Harrituta gelditu nintzen hain ibilbide desberdina izan duten Laudioko eta Amurrioko bi musikari hauek, beteranoak eta nortasun berezkodunak biak, elkarrekin lanean jarri zirela jakin nuenean. Vil rock australiarra eta gitarreroa lantzen ibili izan da aspalditik; eta Igor Arzuaga azken urteotan Mara izenpean pianoarekin gidatutako kanta biluziak idazten. Oraingoan Arzuagak idatzitako kantak Vili eman eta honek AEBetako eta Australiako folkean, mugaldeko sonoritateetan eta doinu latinoetan busti ditu. Ez hori bakarrik, tarteka Neil Young eta Nick Caveren giroekin ere zipriztindu ditu. Hala ere, Mararekin ezagututako tempoak, pianoa eta Arzuagaren abesteko era eta hitzak bere horretan daude, jakina. Beste musikari batzuek ere tarteka probatu beharko luketen lan esperientzia aberasgarria.
Nola elkartu zineten hain ibilbide desberdina duzuen zu eta Luis Vil? Zer ematen diozue batak besteari?
Flores de papel film laburrean ezagutu genuen elkar, Luis zuzendari eta ni aktore ginela. Gero, berorren soinu banda egin genuen elkarrekin. Hortik aurrera gure harremana handitu da eta disko honetako kanten maketa pasatu nion esanaz egiteko nahi zuena. Esperientzia ikaragarria izan da eta asko ikasi dugu biok.
Mara Mara. Disko hau are eta maragoa da?
Mara hor dago beti, baita nire herriko kaleetan, irribarretsu paseatzen ausartzen naizenean egun euritsu hauetako lurrina zeharkatzen. Ni Mara naiz, agian aldrebes ere.
Zure marka pianoa bada ere, lan honetan perkusioak, oso sinple baina modu berezian jota, kantak jantzi eta protagonismoa hartu du…
Bai. Ni ez naiz iaioa abestiak janzten, eta Luisek, ordea, badaki zeintzuk diren bere erreferentziak eta ez du beldurrik errekurtso horiek praktikan jartzeko. Emaitza artisau lana da, gordina, freskoa... Perkusioek eta baxuaren lerroek ezarri dute diskoaren nortasuna.
Bizitza bakarra kanta oso positiboa da. Ez da hala?
Ez dakit alaia den... bertan esaten dudana zera da, noizbait guztiok izar distiratsua izango garela, eta izar izatearen esperientzia bortitza izango dela.
Luis Vilek utzi dizu tarteka barruan daramazun Leonard Cohen hori ateratzen…
Oso ondo pasatu dugu ahotsa grabatzen, berak zuzentzen ninduen eta nik nirea ekarri nuen; beste instrumentu bat bezala landu dugu ahotsa. Eta bai, atera da tarteka abesteko modu hori, testura ezberdinetan oreka bat bilatu nahian. Jakina, asko atsegin dut Cohen.
Zer dauka countryak eta Ameriketako folkak zuretzat?
Bihotz hautsien musika dela esan izan dute. Nik hori tangoa zela uste nuen. Erromantizismoa ulertzeko nire moduak, hunkitzeko nire erak, musika horren iruditerian aurkitzen du oinarria.