argia.eus
INPRIMATU
Tempo eta giro desberdinak: freehardcorejazz
  • Inoren Ero Ni :: Fregoli

    Bidehuts.


    Iraupena :: 21’28’’.


    12 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko urtarrilaren 31
Bap!-eko Abrego anaiek eta Drakek sortutako taldea beti bereizi da Euskal Herriko rockean zizelkatuta gelditutako hiru hizkietatik. Are gehiago, orain, taldean hiru horietatik Okene abeslaria bakarrik dago. Anarirekin egindako ibilbidea tartekatuz, bueltan dira transformismoaren sortzaileari omenaldia egin eta musikarekin disfrutatzen jarraitzeko. Lehenengo diskoan lantzen zuten erritmo biziko post-hardcoretik arrastorik gelditzen bada ere (freehardcorejazz Okeneren hitzetan), soinuz eta giroz asko ireki da taldea, izugarri. Tempo pausatuak, inprobisazioa, jazz puntua, gitarra distortsionatuak, noisea, rocka… eta finean sudur puntan jartzen zaiena, batez ere giro desberdinak landuz. Oraingoan ere euskara nagusi bada ere, bada gaztelaniazko kanta eder bat. Eta, jakina, biniloarekin CDa oparitzen dute.
"Zuzenean grabatzen dugu eta bat-batekotasuna islatzen saiatzen gara"

Kantak ez dira ontzen utzi behar? Hobe da bat-batekotasuna?

Azken diskoetan hala egin dugu. Bat-batekotasuna islatzen saiatzen gara, ahal den fresko eta biziena. Musika gehiena zuzenean grabatzen dugu.

Zer kontzeptu landu nahi izan duzue bukatu berri duzuen trilogia edo trigolia honekin? Eta orain zer dator?

Umorearen kontzeptua. Orain ahal den guztia jo nahi dugu, aurreko diskoarekin oso gutxi aritu ginen jendaurrean eta irrikan gaude.

Sindrome, anomalia eta gaitz bereziek zuen interesa pizten dute. Ez da hala?

Halaxe da; umorearen beste adibide bat da. Eroen munduak betidanik piztu du ene interesa.

“Nire hizkuntzak ez du jada mundua esplikatu nahi”. Hainbeste kanta idatzi ostean, zer garrantzia ematen diezu hitzei? Heltzen dira hartzailera?

Beti eman diot garrantzia hitzei, asko, agian gehiegi, baina barruraino iristen zaizkit nire ideiekin bat egiten duten hainbat, eta abesteko unean bizi egiten ditut. Hitzak ez dira heltzen, horretarako gu gaude.

Anarik ere lantzen dituen tempoetan gero eta erosoago aurkitzen zarete? Adibidez, Canto de un funeral ederrean...

Bai, Marianoren ekarpena da. Ez dugu aurreiritzirik musika egiteko, eta hau beste adibide bat da. Tempo desberdinekin lana egitea maite dugu.

Mikelek taldea utzi du eta Guantxek ordezkatu. Mikel taldeko enborra izanik, zer emango dio ipurterre donostiarrak taldeari?

Mikel taldeko enborra eta arima izan da. Zaila zen bera gabe Inoren irudikatzea. Baina Guantxek lasaitasuna emango dio taldeari zuzenekoei begira; buru-belarri ari gara entseatzen eta bere maila handia erakusten ari da. Eta, gainera, unibertso bat gehituko diogu Inoreni, oso aberasgarria izan daitekeena: Mariano pop-rocketik dator, Borja noise-rocketik, Guantxe punk eta rocketik eta ni neu freehardcorejazzetik. Hori guztia ondo nahasten badugu... auskalo.