Negu berri on

Beldar-habiak pinuan.
Beldar-habiak pinuan.Jakoba Errekondo

Gure jendartearen ur-aparretako bizi-mailari eusteak guda besterik ez dakargu. Energia premia gero eta harroagoak asetzeko, dagoen tokian dagoela, lapurtu eta ekartzen dugun petrolio upela etxeko atari aurrean, muturrean lehertuko zaigu. Gerra gorria. Energia premia apaltzea eta bertan sortzea da irtenbide bakarra.

Europan XX. mendeko lehen erdiko gerrateen ondorengo erregai eskasiari aurre egiteko gasogenoa zabaldu zen. Petroliorik ezean, gasolio eta gasolina gabezian, gai solidoak erreaz ibiltzen zen motorra zen gasogenoa. Ikatza, egurra, eta abar erreaz sortutako gasak mugitzen zituen automobilak, kamioiak, traktoreak... baita geurean ere. Nork ez du ikusten hor gure basoa? Erregai onena, garai batean sutegietan ere ospe handia zuen txilar-ikatza omen zen. Tamainagatik ez da ikatza izango, iduria baizik. Bere egurra erregosi eta iduri bihurtzeko txilar handiena, lau metrotik goitikoa, txilar zuria da, Erica lusitanica.

Oraintxe loretan da txilar zuria, ohikoa baino lehenago. Otsaileko lora abenduan. Gaur, urte berriko lehen eguneko ibilaldian, lore lagun asko topatu dizkiot txilarrari, ia denak aurreratuta, eguraldi epelaren altzoan: oroilorea (Myosotis lamottiana), zaingorria (Geranium robertianum), Veronica persica (basadutea ote dena?), ote beltza (Ulex minor), hirusta gorria (Trifolium pratense), txikoria-belarra (Taraxacum praestans), Polygala vulgaris, basa bitxilorea (Bellis perennis), esne-belarra (Euphorbia helioscopia) eta abar.

Negu berrian udaberriaren emana topatu dudan honetan perretxikotan nenbilen, esnegorritan (bakan batzuk) eta gibelurdinetan (mordoxka polita). Gibelurdinen adiskide haritz amerikarrean (Quercus rubra) indarrean ari zen mokoka har eta beldar bila okil gosekila. Udaberriko musika. Esnegorriaren lagun insignis pinuan (Pinus radiata) beste gose bat asetzen zen, prozesionaria edo pinu beldarrarena (Thaumetopoea pityocampa). Aurten aspaldiko urtetako beldar-habia gehiena, desdetxa, ikusten da. Aurreko batean, ohaide batek adar muturretan zetazko habiak dir-dir ikusita, pinuaren loreak ote ziren galdetu zidan. Negu berri, udaberri bete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baso naturalak
2023-03-13 | Daniel Hofnung
'Ibai hegalariak', munduko klimaren protagonista funtsezko horiek

Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]


Etiopian aspaldiko oihanen azken aleek biziari eusten diote ehunka baselizaren inguruko harresien babesean

Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta... [+]


Planetaren arnasak zuhaitz eta oihanak behar ditu tropikoetan eta... batez ere Europa zaharrean

Deforestazioa geldiarazteaz gain, milioika zuhaitz gehiago behar ditu Lurrak klimaren zoratzea gelditu, euriak ugaritu eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Baina ez begiratu soilik Amazonia edo Kongo edo Indonesiako hondamendiei: Europan lan handia daukagu duela mende gutxi... [+]


Hauek dira babestu beharko genituzkeen lurrak, bioaniztasuna segurtatu eta klima egonkortzeko

Mundua mapeatu dute, eta orain, xehe-xehe dakigu ezinbestean zein lur eremu babestu beharko genukeen gainean dugun krisi bikoitzari aurre egiteko: bioaniztasuren galera eta klima larrialdia. Sciences Advance aldizkarian Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proiektuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude