Haiti 2010-2012: ez laguntzarik, ez esperantzarik

  • Haitin 2010eko urtarrilaren 12ko lurrikara hain hilgarri suertatzea hango hazkunde ereduak eragin zuen: berrehun mila hildako (edo gutxiago, edo 300.000... oraindik datu argirik ez da) eta herrialde osoa txirtxilaturik. Baina potentzia handiek laguntza hazkunde eredu oker berarekin antolatu dutenez, Haitik okerragorako bidean darrai.

Haitiko hiriburukoa etxegabeen lanak eta nekeak kontatzen dituen Youphil blogetik hartu dugu Clementine eta bere alaba biltzen dituen argazkia, Giordano Cossuk egina. Jean-Marie Vincent parke inguruan dagoen  Delmas-2 kanpamenduan tiro hotsak entzun dira,
Haitiko hiriburukoa etxegabeen lanak eta nekeak kontatzen dituen Youphil blogetik hartu dugu Clementine eta bere alaba biltzen dituen argazkia, Giordano Cossuk egina. Jean-Marie Vincent parke inguruan dagoen Delmas-2 kanpamenduan tiro hotsak entzun dira, astean hiruzpalau alditan gertatzen ei den moduan, eta argazkian ageri diren beste herritarrak bezala ama gaztea korrika hurbildu da babes bila Haitiko Babes Zibilak daukan kaserna atarira: hormaren gainean ikus daiteke txarrantxa. 2011ko abuztu hasieran egina da argazkia, kanpalekuetan oihalezko etxoletan bizi diren haitiarrak Emily ekaitza noiz iritsiko zain zeudela. Alferrik esatea da ez zirela ezer prestatzen ari, zerekin. Kazetariari haitiar batek txiste hau kontatu zion: "Ekaitza Haitira hurbildu da, begiratzen dio, eta esaten du: "˜ai, hor jada egona naiz"™ eta beste norabait doa".

Errefuxiatu izena ez da polita, zeukaten guztia galdurik kanpalekuetan babestu direnei orain agen-tziek Internally Displaced People (IDP) deitzen diete, herrialdean bertan lekualdatutako jendeak. Lurrikararen bigarren urteurrenean oraindik 550.000 haitiar bizi dira kanpalekuetan. Beste milioi bat baino gehiagok alde egin dute horietatik bi urteotan, errefuxiatuez okupatzen den Nazio Batuen Erakundearen agentziak dioenez. Baina non kokatu ote dira?

“Inork ez du kontrolatu nora jo duten: hemen helburua da erakustea kanpalekuak ixten ari direla, helburua ez da estrategia horren ondorioak aztertzea. Asko itzuli dira segurtasunik ez duten etxe hondatuetara; beste askok babeslekutzat hartu dituzte T-shelterrak [erakunde humanitarioek eramandako zurezko etxola prefabrikatu arinak] hondakinen artean edonon ikus daitezkeenak; eta beste batzuk bildu dira ofizialki existitzen ez diren kanpalekuetan”.

Phillip Wearnek idatzi ditu aurreko lerroak New Internationalist aldizkarian argitaratatu duen “Haiti two years on: beyond relief, beyond belief” artikuluan. Mugimendu sozial haitiarrei laguntzen dien Haiti Support Group erakundean ere ari da Wearne.

Ez da Wearne ez lehena eta ez bakarra salatzen errefuxiatuak kanpalekuetatik sarritan bota egin dituztela, bai txabolategiak zeuden eremuetako lurjabeek edo bai auzoak “txukunago” ikusi nahi dituzten udal arduradunek. Polizia eta armada ere erabili dituzte lantegi horretan. Moldatu ote daiteke horrela arazo humanitario bat?

Nazio Batuen Erakundeko buruzagiek esana da Haitiko arazo humanitarioak konponbide bakarra garapenean daukala. Zein garapen mota, ordea? Wearnek dioenez, bi eredu landu dira Haitin azken 50 urteotan. Lehenik, eta luzaz, Duvaliertarrek ezarrita muturreko kapitalismo basatia, diktadoreen senitarteko eta lagunek kudeatua, errukigabea. Eta ondoren bai Jean-Bertrand Aristidek eta bai René Prévalek –AEBek eta Europak horretara behartuta, nahi bada– erabilitako formula neoliberalak. Bi sistemek huts egin dute.

Porrot horren eskaparatea dateke Port-au-Prince hiriburuko Jean-Marie Vincent parkea. 1994an paramilitarrek asasinatu zuten apaiz ezkertiarraren izena darama. Parke publiko honetan baziren errefuxiatuak 2010eko lurrikararen aurretik.

Hiru hamarkadatan 2,5 milioi heldu baitziren ihesi hiriburura. Horrela, populazioa lau halakotuta, Port-au-Prince bilakatu zen munduko hiri jendetsuen, nahasien eta anarkikoena. Etxolaz bete ziren zelai eta malkor. Berde kolorekoa zen oro desagerturik, aski zen eurite bat edo haizetea, Karibean hain usu gertatzen direnak, lokatzak dena maldan behera errekara eramateko. Azkenik, lurrikararen eguna heldu zen: “Naturak eragin hondamendiak 35 ordu iraun zuen, baina inork pentsa ezinezko heriotz kopurua eragin zuen hondamendi ez-naturalak 35 urte zeramatzan egosten”.

Oker egin genuen, oker darraigu

Haitin ere bizi da jendea, ordea. Phillip Wearnek ikusi ditu Jean-Marie Vincent kanpamenduko biztanleak inguruko muinoetako etxe suntsituen aurrietatik hondakinak hartuta beren sasi-herrixkako bideak egonkortzen. Lurrikararen ondorengo laguntza handiena, atzerrietatik jina baino askoz handiagoa, batak besteari emandakoa izan da eta, haitiarrak haitiarrari.

Kanpalekuan batzordetan banatzen da agintea eta lanak, ur erretenak ebaki eta artatzea, edateko ura ekarri eta familien artean zabaltzea, osasun eta garbitasun ikastaroak ematea... “Lé ou bezwen, se ou k pou machè” diote kreoleraz, beharrean baldin ba zaude, zeuri dagokizu lehen urratsa ematea.

Bertako mugimendu sozialei laguntzen diete Gobernuz Kanpoko Erakunde atzerritarretan aurrerakoienek. Hala aurkitu du kazetariak Dubique Kobel medikua, emazte Nadègerekin batera Zanmi Lasante –Osasunaren Lagunak, kreoleraz– erakundearen babesean ari dena, aurretik Kuban entrenatuta. Doktoreak kezka berezia dauka oraindik kontrolatu ezin duten kolerarekin. 7.000 jende hil eta 700.000 gaixotu dituen kolerarekin.

Aldiz, Jean-Marie Vincent parkekoaren oso bestelako irudia ikus daiteke Aireporturako bidean. Hor milaka ageri dira USAIDekin batera beste GKE handiek antolatutako T-shelterrak. Hitzak daraman “T” horrek transitional esan nahi omen du ingelesez, baina bizilekutzat eman zaizkie errefuxiatu zelaietatik alde egin nahi zuten herritarrei. Gela bakarreko txabola ahulok... zenbat iraungo dute? “Engainatu dezakete eguzkia, baina euria ez dute engainatuko”, diote haitiarrek.

Lurrikararen osteko 18 hilabetetan benetako 4.596 etxe eraiki dira herrialdean, 12.281 gehiago zeuden planifikatuta. Hilabete horietan 94.879 T-shelter ipini dituzte, 113.399 gehiago jartzeko planekin. Alferrikako gastua dela diote etxe eskubideen aldeko militanteek, estatuak hobe lukeela diru hori etxe sozialetan gastatu. Horretarako nazioarteko laguntza Haitiko administrazioaren hodietatik bideratu beharko litzateke, baina ez da hori agentziek hautatu sistema.

Haitiko administrazioaren ustelkeria eta funtsik eza argudiatuz, azken bi hamarkadotan bertako k administrazioaren gainetik antolatu da nazioarteko laguntza. Horrela, lurrikararen aurretik ere 10.000 GKE atzerritar ari ziren lanean Haitin: munduan ez da biztanleko GKE indize altuagoa daukanik.

Txiroari lagundu nahi zaio bere asmo edo nahiez galdetu ere egin gabe. Bai laguntza humanitarioa antolatzean eta bai politika ekonomiko neoliberala ezartzean, biak pakete berean inposatu baitzaizkie haitiarrei.

Wearnek dioenez, “plan neoliberal horren arrastoak denetan ageri dira, inportazioen zergen mozketetan, zerbitzu publikoen pribatizazioan, industria eta merkataritza araugabetzean, atzerrirako ari diren industria bakanetan dagoen gutxieneko jornalean..:”. 100 haitiarretatik 85 gutxieneko soldata baino gutxiagorekin bizi dira. Horregatik deitu ian diote American Plan delakoari Plan Lanmò, Heriotza Plana.

Azkenean, 33 urteren buruan, arroz, azukre, zerriki eta oilokiz bere burua asetzen zuen Haiti bihurtu zuten AEBetatik ekarritako elikagaien menpeko. 2011ean Bill Clintonek berak aitortu zuen AEBetako Kongresuan: “Oker egin genuen. Egunero bizi behar dut ondorioak ikusten, Haitik galdu duela bere jendea elikatzeko ahalmena. Nik egin nuenagatik, ez beste inork”.

Baina gauzek berdintsu diraute. Orain Clinton dago Haiti laguntzeko nazioarteko batzordearen buru... lehengo politika bera ezarriz.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude