argia.eus
INPRIMATU
Rafa Rueda
«Badirudi helburua ez dela kultur transmisioa, estruktura ekonomikoari eustea baizik»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

Distantzia. Urrundu eta gauzak handik ikustea?

Distantzia bidaiaren parte da. Mundu berriak deskubritu ahala, zure mundua urrunetik nolakoa den ikusten duzu. Batzuetan, berritasuna abiapuntua berraurkitzea da. Diskoan norberaren ezagutzarako bidaia agertzen da etengabe.

Enarak. Hobe, memoria gabe, lainoetan elipseak egiten galtzen utziko bagina?

Enarak diskoaren abiapuntua dira. Garajean habia nuen eta harritzen ninduen urtero etortzeko zuten gaitasuna. Enaren etengabeko bidaia eta gure bizitza oso parekagarriak dira. Behin eta berriz aurkitzen gara pertsona eta egoera beren aurrean baina bidaiaren esperientziak, halabeharrez eta aldi berean, egoera eta pertsona ezberdinen aurrean jartzen gaitu, gu ezberdinak izanik ere. Enarak berak ez dira inoiz habi berberera itzuliko eta guri askotan antzeko zerbait gertatzen zaigu: atzo berdea zena, gaur urdin. Etengabe ari gara aldatzen, izen berbera dugun arren.

“Dylanen kantu baten erdian inor bagina, eternal ginateke”. Entzuleei zer sentiarazi nahi diezu?

Ahalik eta kanta onenak egiten saiatzen naiz. Helburua jendearengana heltzea da, emozioak transmititzea. Gustatuko litzaidake entzuleek zerbait jaso dutela sentitzea, entzun aurretik baino hobeto sentitzea. Niretzat musika hobeto bizitzeko baliabidea da, hori zabaldu nahi dut.

Berriro autoekoiztea erabaki duzu, eta bizkarra eman diezu banatzaile eta dendei. Jarraitzaileak saritu nahi dituzu?

Benetako jarraitzailea saritu nahi dut, baina baita ere uste dut gure musikaren industria ez dagoela modu jasangarrian eraikita eta horrek lanaren gutxiestea dakar. Badirudi helburua ez dela kultur transmisioa osasuntsu mantentzea, estruktura ekonomikoa eustea baizik. Ekonomia eta artearen arteko oreka behar da. Sortzaile eta jarraitzailearen arteko harreman ezberdin baten bila nabil.