argia.eus
INPRIMATU
“Finantza sistemak belauniko jarri ditu estatuak”
Mikel Asurmendi @masurmendi 0000ko ren 00a

Zergatik ezkerra ez da gauza eskuinaren menpekotasunez harago joan, eta berezko politika egiteko?

Hau da, zergatik galdu du PSOEk ezkerreko izaera Gobernuan izan denean? Zergatik ez zuen jakin aurreikusten AEBetatik etorritako krisi globala? Europar Batasuna (EB) prestatu gabe harrapatu zuena. Bada, Europan gaudelako eta, besteak beste, ezkerrak ezkerreko politikak ezartzeko ahalmenik ez duelako, ez ongi-izate estatuari eusteko ezta Greziak eta gainerakoek zor publikoari ezin eutsiz behera etorri direnean laguntzeko ere. Krisia heldu zen, baina Europako Bankuak neurriak berandu hartu zituen. Halere, PSOEren Gobernuak ez zuen jakin garaiz jarduten, ez Europako beste alderdi sozialistekin koordinatzen. Europako politikak Merkel eta Sarkozyk ezarritakoak dira. Espainia G20an dago, baina ez dio onurarik ekartzen gure ekonomiari. Egoera aldatzeko ezkerraren baloreak eta borrokarako grina batu behar ditugu berriz ere.

Espainiako demokraziak bipartidismoan oinarrituta segitu behar al du? Ez dago beste modurik?

Alderdi sozialistak Espainian gobernatu nahi badu bipartidismoaren alde egin behar du, baina bipartidismo demokratikoago bat landuz. Demokrazian sakondu behar du, erreforma elektoralak proposatuz: M15 mugimenduak eskatu zituenak. Bipartidismo berriak ezker anitza behar du, ezkerreko indarren kolaborazio hobeagoa, bereziki IUrekin. Adibidez, ez dadin Extremaduran gertatua errepikatu, PSOEk PPko Gobernua “onartu” baitu. Ez dadin hori Andaluzian gertatu ere. Hori horrela, eta Europan gaudela ahaztu gabe. Krisi ekonomikoaren soluzioa emango bada Europa osoan emango da, Europako alderdi sozialisten arteko kolaborazioaren bitartez, bestela ez da krisia gaindituko. Edo ez dugu eraiki genuen estatuaren ongi-izatearen eredua berreskuratuko, horiek gainbehera doaz. Herritarren parte handienak funtsezko zerbitzu publikoak galtzen baditu, pribatutasuna gailenduko da Europan.

Zein dira bide horretatik ateratzeko urratsak?

Sistema ekonomikoa eraldatzea: merkatu espekulatibo finantzarioak eta paradisu fiskalak kontrolatu behar dira, herrialdeen arteko fiskalitatea homogenizatzen eta koordinatzen. Porrotera garamatzan sistema kapitalista eraldatzeko modu bakarra da. Aldaketak kimera ematen du, baina ezin diogu uko egin. Sistema finantzarioak estatuak belauniko jarri ditu. Hasteko, lehen neurriak Europako Parlamentuak hartu behar ditu. Neurri konplexuak, baina ezkerraren bidean baino garatuko ez direnak.

Herritarrak jabetzen dira horretaz?

Nik EBko Gobernua herritarrek bozketa zuzenaren bidez aukeratzea nahi nuke. EBko Gobernuaren instantziak demokratizatu behar dira, nahas-mahas handia dago han eta herritarren ezagutzatik urrun daude. Bruselako botere organoak demokratizatu behar dira eta horien segimendua egin, baita hedabideetatik ere. Talde bakoitzak zer bozkatzen duen jakin behar dugu. Orain arte bigarren mailako parlamentutzat jo izan da, baina orain herritarrak jabetzen ari dira han oso gauza inportanteak ebazten direla. Euskadin autonomia eta fiskalitate ona ditugu, baina kontuz, EBko Gobernuak zalantzen jartzen baditu...