Lerro hauen arimatik, eskerrik asko bihotzez

Dani Blanco

TXILLARDEGIK jarraitzen zuen izaten “gazte ero haien” artekoa, seguruenik bere matxino senak, jakinduriak eta izateko grinak bestelako tarterik uzten ez ziotelako. Esamoldea bere testuingurura eta bere pentsamoldera eramanda, gazte ero horien erraietatik erditu zirelako Euskal Herria eta euskaldunak beste era batera ikusteko molde berriak; eta gazte ero horien izaerak eta bultzadak ekarriko dutelako, ekartzekotan, berak amestutako Euskal Herri euskaldun, independente eta solidario hori.

Eta bai, urtebete pasatxo dela “La Banda” titulupean Argian idatzi zuen bere azken artikuluan (2O10-12-12, 2256. zkia) jarraitzen zuen pentsatzen etorkizuna gazte ero horien kontua izango dela beti: “Belaunaldi berriak, beti, aldapan gora, eta belaunaldi zaharra ukatuz sortzen dira. Bizi legea da edo Historia legea, nonbait”.

XX. mendeko pertsona handi bat Euskal Herriko historiara pasatu dela, hori da lehen-lehenik esan litekeen oinarrizkoena eta seguruena. Eta ez edonola, bere ekarpenak itzal luzea utzi baitu alor publikoaren hainbat arlotan: hizkuntza, soziolinguistika, literatura, politika… Gaur egungo euskaltasunetik nola ulertu Euskal Herria euskararik gabe? Bada, hori posible ei zen garai batean, norbaitek, norbaitzuk ate berriak zabaldu zituzten arte. Eta bistan da oraindik, euskaldunok, arriskuan garela; ezin horri kateatua bizi, baina bai horrek akuilaturik. Horrexegatik, posmodernitate eta kosmopolitismotik esanak esan, eta Txillardegik uste zuen gisan, independentzia, estatua, oraindik ere hizkuntzen babesleku seguruenetakoa da munduan.

Pentsatzekoa da pozik izango zela Euskal Herrian sortu den egoera berriarekin, berak sortutako ETAk borroka armatua amaituta eta zentru-ezkerreko abertzaleak elkarrekin eta arrakastatsu, goreneko gobernu lanetan eta potentzialitate handiarekin.

Merezi duen aitortza jasotzen ari da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, bai bere osotasunean egindakoagatik, bai hizkuntza eta literaturaren eremuan lagatakoengatik. Argiak ere bere esker on sakona adierazi nahi dio: lehen-lehenik, lerro hauetako hizkiak nola lotu eta esan horrek, euskara batuak, biziraupena eman diolako gureari eta baita euskarazko beste hainbat hedabideri ere. Eta, nola ez, gure irakurlearentzat astekariko orrialdeetan, urte luzez eta musu truk, utzitako idazlan zorrotz eta sentikorrengatik.

IÑIGO URKULLU EAJren lehendakarigai ere izan daitekeela entzun nion PSEko Andoni Unzaluri Euskadi Irratiko tertulian. Egibarrek seko moztu zion, hori debekatua zegoela, eta orain ez zela hortaz hitz egiteko garaia. Baina Deia-k ere ez zion aterik itxi aukera horri joan den asteleheneko edizioan, Humberto Unzetak sinatutako kronikan: “Kinieletan hainbat izen dira, baina alderdi barneko zein kanpoko begirada ugari daude Urkulluren gainean, batez ere azken urte hauetan irabazi duen lidergoagatik. Bere aukera sinesgarria da, nahiz eta Sabin Etxean jakitun diren, bi buruko agintaritzaren araua medio, alternatiba honek arazoak sortuko lituzkeela”.

Tira, izen gehiago ere badira, aipatuena Josu Erkoreka bera, eta Egibarrek denbora badela badio ere, gutxi da eta konturatu orduko izango gara EAEko lehendakarigaien izenen dantzan. Udaberria ondo sartuta bukatuko da EAJren lurralde zuzendaritzen hautaketa prozesu hau, eta ordurako arrain guztia salduta egongo da Sabin Etxean, dagoeneko ez badago.

Iñigo Urkullu hautatu dute EAJko EBBko lehendakari bigarren agintaldi baterako eta lehen lau urteen ondoren, esan liteke Urkulluk korronte jeltzaleak kontrolpean dituela. Edo bestela esanda, berak eta bereek nagusitasun lasaia lortu dutela.

Ez da lorpen makala kontuan hartuta euskal politikan datorren garai berria, dagoeneko hasi den garai berria. Eta hau bai, azken bi hauteskundeetako jokoak erakusten duenez, hau hautuen garaia izango da. Baina ez Urkullurentzat bakarrik, baita besteentzat ere. Beren erronkak, hiru esparru nagusitan sailkatu dituzte jeltzaleek: krisia, bakegintza eta autogobernua. Krisiari eta ekonomiari begira, ez dirudi PPrekin gaizki moldatuko direnik; bakegintzan PSE eta ezker abertzalearekin lotu ditzake oinarri batzuk. Eta autogobernuari begira, posible ote akordiorik ezkerreko soberanismoarekin?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude