argia.eus
INPRIMATU
Inora ez garamatzan trena

Ainhoa LarraƱaga 2012ko urtarrilaren 17a

Hezkuntzan, osasungintzan eta oinarrizkoak diren beste hamaika zerbitzutan murrizketak egin ditu administrazio publikoak. Administrazioaren menpe ez dauden, baina diru publikoa jasotzen duten beste hainbat herri-erakundetan ere iturria moztu du Jaurlaritzak (UEU, Nabarra aldizkaria...) herrigintzako hainbat proiektu kolokan jarriz. Krisi garaian ez dago zerbitzu publikoak ordaintzeko dirurik, ez eta herrigintzatik datozen proiektuei laguntzeko ere. Bestalde, eta krisiaren eraginez hau ere, makina bat bota dituzte ordaintzen jarraitu beharko duten euren etxeetatik, hipotekari erantzun ezin diotelako. Baina gure inguruan, badira beste era bateko kanporatzeak ere, Abiadura Handiko Trena egiten tematu diren politikariek eragindakoak. Kanporatze hauetan ere, arduradunak, benetako agintariak, dirua mailegatzen duten banketxe eta botere ekonomikoa dutenak dira.

Bergaratik Angiozarrera datorren bailaran hasi dira zentzugabeko azpiegitura burutzeko lanak eta honek bertako hainbat baserri hustea ekarri du. Hauek ez zuten krediturik bankuekin, oso bestela, betidanik familiakoa zuten etxea hustera derrigortu dituzte, azpiegitura egiteko obren eraginez. Ikuskizun dago itzultzeko aukerarik izango duten eta lanak amaitutakoan etxeak bizitzeko gutxieneko baldintzak beteko dituen. Nola uler dezakegu, hainbat zerbitzu eta proiektutan murrizketak gertatzea, inora ez garamatzan trena egiten ari diren bitartean?

Azpiegituraren alde dagoenak ere baditu hamaika arrazoi, trena auzitan jartzeko. Herritar guztiongan eragin du eta eragingo du krisiak: familian lana galtzeak dakar oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna (hipoteka, haurren eskola gastuak, jana, etxea...), egoera oso larria da.

Aurrean daukagunaz jabetzen garela esango nuke; aldamenean, lagunartean, senideren bat... Edo gu geu, egoera hauetakoren batean egon gintezke, eta hala ere, ez dago erreakziorik. Errealitateari ihes egin nahian edo, bestaldera begiratzen dugu. Zergak igota, administrazioaren kutxak beteko dira eta kanpoko enpresei lana emango diegu, gure diruarekin. Bitartean, herritarrok, garraio publikoa gehiago ordaindu beharko dugu, osasungintzan, hezkuntzan, egunero erabiltzen ditugun azpiegituretan, eguneroko beharretan atzera egingo dugu.