Mendekua ala elkarbizitza

Argazki Press / L.F.

MOBILIZAZIO erraldoia espero da datorren larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioan. Horixe baita lehenik eta behin, eskubide kontu bat, gainerako preso guztiek dituzten eskubideak euskal presoentzat ere normalak izan daitezela. Presoena ETAren aurkako tresna izan da etengabe Espainiako Gobernuarentzat eta pertsona gatibuen eskubide urraketa erabili izan da borroka horretan; areago, haien senitartekoen eskubideak ere urratuak izan dira sakabanaketa politika medio. Milaka pertsonen sufrimendua areagotu du Espainiako espetxe politikak, zentzu instrumentalez eta mendekuz. Bada ordua espetxe politika bakearen zerbitzura jartzeko.

Ez dago gatazka politiko bortitzik munduan bere garapenean sortutako presoak espetxean mantentzen dituenik. Hemengoa ez da salbuespena izango. Hori bai,  presoen askatze prozesua bihurritsua izango da. Baina ziegetako ateak itxiz gero, euskal gizartean presoak askatzearen aldeko olatua gero eta handiagoa izango da, horretaz ere ez da zalantzarik. Kontua da nola erantzungo dion aldarri horri PPk. Eta pentsa liteke Mariano Rajoyk emango duela urratsik, are gehiago horietako asko hain errazak direnean. Txanponaren beste aldea sektore eskuindar eta atzerakoienetan da eta hauek ere arretaz jarraituko dute presoen eremuan egingo den edozelako urrats; horretarako komunikazio esparru zabala dute gainera.

Azken finean, orain arte bezala, bi logika egon daitezke hemen kontrajarriak. Euskal gizartearen logikatik argi da presoan auzia lehenbailehen konpontzea interesatzen dela, hau konpondu barik ez delako normalizazio politikorik izango. Eta Madrildik begiratuta? Bada, logikoena litzateke pentsatzea han ere hori komeni dela, euskal gatazkaren korridorean zabalik geratzen diren ateak apurka ixten joatea litzatekeela egokiena, beren indarrak buru belarri ekonomia krisira bideratzeko. Baina Madril hori baino konplexuagoa da eta han bide ugari gurutzatzen dira.

Madrilgo logikatik, garrantzitsuena da erakustea Estatuak ez duela amore ematen eta legearen inperioa beteko dela edozeren gainetik. Denontzat da ezagun, alabaina, legearen inperio hori egin eta berregin egiten dela etengabe eta legearen interpretazioa nahi bezain estu edo zabal egin litekeela. Baina Estatu batek eta mandatari batek arazo handiak dituenean –krisi ekonomikoa, adibidez–, behar ditu bestelako zementu gaiak herritarrak batzeko eta kasu honetan kohesio osagai horietakoa izan daiteke euskal gatazka eta, une zehatz honetan, bereziki presoena. Horra arriskua.

PRESOEK  eurek ere urratsak eman beharko dituzte eta dagoeneko ematen ari dira, batzuk oso garrantzitsuak, esaterako Gernikako Akordioarekin bat egitearena. Azkenean, pertsona bakoitzaren eskaeretan oinarrituko dira presoen eskubide eta askapen prozesu guztiak. Presoek era kolektiboan hartuko dituzte beren erabakiak, baina preso bakoitzaren eskaerak bideratuko ditu horiek. ETA eta Estatuaren artean eman den logika bera emango da hemen ere, Estatuarentzat berak garaitu du ETA, baina ETArentzat ez da halakorik gertatu, borroka armatua berak utzi duelako, orain bere helburu historikoak lortzeko tresna egokiena ez delako. Presoen gaia garrantzitsua da bake prozesuan, baina presoen parte hartzea ezinbestekoa da hau arrakastaz eman dadin, besteak beste elkarbizitzari begira ETAk sortutako biktimekiko eman beharreko mugimenduetan presoen parte hartzea giltzarri delako.

PPk eta Mariano Rajoyk presioa eta laguntza beharko dute presoen bide hau egiteko. Sinesgaitza da euskal gizartearen presio barik ezer lortuko denik, eta guztiz sinesgarria da EAJren eta PPren artean ehuntzen ari den harreman sarea lagungarria izan daitekeela bake prozesua bideratzeko. Rajoy eta Urkullu aspaldi hasi ziren harremanetan, 2012ko Bizkaiko eta Arabako diputazioen aurrekontu akordioak hor dira, Kutxabankeko aginte banaketa… eta logikoena litzateke EAJrena esku baliagarria izatea PPk espetxe politikan urratsak eman ditzan. ETAren jardun armatu barik, PPk presoen eremuan ematen ez dituen urratsak presoen posizioa  sendotzen du etengabe; lehengo jardun armatuak zokoratzen zuen presoekiko elkartasuna, orain PPren mendekuak eta jarrera itxiak barreiatuko egingo lukete.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude