argia.eus
INPRIMATU
Duela

Joxemari Ostolaza 2012ko urtarrilaren 31

urte asko Menotti futbol entrenatzaile argentinarrari futbol jokoaz idatzi liburuan irakurri nion, taldea musika orkestratzat hartzen zuela, eta bere lana jokalariak batera jotzen jartzean zetzala. Horretarako bakoitzari egokien zihoakion zeregina zehaztea zela gaitzena, taldeak berea ongi beteko bazuen. Madrilgo Bernabeu zelaian Real Madrilek Barçaren kontra jokatutakoa ikusi ondoren, Guardiolaren partiturak harritu ninduen. Ez zen hainbeste jokalarien kokapenek Barçari balio berezia ematen ziotela, orkestrako zuzendariak aukeratutako errepertorioak baino. Real Madrilek musikari bikainez osatu txaranga zirudien, zuzendariak hautatu eta prestatu errepertorioak taldea txaranga eta joleak, solistak barne, txosnatako musikariak izatera kondenatzen zituen. Barçako Abidalek sarturiko bigarren golari erreparatzea aski da, partidan lau bikote ezberdinek jotako pasarte bera izan baitzen Messi eta Abidalen artean bururatutakoa, gola izan zena. Halere, holako partitura jarraitzeko belarri finekoa behar du, sortzaile lana ulertzeko berorren ispilutik hara ikusteko begi onekoa, jardunen estetika efikaziaz integratzeko gauza. Menottik arrazoi: futbola ere arte ederra izan liteke.