Zilbeti

Aspalditik bizi naiz handik at, eta gutxitan, gero eta gutxiago, joaten naiz hara, baina, txikitako bizipenek erabat markatzen omen baikaituzte, niretzat Zilbeti zerbait funtsezkoa da. Txikitan sakonago hartzen nuen arnasa hara joaten nintzenean. Adi mendira begira, hiriko bizimodu estuak katramilatzen zizkidan korapiloak desegiten sentitzen nituen, eta saltoka eta kantuka abiatzeko gogoa pizten zen ene baitan.

Horregatik, Zilbetiri zor dizkiodan bizipen funtsezkoengatik, bertan harrobi bat egin behar zutela esan zutenean urradura moduko bat sentitu nuen erraietan. Gero gauzek okerrera egin dute. Harrobiaren kontua dela-eta herria bitan partiturik dago, eta hori herri txiki batean tragedia handia da. Herriari lotutako guztiok posizioa hartu dugu, eta horrek zail bihurtu ditu harremanak gure artean. Batzuek konpromiso handiagoa hartu dute, edo jendaurrekoagoa, baina gure engaiamenduari (argi esanen dut: harrobiaren kontra nago ni) isilxeago eutsi diogunok ere sakon sentitzen ditugu deserosotasuna eta samina. Harrobiaren aldekoen artean, lagun izan ditut asko. Lehen normal eta aise zihoazen harremanak gaiaren inguruan ezinbestean sortutako tabuak zail eta deseroso bilakatu ditu.

Jendearen harremanetan eginda dago gaitza, eta zaila izanen da urratutakoa berregitea. Ingurune naturala ere kalte larriak nozitzeko bidean da, krisia estakuru eta lagun.

Izan ere, harrobia defendatzen duten askok lanpostuen alde egiten dutela diote. Lanpostuena beti izan da argudio bikaina edozein gauzatarako (are bikainago krisi garaietan). Garoñakoek ere zentral nuklearreko lanpostuak defendatzen omen dituzte. Eta enpresaburu askok behin eta berriro esaten digute lan-merkatua malgutu behar dugula (hau da, laneko egonkortasuna makaldu eta langileen segurtasuna urritu) lanpostuak sortzeko. Baina Zilbetiko balizko harrobian sortuko diren lanpostuak zein Zubiriko fabrikakoak etorri bezala joango dira enpresaren jabeei hala komeni bazaie (galdetu Baiona aldean...). Eta badago lanpostuak beste modu batean sortzea orain arte nagusitu den garapen suntsikor eta suntsigarriari (garapen iraunkorra edergarria baino ez da maiz boteredunen proiektuak zuritzeko) lotu gabe.

Lanpostuak sortzea ezin baita izan edozein gauzatarako arrazoi. Ez, adibidez, harrobi batek ehunka urtez osatutako pagadi babestua eta desagertzeko zorian dauden bertako animaliak desagerrarazteko. Hori defendatzen dutenek, edota beste alde batera begiratuz horretarako lekua ematen dutenek, erantzukizuna dute, guztiok dugun bezala, Lurrarekin eta etorkizuneko jendearekin. Daniel de Roulet ingeniari suitzarrak, Ez duzu deus ikusi Fukushiman itzuli berri dudan liburuan, hau dio energia nuklearraz eta Fukushiman orain (eta Three Mile Islanden eta Txernobylen lehenago) gertatutakoaz: “Geure tranpan harrapatuak izan gara: sistema bati lagundu diogu jakinik sistema horrek heriotza izugarria zekarrela bere baitan, eta aldika baino ez dugu izan adorerik geure idealen alde egiteko”.

Ni ez nago prest idealei izkin egiteko, eta larria iruditzen zait beren burua ezkerreko edota abertzaletzat jotzen duten alderdi eta sindikatu batzuengan igartzen dudan epelkeria ingurumen-gaiez bezainbatean (galdetu Castejónen edo Iruñeko Arantzadin...). Eta ez dut hau guztia esaten Zilbetiko bazterrak (eta jendeak) maite ditudalako (horregatik ere bai), baizik eta, berriro ere, denona den zerbait suntsitzera doazelako atzerakorik gabe.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude