Euroaren esklabotza edo...

  • Mendebaleko ekonomia kapitalistak bizi duen krisialdi ekonomiko sakona jorratzen da Larrun honetan, 70eko petrolioaren krisitik finantza globalizazioak euroa paretaren kontra jarri duen arte. Hainbat autoreren artikulu eta liburu erabili dira horretarako, hauek beren zabalkunderako emandako CC lizentzia moldeak erabiliz. Batzuetan artikuluak osorik itzuli dira, beste batzuetan hainbat atal eta zenbaitetan laburtu ere egin dira.

Nola bilakatu zen 2007ko AEBetako finantza krisi bat, mundu mailako finantza eta ekonomi krisi larria? Erantzun bila atzera jo behar da ezinbestean eta 70eko hamarkadan munduko ekonomiak izan zuen bilakaera aztertu. Ertz askotako galdera da paragrafoaren hasieran aipatutakoa eta horretarako Quienes son los mercados y como nos gobiernan, Icaria-Asaco (Zein diren merkatuak eta nola gobernatzen gaituzten) liburura jo dugu. 100 orrialdera iristen ez den liburuxka da eta modu samur, pedagogiko eta kritikoan jorratzen ditu egungo krisiaren nondik norakoak. Luis Buendía Garciak sinatzen du liburuko kapitulu hau eta honakoa da laburpena:

“1973 eta 1979an petrolioaren prezioen igoerak eragin itzela izan zuen munduko ekonomian sortu zen krisialdi sakonean, baina baziren krisi sakona iragartzen ari ziren beste faktore batzuk ere. Funtsean Munduko II. Mundu Gerraren ondoren izandako hazkunde eredua agortua zen, errentagarritasunak behera egin zuen eta, ondorioz, garai bateko hazkunde ekonomikoa oso txikia izan zen; langabeziak eta inflazioak oro har gora egiten zuten.

Egoera horri aurre egin eta errentagarritasun maila handiagoak finkatzera etorri zen gerora neoliberalismo moduan ezagutu den ekonomi eredua, arau ekonomikoen desegitean, pribatizazioetan eta merkatuen liberalizazioan oinarritua. Ronald Reagan eta Margaret Thatcher buru, AEB eta Erresuma Batua izan ziren eredu honen bultzagile nagusiak 80ko hamarkadaren hasieran eta oraindik ere indarrean dirau mundu osoan.

Prozesu horren guztiaren ezaugarri nagusietakoa soldaten doikuntza izan da eta, haren eraginez, azken hiru hamarkadetan, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA, OCDE bere ingeleseko sigletan) herrialdeen nazio errentan, soldaten pisua 12 puntu jaitsi da. Ongizate estatuetan murrizketa erraldoiak izan dira, pribatizazioak ere bai, eta lan merkatuaren malgutzeak langileen eskubideen atzerakada itzela ekarri du oro har.

Horrekin guztiarekin batera, finantzen nagusitzea eragin duten bi arrazoi nagusi gertatu ziren: bat, finantza munduaren desarautze itzela bultzatu zen; bi, ohiko jardun ekonomikoen errentagarritasunaren jaitsieraren ondorioz, kapitalak finantza esparrura egin zuen ihes, azkenean ekonomia guztia kontrolatu arte. Kapitalak esparru ugaritan hartu ohi du babes, eta horietan etengabeko burbuilak sortu izan ditu, horien artean ezagunenak etxebizitza eta higiezinenak izan daitezke, baina ugari dira.

Azken hamarkadetan diruari era guztietako erraztasunak utzi zaizkio atzera-aurrera samur egiteko, eta horren ondorioetako bat izan da mundu guztian eman diren zorpetze prozesuak. Herrialde garatuetan kanpo zorraren arazoak pobretze ikaragarriak eragin ditu eta, oro har, herrialde garatuetan zorra ekonomia errealaren oso gainetik hazi da, familia, enpresa, banku eta estatu osoen zorpetze prozesu larriak eraginez”.

Ondorioa: 1939ko krisialdiaren ondoren, kapitalismoak ezagutzen duen krisi latzena bizi duela munduko ekonomiak. Eta finantza merkatuek munduko ekonomia goitik behera menderatzen duten egoerara iritsi gara. Nortzuk dira, baina merkatuok? Funtsean honakoak: merkatal banku handiak, inbertsio bankuak, aseguru konpainiak, pentsio funtsak eta funts espekulatzaileak. Nagusiki lau aktibo mota saltzen dituzte: dibisak, akzioak, estatuetako bonoak eta produktu deribatuak deitzen direnak. Iragan abenduko gaztelaniazko Le Monde Diplomatique-ko bere ohiko editorialean Ignacio Ramonetek bi datu ematen ditu irakurleak konparazio egin dezan: mundu mailako ekonomia errealak 45 bilioi euroko aberastasuna sortzen du urtero; denbora berean, planeta osoko finantzen eremuan merkatuek 3.450 bilioi euroko kapital mugimendua eragiten dute, hau da, ekonomia errealak sortzen duena 75 aldiz. “Ondorioa –dio Ramonetek–, boteretsua izanagatik ere (Italia munduko zortzigarren potentzia ekonomikoa da), inongo estatuk ezin die eutsi merkatuen oldarraldiei hauek modu bateratuan erasotzea erabakitzen dutenean, eta hori da gertatzen ari dena mespretxuz PIIGS (txerriak, ingeleses) deitzen dituzten herrialde europarrekin: Portugal, Irlanda, Italia, Grecia eta Espainia”.

EB-ko 2011ko azaroko gailurra

Tximeletaren hegaldiak 2007ko AEBko subprime-n krisialdia erauzi bilakatu du eurogunean eta 2001ean moneta bakarra munduko mirari ekonomiko gisa saldu bazen ere, hamar urte geroago hondarrean zulotik atera ezinean ari da moneta gaztea. Gailurrez gailur, 2011ko azaroaren 8an eta 9an Europako Batasunak hil ala biziko gailurra taularatu zuen Bruselan, merkatuak lasaitzeko helburu bakarrarekin eta gisa honetako mezua igorri guran: “Lasai egon zaitezte, euroak erantzun dezake eta zuen zorrak ordainduak izango dira, ez da berriz Greziarekin izandako zorraren berregituraketa molderik (bankuekin) izango. Eta hori segurtatzeko begira zer egiteko prest gauden”.

Europako Batasunak, azken mende erdiko neurri gogorrenak jarri zituen indarrean merkatuok asetzeko: bat, estatuetako aurrekontuen defizita BPGren % 0,5era mugatzea eta arau hau konstituzioetara eramatea; bi, defizitak aurrekontuen % 3 gainditzen badu finantza zigor gogorrak; hiru, EBZren izaera ez ukitzea; lau, lan merkatuekiko malgutasun gomendioak …

Zein izan zen “merkatuen” erantzuna? Euroaren kotizazioaren beherakada; arrisku tasen igoera, burtsen beherakadak, agentziek euroguneko herrialdeei kalifikazioa jaistea… Eta Bernard Cassen-ek, urtarrileko Le Monde Diplomatique-n ondorio larriak ateratzen ditu euroarentzat:

“Arduradun politikoek eta agintariek ez dute europar moneta bakarraren egokitasunaz publikoki atzera egin nahi –Maastricht eta Lisboako Itunak bozkatu edo onetsi zituzten–, baina finantza eragileek hoztasunez begiratzen diote aurrez aurre duten egoerari: jakin badakite euroa ezin dela izan aldi berean Alemania eta, besteren artean, Greziaren moneta, haien ekonomiak desberdinegiak dira. Egoerak debaluatzea eskatzen dionean, Greziak ezin du, preso da moneta bakarraren uztarrian. Orduan, ezkerreko joeren susmagarri ez den Financial Times-ek idazten duen moduan, ‘Europako hegoaldeko herrialde zorpetuen berehalako irteera barne debaluazioa da, hau da, soldata eta jubilazioen beherapena, zergen igoera eta langabezi maila askoz handiagoa’. Baina, jarraitzen du City-ko egunkariak, ‘egoera okertu ahala posible da hautesleak matxinatzea. Egungo baldintzetan, batek serioski galde dezake Bruselako akordioa egunen batean indarrean jarri ahal izango den’”.

Eurotik atera?

Azken hilabeteetan bada irtenbideei buruzko galdera oso garrantzitsua: eta zer gertatuko da euroarekin? Azaroko gailurraren aurretik ate denak irekita ziren adituen ustez eta teorikoki gailurrak zalantzak uxatu bazituen ere, praktikan denak airean jarraitzen du, eta horren adibide bat gehiago da Frantziak eta Austriak zor kalifikazioan izan berri duten jaitsiera historikoa.

Baina, eta bera erori beharrean, eurotik ateratzea komeni bada? Ezkerreko ekonomilari zenbaiten ustez hori da egin behar dena, esate baterako, Pedro Montes, Costas Lapavitsas, Jacques Sapir edo Mark Wisbrot ikusmolde honetakoak dira. Hauen iritsiz, funtsean, euroguneko ekonomia ahulak euroan preso daude eta ezin dituztenez bere aurrekontu eta moneta politikak nahi bezala bideratu, lehiakortasuna soldaten jaitsiera eta lan merkatuen malgutasunaren bidetik lortzera behartzen dituzte, honek dakarren miseria eta ongizate estatuaren atzerakada erraldoiarekin. Ez dago, beraz, beste irtenbiderik, Pedro Montes ekonomilari espainiarrak dioen legez: kaosa (euroan jarraitzea) eta hondamendiaren (eurotik ateratzea) artean hautatu behar da, azken honen ondoren tunelaren amaieran argia ikusten da eta.

Beste ekonomilari batzuen iritziz hori ez da bidea, eurotik ateratzeak merkatuen apatxen pean utziko bailituzke eurogunetik ateratzen diren herrialdeak: debaluazio handiekin, kapital ihes kontrolagaitzekin, finantza basamortuan eta merkatuen eraso izugarrien menpe. Daniel Albarracin, Ozlem Onaran, Michel Husson, Eric Tuossaint , Vicenç Navarro edo Juan Torresen ustez, adibidez, eurotik ateratzeak ez lituzke estatu ahulenen egoera konponduko, eta horren adibide da Erresuma Batua bera, eurogunetik kanpo egonda ere, doikuntza ekonomiko estuak jasaten ari dena.

Hauen ustez, irtenbidea ezin da herrialde bakar batekoa izan, aterabide kooperatiboak edo internazionalistak bultzatu behar dira; herrialdeen konplizitatea bilatu behar da Bruselako zenbait neurri eta planei aurre egiteko, zenbait arauri uko egin ahal izateko. Finean, bide honetan barna, herrialdeek gisa honetako baldintza eta neurriak beharko lituzkete: aurrekontuen hersturaren aurka mobilizazio sozial handia; kapital ihesen aurrean neurriak hartzea; kapital errentei zergak handitzea; finantza eragiketen arautzea eta tasazioa; edo, besteak beste, erreskatatutako bankuen nazionalizazioa. Hauen aburuz, Eurotik ateratzea ez da premiazkoena, eta noizbait egin beharko balitz, beti ere bestelako Europaren eraikuntzaren bidean eman beharreko pausu gisa litzateke.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude