Gizarteak baztertutako amen eta haurren etxea

  • XX. mendean zehar Zizurkilgo Fraisoro etxean jaso zituzten Gipuzkoako haur espositoak eta ama ezkongabeak. Eva García Magriñák liburu batean bildu du arazo gordin horri erantzuteko ia ehun urtez egindako ahalegina.

Kutxa Fototeka

“Umezurztegian, goseak oinazea zekarkien oraindik Oliverri eta lagunei: egunean burruntzali bete ahi besterik ez zieten ematen, jaiegunetan ezik, orduan ahiarekin batera ogi zatitxo bat ere ematen baitzieten. Handik hiru hilabetera haurrek janari gehiago eskatzeko ausardia bildu zuten eta, zotz egin ondoren, Oliverri egokitu zitzaion eskaera egitea. (…) Mutikoa astebetez gela hotz eta ilun batean giltzaperatu zuten; hantxe eman zituen egunak eta gauak, garrazki negarrez. Soilik jangelan lagunen aurrean jipoitua izateko uzten zioten gelatik irteten”. Pasartean aipatzen den Oliverrek Twist du abizena, eta hitzok Charles Dickensek idatziak dira. Eta horixe da, oro har, zinemak edo literaturak sehaska etxeez edo haurrentzako erruki etxeez eman duten eta gehienok jaso dugun irudia. Eva García Magriñák, aldiz, Fraisoro etxearen historia Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburuan jaso du. Errealitate gordina islatu du, baina tragedia horiek beste modu batera tratatzen hasteko oinarriak ezarri zirela ere azaldu du.

1900ean Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak 20.000 pezetako dohaintza egin zuen sehaska etxe berria eraikitzeko. Hori baino lehen, gehienetan pobreziak bultzatuta abandonatutako haurrak Gipuzkoako tornuetan uzten zituzten –komentuetako atarian haurrak modu anonimoan uzteko erabiltzen ziren ate birakarietan, alegia–, eta 1844az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen zen espositoez –instituzioen esku geratzen ziren haurrak–. Baina inude sarea ez zen nahikoa, baliabideak ere ez, eta haur horien heriotza tasa izugarria zen. XIX. mende bukaeran haurrenganako kontzientzia aldatu egin zen: haurren osasuna eta eskubideak babesteko mugimendua abiatu zen. Gipuzkoako administraziora ere iritsi zen espositoen alorra hobetzeko nahia, eta aurrezki kutxaren laguntza funtsezkoa izan zen.

Haurren (eta amen) etxea

Zizurkilgo Fraisoro etxeak 1903ko udan zabaldu zizkien ateak Donostiako tornuan zeuden 40 bat umeri, eta beste 14.000 haur inguru pasako ziren handik 1994an zentroa itxi zuten arte. 1913an tornuak desagerrarazi zituzten, abandonuak errazten zituztelakoan. Haurrak Donostia eta Tolosako ospitaletako amatasun geletatik zetozen. Bestela, atarian entregatu behar ziren. Urte horretan, amatasun gela prestatu zuten sehaska etxean bertan, baina berehala txiki gelditu eta 1921ean ama etxea eraiki zuten bestearen alboan.
Eva Garcíaren helburu nagusietakoa emakume horien errealitatea azaleratzea izan da: “Familiaren babesa izan zutenek ere, oso egoera gogorra jasan behar izan zuten kanpoan, gizartean”. Ama horien profil jakinik ez du ematen: “Denetik zegoen. Baziren prostituzio mundutik zetozenak eta egoera marginalean zeuden emakumeak, baina ez ziren gehiengoa”. Askok besterik gabe senargaiekin harremanak izanda bukatzen zuten Fraisoron. Eta baziren senitartekoek edo nagusiek behartutakoak ere.

Kanpoko eta barruko inudeak

Haur jaioberrien elikadura funtsezkoa zen haien biziraupenerako. Esne artifizialak heriotza tasa handitzen zuela ikusi zuten berehala, eta, beraz, inudeek haurrei bularra ematea zen egokiena, kanpoko nahiz barruko inudeek. Gainera, edoskitze naturalak sortzen duen lotura afektiboak errazten zuen haurra bularra eman zion amarekin edo inudearekin gelditzea.

Kanpoko inude gehienak baserrikoak ziren, haur biologikoa galdu berriak eta, horregatik, edoskitzeko egoera aproposean zeudenak. Inudeek diru saria jasotzen zuten. 1916an hileko 26 pezeta ordaintzen zieten haur jaioberriei bularra emateagatik, eta haurrek adinean aurrera egin ahala, gutxiago; hala, 5-6 urteko haurrak zaintzeagatik 10 pezetakoa zen soldata.

Barruko inude gehienak haurra Fraisoron bertan edo ospitalean izandako ama ezkongabeak ziren. Administrazioak debalde ematen zizkien erditze ospitalarioa eta haurraren geroko gastu medikoak eta diru-laguntza ere eskaintzen zien. Ordainetan, ama etxean erditzeaz gain, haurra bi hilabetez edoski behar zuten. Epea pasata, gehienek Fraisoro uzten zuten, baina baziren etxera bueltatu nahi edo ezin zutenak. Haiek inude moduan geratzeko aukera zuten eta, mantenuaz gain, soldata jasotzen zuten. Fraisoron sartu ahal izateko, gipuzkoarra izateaz gain, baliabide ekonomiko mendrekoa izan behar zuen emakume haurdunak. Baldintza hori betetzen ez zutenei bertan egoteko aukera ematen zitzaien, mantenu gastuak ordainduta. Ohorezkoak edo pagatzaileak zeritzen eta besteekiko pribilegioak zituzten, esaterako, bakarkako gelak. Fraisorora joateko, arrazoi ekonomikoez gain, sarritan arrazoi “sozialak” zeuden seinale. “Emakume oso gutxik zuten independentzia ekonomikoa”, dio Eva Garcíak, “eta senargaiak eta, batez ere, aitak erabakitakoari men egitea beste erremediorik ez zuten izaten”.

Haur batzuk kanpoko inudeen edo amen eskutik irten ziren Fraisorotik. 1940an, esaterako, 28 haur irten ziren amarekin, eta beste 48 inudeekin. Gerora inude batzuek haurrak seme-alabatzat hartzen zituzten praktikan –haur biologikoak zituztenek espositoak ofizialki adoptatzeko aukerarik izan ez arren–, baina beste batzuek atzera sehaska etxera eramaten zituzten.

Haur kopuru gehien 1923an bildu zuen Fraisorok: 333 guztira. 1930eko hamarkadan kopuru hori ez zen 200dik jaitsi, eta 1976. urtera bitartean urtero 100dik gora haur pasa ziren handik. Erditze kopururik handiena, aldiz, 1948koa izan zen. Urte hartan 76 haur jaio ziren Fraisoron eta gainerako urteetan kopurua 50 inguruan ibili zen. 1960tik aurrera nabarmen egin zuen behera eta 1968az geroztik ez zen erditzerik izan, kanpoko ospitaleetara eramateko joera nagusitu baitzen.

Espositoen heriotza tasari dagokionez, Gipuzkoako erakundearen datuak oso onak ziren, inguruko inklusetakoekin alderatuta. Amarekin sartu ziren haurren heriotza tasa %0,7koa izan zen 1943an, eta amarik gabe iritsi zirenena, %26,1ekoa. Bizkaiko inklusako datuak parekoak ziren. Baina Araban amarik gabeko haurren %44 eta amarekin iritsitakoen %63,6 hil zen urte hartan, Madrileko inklusan bezalatsu.

“Luxuzko” etxea baztertuentzat

Fraisoro, inguruko inklusak baino hobea zela esan nahi al du horrek? Fraisoron sartutako amen jatorriak ere antzeko ondoriora eraman gaitzake, probintziaz kanpokoak zirelako. 1930-1950 urteetan soilik amen %64 ziren gipuzkoarrak; %13,9 nafarrak ziren, %4,6 Bizkaitik etorritakoak, %2 Valladolidekoak eta beste %2 Frantziako Estatukoak.

Askok goraipatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua, esaterako, Jose Maria Salaverria idazleak. 1910ean ABC egunkarian argitaratutako artikulu batean, Fraisoro jauregitzat zuen. Bere esanetan, sehaska etxea bisitatzen zuten jaun askok beren seme-alabak hantxe uzteko eragozpenik izango ez luketela zioten. “Marmola, iturriko ura, airea eta argia, xukadera garbiak, estukozko zoruak, horma bernizatuak; dena da garbia, aberatsa, oparoa eta bikaina Gipuzkoako Sehaska Etxean”.

Baina artikuluak aurrera egin ahala, idazleak eraikina albo batera utzi eta haurrei erreparatzen die; “oinazearen seme-alabak” dira harentzat. Amaitzeko, haur horientzat etorkizunean erruki bihozberagorik egongo ote den galdetzen dio bere buruari, ez ote den errukitsuagoa haurrei oinazea biziarekin batera kentzea, horrela bizitzera kondenatzea baino.

Baina, haien onerako, Gipuzkoako Foru Aldundia ez zen uste berekoa. Eva Garcíak dioenez: “Dena ez zuten ondo egingo, gaur egun psikologian dugun ezagutza ere ez zuten, mugatuta zeuden”, baina, oro har, instituzioen, sendagileen, Karitateko alaben, eta han aritutako langile gehienen borondatea goraipatzen du, beti ere amen, haurren eta adopzio familien eskubideen arteko oreka zailean. “Nahiz eta perfekziotik urrun egon, garai hartako gizarteko izaera erlijiosoa ere kontuan izanik, nire ustez, txukun samar kudeatu zituzten zeuzkaten baliabideak. Arazoa ez zegoen Fraisoron, arazoa gizartearena zen, Fraisoron ezkutatu nahi izan arren”.

Espositoei eta ama ezkongabeei, esker onez

Inklusak aitzindari izan ziren, hein handi batean, haurren osasuna sistematikoki kontrolatzen eta osasun azterketa horien emaitzen inguruko hausnarketa egiten. Hala, puerikulturaren eta pediatriaren hastapenek etxe horietan izan zuten sorburua, eta gero gizarte osora zabaldu ziren.

Ospitaletako erditze-gelek ere badute zer eskertua babes etxe horiei. 1920ko hamarkada arte soilik haurdun ezkongabeek erditzen zuten ospitaletan, haientzat propio prestatutako erditze gelatan. Ondoren, pobreen erditze zailenak ospitaletara eramaten hasi ziren, eta pixkanaka ospitalean erditzeko ohitura gizarte klase guztietara zabaldu zen.

Eta espositoak esne artifizialaren akuri ere izan ziren. Fraisoron bertan, hasieran edoskitze artifiziala erabiltzea proposatu zuten. Baina behi esne egokitua hartzen zuten haurren heriotza tasa askoz handiagoa zen sehaska etxeetan. Horrenbestez, haurrei inudeek bularra ematea lehenetsi eta bultzatu zuten. Eta, aurrerago, esne artifiziala hobetuz joango zen, haurrentzat kaltegarria ez zen formula lortu arte.

Fraisoroko ama, haur eta langileen testigantza

10.829 espositoaren ama. 1954

“Egunero, goizeko zazpietan meza izaten zen. Inork ez gintuen behartzen hara joaten. Nahi zuena joaten zen. Han ez zen inor ezertara behartzen. Hori bai, errespetua eta umeak ondo tratatzea behar-beharrezkoa zen. (…) Nik hiru ume neuzkan nire kargu. Bularra nireari eta Fernandito izeneko beste bati ematen nion. (…) Ni han zoriontsu izan naiz eta, handik ateratakoan, babesetik, zu eta zure haurraren bizitzaren kargu egitea salto handia da. Nire gurasoek ni bakarrik bueltatzea nahi zuten, haurrik gabe”.

11.283 espositoaren ama. 1963

“Garai hartan hura leku marjinala zela sinisten zuen jendeak, baina marjinaletik gutxi zuen. (…) Esan behar dut bi urte haietan haurra adopzioan emateko presioak jasan nituela Diputazioaren bidez, baina nik garbi nuen ez nuela inoiz hori egingo. Hori izan daiteke han izandako esperientziarik mikatzena edo itsusiena. (…) Jaten ere primeran ematen zuten; pentsa, tarteka ardoa ere eskaintzen ziguten! Ez genuen ezeren falta! Nik hangoaz ona besterik ezin dut esan”.

3.051 ama. 1974

“Haurdunaldiaren bosgarren hilabetean sartzera nindoala erabaki nuen ez nuela herrian gelditu nahi. Herri txikia zen eta jendearen esamesetatik ihes egin nahi nuen (…) Herri txiki bateko presiotik joanda oso leku aurrerakoia iruditu zitzaidan. Tratua oso ona zen eta, han emandako hiru hilabeteetan, gauza asko ikasi nuen: haurrak zaintzeari buruzkoak, hauen dietak nolakoa izan behar duen… Baina denak giro misteriotsu batez kutsatua zirudien: nesken arteko girorik ez zen sustatzen, inork ez zuen bere zirkunstantzien berri ez eman ez galdetzen…”.

8.184 espositoa

“Ni, ia denak bezala, bularra eman zidan inude batekin atera nintzen Fraisorotik egunak nituela, baina 5 edo 6 urterekin Fraisoro Etxera bueltatu ninduten. Zaila badirudi ere, gogoan dut egun hura. Barrena sartu ginen eta han zeuden moja denak. Gogoan dut nola leiho batetik ihes egin nahi nuen. Leiho altuak ziren eta ni, haietako batera igota, handik eskapatu nahian. Moja batek handik jaisteko nola hanketatik tira egiten zidan oso gogoan dut oraindik. Moja haiek emakume onak ziren. Ni neu, gaizto samarra”.

4.512 espositoa

“Ni eskolan konturatu nintzen anai-arreben artean abizen ezberdin ugari erabiltzen genuela eta oso arraroa egin zitzaidan. Etxera bueltan aitari horren galdera egin nion eta berak garbi esan zidan kontua nola zen, anaia J.M. eta biok nondik gentozen eta zergatik. (…) Tarteka, helduak ginela, inspektorea etortzen zen baserrira, gure berri izateko. Gogoan dut herrena zela eta oso gizon jatorra”.

10.166 espositoa

“Fraisoron jaio nintzen. Handik hilabete batzuetara, hidrozefalia izan nuen. Egoera horretan haur gehienak hil egiten omen ziren, baina, arazoak arazo, mediku eta mojen zaintzari esker, aurrera egiten nuen nola hala. (…) Ni hartu ninduen bikotea 50 urteko gizonak eta 30 bat urteko emakumezkoak osatzen zuten. Jo egiten zuten elkar eta, ondorioz, ni ere bai, biek egurtzen ninduten. Pentsa, tximinia gainean arbasta bat zeukaten ni jotzeko! (…) Ama eta…, aita eta…, ez…, niretzat hitz horiek ez zuten zentzu handirik. Ni inork ez ninduen besoetan jaso, ezta muxurik eman ere”.

Jose Antonio Alustiza (1916-1992), 1951-1986 urteetan mediku zuzendari

“Haurra eta ama babesten saiatu behar dugu, eta ez aita, orain bezala, aita baita gehienetan errudun nagusia”.

Victor Ormaechea, 1986tik mediku

“Ni arduradun izandako urte hauetan guztietan bi haur hil dira bertan, batek bat-bateko heriotza izan zuen, Down sindromeaz aparte zeuzkan bestelako konplikazioengatik, eta geroago Loistarainen kokatuak ginenean, beste bat Hiesak jota. Edozein gizarte-mailan eman daitekeen heriotza tasaren antzerakoa izan da nik han ezagutu dudana”.

Mila Larburu, 1976-1984 urteetan langile

“Oraindik gogoan dut, aurreko zelaian, manta baten gainean, ume denak pila bat eginda nire gainean, barrez; edota, haien siesta garaian, amekin terraza eder hartan izandako kafe-solasaldiak: beren egoerari buruz, munduaz… Ama batzuk bertan bizi ziren. Haurrak 5 urte izan arte, horretarako eskubidea zuten. Beste batzuk ordea, kanpora irteten ziren lanera eta asteburuetan bisitan etortzen ziren. Dirua zutenean, taxian agertzen ziren, bestetan dirurik ez eta telefono dei batekin konformatu behar izaten zuten haurrek. Horrelakoetan, pena ematen zidan, haurra guapo-guapo prestatzen genuen bisitarako eta, gero, ama azaldu ez”.

Andres Izaskun, bizi osoa espositoei lotuta

Andres Izaskun 1916ko maiatzaren 14an jaio zen. Handik ordu gutxira, Fraisoro Etxean utzi zuten. Urtebete zuela, Oarsoaldeko senar-emazte batzuek jaso zuten, eta 1922an Andresen harrera patentea gauzatu zen. Baina 1925ean Andresi tuberkulosiaren oinarria zuten tumore batzuk diagnostikatu zizkioten aldakan. Orduan, familiak Andresen ordez beste haur bat eskatu zion Probintziako Espositoen Batzarrari (PEB), eta, eskaera onartuta, Andres erakundearen kargu gelditu zen bigarrenez.

Ospitalean bost urte eman ondoren, Tolosako Errukietxera eraman zuten. Ikasle ona izaki, Donostiako Lanbide Eskolan matrikulatu zuten lehenik, eta gero Iruñekoan sartzen saiatu zen.

Baina 1936an, gerra piztu zenean, 20 urteko gaztea Errukietxera itzuli zen. Hango espositoen egoera gordina ikusita, hura aldatzeko ahal zuen guztia egingo zuela erabaki zuen. Hala, 1941ean PEBn idazlari lanetan hasi zen, garaiko espedienteak kontu handiz eta xehetasun osoz osatzen eta zaharrak erreskatatzen. Handik hiru urtera agente ikustari izendatu zuten, eta 1955etik 1981era zerbitzuko ikuskatzailea izan zen.

Bulegoko lanak sekula baztertu gabe, haurtzaroko gaixotasunak herren utzitako gizonak Gipuzkoa osoa ibili zuen, herriz herri, baserriz baserri, askotan oinez, haur baten eskaera egiten zuten ezkontideen eta hartutako haurren kontrola egiteko. Eta etxera iristean ere ez zen haren lana amaitzen, espositoak eta amak maiz etxera joaten baitzitzaizkion aholku eta babes eske.

Eva Garciak funtsezko iturri izan ditu Andresek osatutako txostenak, ez soilik datu guztiak jasotzen zituelako, baita lehenago dokumentu ofizial hotzak zirenak xehetasun eta inpresio sentiberez bete zituelako ere. Egileak liburuan dioenez, “gizon ulerbera zen; ikusi besterik ez dago informeetan amei eskaintzen zizkien esaldietan, bakoitzaren nortasunaren alde positiboa islatzeko egindako ahaleginak”.

1992an zendu zen Andres Izaskun, 6.397 zenbakidun espositoa.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude