Itsasaldia

Antton Olariaga

Bada herri ttiki-ttiki bat –ñimiño eta nanoa– lau haizeek astindutako itsasoaren bazter urdinean bizi dena: Kalkuta, Beijin, Sao Paulo, Tokio... hiritzar horietako bazter-auzo baten tamainakoa. Harroak eta ederrak ditu iparraldeko urak neguan; udan, eme eta nasaiago. Itsasketarako gonbita egiten dute uneoro.

Itsaso beti irekiari bizkarra emanda, ekialdeko mendi-zintzur ospelei begira bizi izan dira urte luzetan horko herritar batzuk: haizpe estu horretatik etorri baitzaie –egun argiaren ordez– gidari espiritualen haizea. Lagun horiek uste izan dutenez, afrontua baizik ez dator mendebaldetik; hego berotik, ekaitza. Eta, kontrolagaitza begitandu izan zaie iparreko urzelai zabala.

Begiratu bakar eta monolitikoa izan dute herri horretan askok eta askok, baina aldatzen hasita daude gauzak mendi goietan, bai eta ibar sakonetan ere: gehienek ulertu baitute, ulertu, mendebalak beharrezko euria ekar dezakeela, ekiak eguzkia, hegoak lehor-puntua, eta itsasoak ufada atsegina. Hartara, ulertu, ulertu dute ezen haitz arteak ez duela markatzen jada puntu kardinalik.

Lemari eutsi. Itsaslabar urdineko herri horretan, gazte eta zahar asko falta dira beren etxetik, gudu herdoil zaharretan barna galdurik. Kartzela bizi dute herritar horietako batzuek. Atzerria. Kanposantua. Ideiak ideia, txapelean erantsitako gorrotoak eta ezin ulertuak eraman dituzte batzuk eta besteak dauden tokietara.

Alabaina, aingura-kumeak ur-zozoari bezala, egun, ihesi egin nahi diote batzuek iragan antzuari: ur arreak utzi, eta gardenak hartu. Ezkatak ere aldatu dituzte, aldatu. Krosko berriak eraiki, oihal zulatuak josi, sareak konpondu... Baina, lege agorrari eutsi nahi diote beste batzuek, errebantxan diote: “Begia, begi truk, eta izorra hadi”.

Ahaztua dute horiek erlijiorik eta bortitzenak ere badakiela idazten Itun berria. Zahartutakoa gainditzeko idazten da berri hori: marmol beti hotzaren irmotasuna baztertu, eta abagune berriak esnatzen dituen ordularien orratzei erreparatzeko eta erantzuteko.

Urduri, zarata egiten dute orduan ur biziek arroketan. Baina, erloju berriak hala eskatuta, marinel zaharrak erretreta hartu eta tostarteko bizargabeari uzten dio lema.

Belak hedatu. Irekia bezala, errea ere bada itsasoa, batzuetan; eta antzua, zakarra, gorria, alua… Baina, itsaso da itsasoa; batez ere, zabala, neurgaitza, eta askea.

Egunotan, urteberriaren abaroan, batelak atera dituzte uretara itsasertz urdineko herritar batzuek. Herriko danbolinteroari eskatu diote Itun berria idaztera deitzeko herritarrak: labarretako ertzak leuntzeko denen artean, gorrotoa itzaltzeko, zintzur estuak zabaldu eta eguzkiari bide egiteko.

Aurretik, goiztiri freskoak eta eguerdi ekaiztsuak beharko dute adiskidetu. Ihintzak eta sargoriak. Adiskidetu, ez ezinbestean ohe berean etzan eta larrua larruaren kontra jarri.

Lan zaila da hori. Hanka sartu eta mina eman batek baino gehiagok egin baitu. Urrundik ireki beharko da bidea: kartzelak errautsi eta kanposantuetako liliak ureztatu. Nik zuri, eta zuk niri.

Aurrera eginez gero, kolosala izango da. Bestela, ez. Bestela, betiko moduan, itsas hondo arretan bazkatuko dira arrain-katu sarraskijaleak, lau haizeek harrotutako itsasoaren bazterrean bizi den herri ttiki-ttikiaren zoritxar eta atsekaberako.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude