Russel auzitegia nuklear zibilaren krimenentzako

  • 1945etik gaurdaino 2.400 leherketa nuklear militar jasan ditu munduak. Gehi 5 eta 6 mailako istripu bana Britainia Handian eta Sobiet Batasunean 1957an, 7koa Txernobylen, 7ko hiru adinakoa Fukushiman... Atomo militar zen zibil horien ondorioak ez dira kontabilizatu, ordea. Ez baita azterketa epidemiologiko txukun bakar bat egin gaur artean.

Bloomberg agentziak banatu irudian,
Bloomberg agentziak banatu irudian, "Asakoren etxea" Oma herrian. J-Power erraldoiak 1982an erabaki zuenetik hor erreaktore nuklearra eraikitzea, Asako Kumagai borrokatu zen eragozteko. Urteotan, herritar gehienek etsi duten arren, Asakok ez zuen lurrik saldu, bi milioi dolar eskainita ere. Asako 2006an hilik, haren alaba Atsuko Ogasawarak ere uko egiten dio lurrak saltzeari: "Pertsonaren bizian dirua ez da dena, ez dut saltzeko asmorik", deklaratu du. Baina alaba jaiotetxean bizi ez denez, bidea itxi nahi dio konpainiak, inor ez dabilelakoan, etxea desjabetzeko. Japoniako militante antinuklearrak kanpainan daude Asakoren etxea zutik atxiki-tzeko: mundu osotik gutunak bidaltzea eskatzen dute, postaria egunero joan dadin bertaraino. Idatzi helbide honetara: Asako House. Aza-kookuto 396. Oma-machi. Shimokitagun. Aomori Pref.039-4601.Japan.

Isao Hashimoto (1959) artista japoniarrak egindako film labur hau ikusi beharra dago: Nuclear Detonation Timeline "1945-1998", leherketa nuklearren kronologia. 1998 bitartean egin diren 2.053 leherketa atomikoak planetaren mapa gainean azaldu ditu Hashimotok, leherketa bakoitzeko argi eta hots bana. Hamar minutuz morse kodearen hotsak osatuz ikusiko ditugu eztanda egiten froga eta istripu guztiak: AEBen 1.032, Sobiet Batasunaren 715, Frantziaren 210, Britainia Handiaren 45, Txinaren 45, Indiaren 4 eta Pakistanen 2. Faltako da baten bat, Israelena edo.

Nork defenditu lezake leherketa guzti horiek, gehi hain ikusgarriak izan ez diren bestelako isuri nuklearrek, munduko jendeen osasunean ondoriorik izan ez dutenik? Eta hala ere, bonbaren egileek bakerako atomoen (atoms for peace) propaganda eginez erreaktore militarretako teknologiari etekina ateratzeko zentral atomiko zibiletan birziklatu dute.

Horretarako, energia atomikoaren arrisku eta kalteak estali behar izan dituzte atomoaren sustatzaileek. Egia ezkutatuari zirriztua irekitzeko 2011 bukaeran, Fukushimako hondamendiaren urtean, Europako intelektual andana batek nazioarteko auzitegia sortzea proposatu du, nuklearraren arduradunak epaitzeko.

15 pertsonalitatek sinaturik aurkeztu da Pour un tribunal Russell contre les crimes du nucléaire civil manifestua Les z’indigné(e)s aldizkari berrian. Sinatzaileen artean daude Serge Latouche, deshazkundearen teoriko nagusietakoa, Corinne Lapage ministro izana, Alain Gras antropologoa eta Pierre Rabhi, agronekazaritzak famatu egin duen laborari idazlea.

Intelektualok diotenez, energia atomikoaren erabilerak lehen urrats handia 1945eko abuztuaren 6an eman zuen moduan, AEBetako armadak Hiroshiman Little boy bonba zapartarazitakoan, 1986ko apirilaren 26an Txernobylgo desastreak markatu zuen jauzi berezi bat.

Txernobylgo Lenin zentralean 4. erreaktoreak eztanda egin zuenean, hango erregai atomikoaren desintegrazioak ez zituen isuri bakarrik gas eta aerosol kutsatuak, ordura arteko bonbek egin bezala; ordukoan partikula bero solidoak barreiatu ziren, izaki bizidunen organismoetan sartuz gero barne erradiazio handiak eragiten dituztenak.

Txernobylek erakutsi duenez, lehen uneko erradiazio handien kalteen ondoren datoz kutsaduraren epe luzeko ondorioak. Partikulak sakabanatu dira leherketako gunetik ehunka edo milaka kilometrotara. Eta ekosistemaren barruan isotopook migratu egingo dute: euriarekin lurpera, landareek sustraitik barneratuta berriro lurrazalera, abereen barruan batera eta bestera... 

Egiaren estalketa programatua

Txernobylgoak eragin dituen kalteen neurrietan adituak bat ez datozen arren, erradiazioek gizakien hezur-mamietan sortu kalteak aspalditik daude deskribaturik. Sistema endokrino osoa ukitzen du, hormona sistema hondoratuta. Hortik aurrera, jakina da zirkulazio organoen gaixotzeak hil zituela Ukrainako zentrala egonkortzeko sakrifikatu ziren likidatzaile haietako asko, inguruko herritarrei zahartze-goiztiarra ekarri die, Txernobylgo labe erradiaktiboa hozteko usatutako milaka tona berunek saturnismoa ekarri die beste askori.

Baina leherketaren ondorengo egunetan irradiazio kopuru izugarriek –Hiroshimakoak baino askozaz handiagoek– kolpatu baldin bazituzten asko, beste milioika jende gehiagok jaio eta bizi beharko dute 90 estrontzioak eta 137 zesioak 300 urtez kutsatuko dituen lurrotan, plutonioak eta amerizioak milaka urtez pozoituta edukiko dituenetan. Belaunaldiz belaunaldi.

Pour un tribunal Russell agiriaren sinatzaileek salatu dutenez, munduko agintariek estali egin dituzte gertakizunen ondorioak. Europan ez da antolatu Txernobylgoak eragin kutsaduraren neurketa egokirik eta informazio hori betirako galdu da. Patologiak aztertzeko antolatu ziren aditu taldeak desegin egin dituzte. Gehiegi miatzen zuten mediku eta zientzialariak pertsegitu eta espetxeratu. Likidatzaileen osasunaren jarraipen txukunik ez da egin. Epidemiologia egiten aritu direnak, denetara milioi bat heriotza eragin dituela ondorioztatu zuten Yablokov, Nesterenko eta besteak, esaterako, gutxietsiak izan dira eta laguntzarik gabe utziak.

“Txernobylgoak zulo bat bat utzi du gizakien memoria sinbolikoan” idatzi dute agirian. Katastrofe atomiko bat hasi bai baina noiz bukatuko den inork ez dakienez, “ez dago kultura bakar bat apustu horri aurre egiteko”.

Atomoaren inguruko lehen iruzur handia Japonian gertatu zen, Hiro­shima eta Nagasiko bonben ondoren. AEBetako armadak talde berezi bat antolatu zuen han erradiazioek eragindako kalteak aztertzeko, baina, Japoniako gobernu galtzaileak onartuta, han ikasitakoa sekretupean egon da hamarkada luzez.

Berrikitan telebista frantsesak eskaini du Marc Petitjeanen Blessures atomiques (zauri atomikoak), orain arte ezkutupean egondako informazio eta irudi ikaragarriekin. Internetez eskueran dago Le web 2 zéro blogean, frantsesez. Hori ikusirik ohartzen da bat Nagasakiz geroztik atomoaren sustatzaileek oso ondo ezagutzen zituztela erradioaktibitatearen epe luzeko kalteak... 1986tik landa Txernobyl inguruetan ikusten ari garenak. Hala ere, segi egin zuten.

Baina Txernobylgoa berriz gertatzekotan, eta hala jazo da Fukushiman, larriago, ezingo dute agintariek erabili sobietarrek orduan zeukaten abantaila:  alderdi bakarreko idazkari nagusiaren agindura 800.000 likidatzaile eta behar adina milaka langile eta soldatu mobilizatzea. “Demokrazia liberal batean boluntario gutxi egongo da oinaze hain larrien artean hiltzeko prest”, diote agirian.

Hanna Arendtek “gaizkiaren hutsaltasuna” (The banality of Evil ingelesez) kontzeptuarekin azaldu zuen gizadiaren kontrako krimenak jende arruntek burutzen dituztela egiten dutenaren helburuez galderarik ez egiteagatik, agintariei itsu-itsuan jarraitzeagatik. Atomo zibilaren Russell auzitegia antolatu beharra aldarrikatzen dutenen aburuz, Mendebalde aberatsean gaizkiaren hutsaltasuna orokortu egin da eta hemengo sistema politikoak totalitarismo demokratiko bilakatu dira, gizarteak betiko hondamendira daramatzatenak.

Horregatik proposatu dute Russell auzitegi berria, AEBk Vietnamen burutu krimenak epaitzeko 1966an antolatua bezalakoa. Geroztik antzeko gehiago izan dira, Txileko estatu kolpeaz, Irakeko gerraz, eta Palestinaz. Honek epaitu beharko lituzke Txernobylgoa eta Fukushimakoa... Fallujahkoa ahaztu gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude