Fikziotik errealitatera

Niri, Beñatek argudiatu duen bidetik urrun, baina gero eta gehiago hazten ari zaidan neurekoikeriaz, nostalgiaren aldeko argumentuak pilatzen ari zaizkit, denei ezin erantzuteko moduan: zifra makroekonomikoak nire familiaren alde zeuden garai harekiko mira adibidez; edo are gehiago, azken aldian pentsatzen hasita nago nire bizitzako frustrazioa aristokrata bokazioari uko egin behar izana dela, ez dut ekintzaile (utziko didazue gaztelaniaz jartzen: emprendedor) arimarik. Marianismoak Espainia merkatuetan surfeatzen noiz jarriko zain (eta horrek lana sortu), momentuz lankideak nola kaleratzen dituzten begiratzen dut (oraindik ez naiz iritsi gure gaitza funtzionarioei kutsatzeko desio zitala izatera); eta bitartean nostalgia bezain iraultzailea den ihesbideei lotzen natzaie umorista batek gobernatzen duen herrialdean: futbola edo literatura. Ez dut krisiari buruz eransteko ezer berririk. Eta Beñat amaierez aritu zela aprobetxatuko dut aste honetan amaitu den prozesu bati buruz idazteko, Marta del Castillorena.

Beñatek esan bazuen Gartxot ikusi gabe zegoela, Cronenberg, von Trier eta Polanskiren pelikulei lehentasuna eman zielako, utziko didazue niri ere snob xamar jartzen (irain nazakezu Beñat) nire aristokrata arima frustratuaren salatari, eta esaten Perez Galdosen El crimen de la calle de Fuencarral irakurriz ari nintzela erreparatu niola epaiketa betean zegoen kasu luze honi; gero Kordobako haurrak desagertu ziren, telebistan erreleboa hartuz bezala.

Perez Galdosen kronikak fikziotzat leitzen nituen, aurkezten duten pertsonaia sorta mozkorgarria, narrazioaren erritmoak, duela mende pare bateko distantziak... errazten dute hori. Rafael Reig-ek prologoan dio: “Dashiell Hammett da, Chamberi bertsioan. Higinia neskame hiltzailea, kartzelatik sartu eta irten dabilen semea, Millan Astray, legioa sortu zuenaren aita...”. Badirudi hilketa bereziki korapilatsuek sortzen duten kuriositate morbosoa ez zela Alcaserren hasi. (Nire arima aristokratikoak gogorarazten dit protesta moduan fikziotzat ikusten nituen beste krimen batzuk Power, privilege and justice programakoak zirela, Dunnek aurkeztuak).

Eta horrela iritsi nintzen Marta del Castilloren kasura: Higiniarekin bezala, munstro sorta bat sortu da, adin txikiko kide eta guzti, nola hazten zen ikusi duguna, Barbara Goenaga bezala (baina maitasun gutxiagorekin); ikusi ditugu epaiketan desfilatzen, ordaindu egin zaie platoetan irainduak izan zitezen... eta Nacho Abad ikusi dugu batez ere, adibidez epaiketa zuzenean jarraituz SMS bidez.

Eta errealitatera jaitsi naute kolpetik lintxamendu gabe amaitu den gorroto pilaketa honen amaieran (Rene Girard-en Chivo expiatorio aipatzera nindoan, baina Camps bere kontrako epaiketan autorearen gaiari buruzko liburuarekin ikusi ondoren, nire arima aristokratikoak ez dit uzten, nahikoa du egiten ari naizen gainerako aipuekin), gogora dezagun, akusatuak jarraitzen ari ziren estrategiaren aurrean, tortura kasik hitza esanez eskatu den kasuan. Eta biktimaren gurasoek egitea normala iruditzen zait (hori topikoa da), baina gainerakook pentsatu behar genuke zergatik epaia entzun eta hasi garen justizia sistemak onetik duen bakarra erasotzen, eta jendea hiru hilabetera agertu den taxista baten lekukotza hutsik kondenatzeko eskatuz, eskuak zaplastako antzuetan airean astinduz bezala, fikziozko emozioa errealitateak zapuzturik; eta pentsatu behar genuke Higinia bezala garrotean ikusi nahi genukeenak ez hala bukatzeak, gu geu babesten gaituela.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude