Hermetismotik eta poesia kriptiko xamarretik arintasunera momentu batean pasarazten zaitu Amaia Iturbidek –Eskaileraren bi aldeetan (1986), Itzulbidea (1992), Gelak eta zelaiak (1994), Lore mutuak eta tuaren ezkontzak (2006)–. Azken Labirintoaren orduak (2008) ere ezin izan genuen zehatz definitu, hainbeste poesia ezin laburbildukeran. Eite klasikoa, arteari egindako erreferentziak, erritmo pausatua... suabe sarraraziko zaitu barrura Iturbidek, baina apurka-apurka kiribiltzen ikusiko duzu hizkuntza, kolorez betetzen lerroak, irudiz burua: “Stanley Kubricken A clockwork orange erakusten,/ kiosko-collageak/ kartel-simulakroak edo/ kale-museoak/ leku propio bat betetzen zuten”. Horrela da Iturbideren estiloa, batzuetan hanpatua, beste batzutan pop, leku propio eta berezi bat asmatu duena irudimena aske erabiltzeko.
Poemategia ontzeko lanabes behinena sinboloa izan da. Idazleak berak ere badio zein motatakoa den sinbolismo hori, errealitatetik eratorria: “Hasierako sinbolismo mugagabe edo urrun batetik egunerokotasun bati atxikitako sinbolismoraino doa. Sinbolismoak ere errealitatearen parte baitira”.
Hitzaren zentzu hertsia baino harago eta sakonago jo behar da, beraz, osorik ulertzeko esanahia. Begi bistakoaren eta hiztegiko definizioaren etsaia da Eszenatokiko aztarnak hasten direnean, sentsibilitate faltsuaren kontrakoa, deskripzio objektiboa gainditzen duena. Iturbidek hizkuntza poetikoa ezagutza-hizkuntza moduan erabili du, nahasteen eta sentsazio berrien bila: “Azoka betean dut sagarra barruan/ patioaren ezkutuan/ maskararen atzealde hutsean”.
Halabeharrez, irakurketak ere irekia eta aurrejuzkurik gabea izan behar du. Ahaztu ezazu gauzen forma erreala, egin kasu poetari, berarekin sartu logikarik ez duen beste logika batek agintzen duen lurraldera. Era horretan soilik uki dezakezu zuk, liburura hurreratu zaren horrek, idazlearen subkontzientea. Inoiz Parnasoko edertasuna kausituko duzu eta beste batzuetan, artifiziala eta itsusia denaren bitartez, mundu futurista ezinezko bat. Labirintoaren orduak gomendagarria zela esan bagenuen, finagoa iruditu zaigu oraindik Eszenatokiko aztarnak hasten direnean. Komunean dute hitz itxuraz suabeekin ideia indartsuak adierazteko gaitasuna, metafisikarako joera, hoskidetasunaren erabilera eta erritmoaren domeinua, baina oraingoan pauso bat egin du aurrera idazle bilbotarrak, norabideari eutsiz.