Aita-itsasgizon bati

I
Bizitza konplikatua
izaten da ia beti,
eta konplikatuegi
bihurtzen ere badaki.
Nireak mugaren muga
gainditu du eskuarki
eta asaskatu ezik
hondoa joko du aurki.
Ez nuenez etsi gura,
ez besaurreak ebaki,
bertsoak jartzea baino
ezin nuen erabaki,
abisatu gabe hil den
aita-itsasgizon bati.

 

II
Uztailean egin berri
hirurogeita sei urte,
itsasoa eman berri
pentsiotxo baten truke.
Ordura arte itsasgizon
bizkar zabal, lodikote,
olatuen lautadetan
Santxo gabeko Kixote.
Besarkada bat emanda
joaten zinen aparte…
Kasik ahaztua nuen,
ez nintzen oroitzen bape
bihotza bazenuela…
behin huts egin dizun arte.

III
“Haurrak, goazen Loiura
aitatxo badoa, tira…”
Besarkada banarekin
desagertzen zinen di-da;
gu hantxe gelditzen ginen
denak zerura begira…
“Zein da bere hegazkina?”
“Hor doa hegan, hori da!”
“Ama ni ez nator berriz,
agurrak rollo bat dira;
hemen uzten gaitu eta
joaten da urrutira…”
Zenbat eskertuko nukeen
oraingoan despedida.

IV
Sei hilabete pasata
mundu osoan barrena,
etxeratzeak zekarren
oparitxoen problema.
Txinako hamaika gailu,
Duty free-ko zenbat tresna…
Beisboleko eskularru
beltz bat izan zen azkena,
ezkerra izan ez banintz
erabiliko nuena,
baina senti ez zintezen
munduko aita txarrena,
ez nizun kontatu aita
orok jakingo lukeena.

V
Haurra baino ez nintzela,
sei urtekoa, hain zuzen,
andereño Maria Luisa
hasi zitzaidan galdetzen:
"Zure aita omen dator,
ez al zaitu pozak hartzen?"
"Etortzean jartzen banaiz
saltoka pozak zoratzen,
alde egiten duenean
negar egingo dut ozen..."
Ordurako banekien
aitarik gabe bizitzen,
orain zergatik, ordea,
ez naiz hain lasai sentitzen?

VI
Karteran gorde ez banu
El Correoko eskela
oraindik pentsa nezakeen
lanera joan zarela,
portuan zain zenuela
altzairuzko karabela
bisitatzeko Kamerun,
Brunei zein Venezuela…
Kasik pentsatzen hasita,
ez al da hobe horrela:
pentsatuko dut umetan
pentsatzen nuen bezela,
zoriontsu bizi zaren
itsasontzian zaudela.

VII

Jadanik ez naiz umea,
ez daukat gazte-txartela,
baina uste dut hau dena
ondo gordea nuela:
Ene aita-itsasgizon
zauden lekuan zaudela
jakin zure seme honek
asko maite zaituela,
akaso bizirik zeunden
bitartean ez bezela;
baina egin ez dakion
geroa krudel-krudela,
kontsolatzen da pentsatuz
zuk hala nahi zenuela.

 


Doinua: ETAren su etenetik.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude