Txillardegi: Inkonformista baten bizitza aberatsa

1979an Bergaran, Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarrean.
1979an Bergaran, Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarrean.

Joan zaigu betirako gure herriari guztia eman dion gizon inkonformista bat: Txillardegi. Zalantzarik gabe gure herriaren azken hamarkadetako historian hizki larriz idatzita geratuko da bere izena, hori eta gehiago merezi baitu, nahiz eta bere momentu oparoenetan zegokion onespen hori, tamalez, behin eta berriz ukatu egin zitzaion.

Txillardegi pertsonalki ezagutzeko parada duela berrogei urte izan nuen. Hendaian hain zuzen. Eta geroztik bere laguna izateko parada izan dut eta horrek beti harro sentiarazi nau. Hendaian, behin eta berriz, azaldu zidan kezka Hegoaldean dena “espainolisten” esku zegoela, eta ni ikuspegi baikorragoa ematen saiatu nintzen. Uste dut une horretan ez nuela konbentzitu, bai ordea handik urte batzuetara Hegoaldera itzuli zenean.

Behin Donostiara heldu ostean, elkarrekin proiektu ugaritan ibili ginen: Udako Euskal Unibertsitatean, Euskal Herrian Euskaraz-en, Alde Zaharreko Arrano Beltzan, Herri Batasunean, erakunde honek laurogeigarren hamarkadaren erdian hartu zuen bidea argitzen, Fresnora egindako bidaian, EHUn sartzeko lagundu nionean, eta abar luze bat. Honek guztiak bion arteko konfiantza sakondu zuen eta hitz-aspertu luzeak burutzen genituen. Azken urtetan, tamalez, Joseba espetxeratu ostean nahiko ahulduz joan zaigu gure Jose Luis, artikulu aberatsak idazten jarraitu zuen arren, Argiakoak lekuko.

Txillardegik Euskal Herriari egin dizkion ekarpenak inork ez ditu ukatuko. Berea, abertzalegintza zen, dena bere herriaren alde ematea. Hala ere gizon handi honek zerbaitekin sufritu baldin bazuen Euskaltzaindiko kide osoa izateko ezetza eman ziotenean izan zen. Bere baitan ez zen sartzen euskararen alde, modu zientifikoan eta literarioan, hainbeste eman ondoren, nola ez zitzaion onesten euskara indartu eta hedatu lanean ari zen erakunde horretan. Nire uste apalean, Euskaltzaindiak aukera paregabea galdu zuen erakunde hori prestigiatzeko Txillardegi bezalako pertsona jakintsu eta langilearekin. Hala ere, bere obra handia, euskal politikan, literaturan, linguistikan eta kulturan, hor dago, zenbaitzuen miseriak agerian jartzeko, baina kaltea eta samina inork ez dizkio kenduko gure gizonari.

Agur eta ohore, Jose Luis!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude