argia.eus
INPRIMATU
Euskal Kulturaren Urtekaria
Labirintoan ez galtzeko gida
  • Mila deabruren urtea izan da 2011, matxinada, istilu, murrizketa ugariren lekuko. Proiektu berriak jaio dira baita, tamalez, batzuk lurperatu ere. Albiste handiena politikoa izan da, seguruenik: ETAk ekintza armatuak behin betiko eten ditu. Horiek denek izan dute eta izango dute kulturan eraginik. 2011-2012ko Euskal Kulturaren Urtekarian esplikatu nahi izan dugu zertan eta nola, gertaeren labirintoan gal ez zaitezen.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2012ko urtarrilaren 18a

“Inoiz ezagutu ez dugun mundu bat hasi da. Edo bestela esanda guk ezagutu dugun moduan, mundua desagertu da”. Lorea Agirreren Narrazio, guraize eta post-it kronikatik atera dugu esaldia. Artikulu horrekin zabalduko du Urtekaria eta, besteak beste, ETAren iragarpenak kulturan izango duen eragina, Joseba Sarrionandiaren Euskadi Sariarekin izan diren gorabeherak, ditxosozko “errelato”-aren inguruko eztabaidak, azken hauteskundeek sortutako aldaketa, diru-laguntzen murrizketak edo Kukutza eraistea hartu ditu hizpide. Esandakoa, mila deabruren urtea izan dela 2011. Urte kriminala. Baina lasai, Angel Erro daukagu eta, krimena nork egina den aurkitzeko. Tractatus Poetico-Criminologicus saiakeran kontatu dizkigu poesia nork hil duen bilatzeko egin dituen peskizak, labanaren ahoa bezain fina den ironiaz.

Dena ez denez atzera begiratzea izango, etorkizunean euskal kulturan ikusiko ditugun tendentziak aurreratzen ahalegindu gara Joerak sailean. Landutako gaien artean, egile-eskubideak Euskal Herritik kudeatu ahal izateko dauden aukerez idatzi du Igor Estankonak, telebistaren etorkizunaz Iñako Gurrutxagak eta krisi garaiotan euskara elkarteek urratu ditzaketen bideez Malores Etxeberriak.

Euskal kulturaren urteko hamar pertsona garrantzitsuenak aukeratu ditugu Argiaren erredakzioan; azken hilabeteetan gurean bildu ditugun adierazpen esanguratsuenak ere ekarri dizkizugu; eta jarraian, sailez sail, kulturaren esparru bakoitzean jazotakoa aztertu dugu, albisterik esanguratsuenak bildu, baita irakurleak ikuspegi objektiboagoa izan dezan lagunduko duten datuak ere.

Bilketa eta analisi lan horri gehitzen zaio Urtekariaren bigarren zatia osatzen duen Euskal Kulturaren Aurkibidea: Euskal Herriko kultur jardueretan diharduten pertsonekin eta taldeekin harremanetan jartzeko gida praktikoa eskaini nahi izan dizugu aurten ere.

Krisiak asko markatutako panorama da euskal kulturarena, sektore guztiak jipoitu ditu makilaz ala borraz. Baina sasiak baztertuta, bizi-bizi jarraitzen duela ere ikusten da, zailtasunei aurre egiten ari dela eta sortzeko gaitasunean murrizketarik ez dagoela.