handienen bileran. Smartphoneak bezala misilak biziarazten dituzten mineralak urriak dira eta Txinak kontrolatzen ditu. Txinarekin baliabideengatiko gerran sartuko gara erremediorik gabe.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude