"Etorkizuna ez da samurra, baina bai itxaropentsua"

Estanis Lopez Agiriano, preso politiko ohia
Estanis Lopez Agiriano, preso politiko ohiaDani Blanco

Carabanchel, Alcala eta Herreran bi urte eman nituen. 1987ko sakabanaketaren ondoren Castellonera eraman ninduten, iazko maiatzera arte. 12 bat preso geunden, beti bereiziak, 2-3 lagun modulu bakoitzean. Sentimendu onak eta oso garratzak gorde ditut: kidetasuna eta elkartasuna jaso ditut, baina errepresio handia eta une txarrak ere bai –Aljeriako, Lizarra-Garaziko eta Loiolako su-etenen ondoren bereziki–. Eguneko 20 ordu ziegan bakarrik egoten ginen –eta gaur hala dira ere–. Moduluetatik patiora jaisten ginen goizean, kirol pixka bat egin, lagunen arteko solasa izan, eta –otorduak tarteko– ziegara berriz ere: irakurri eta nork bere ametsak bizi zituen. 1996an, oraingo neskalaguna ezagutu nuen. Basauriko Santi Diaz Uriarte presoaren tutoretza lana egiten zuen orduan. Pedagogia ikasi zuen Santik. Zoritxarrez, kartzelatik atera eta minbiziak eraman zuen. Bikotekide izateak laguntza handia ekarri dit. Halaber, atera ondoren harrera hunkigarria izan nuen. Ezin esanezkoa da horrek sortzen dizkizun poztasuna eta urduritasuna. Jende asko bildu zen karrikan, jende anitza, politikoki denak ez datoz guztiz bat zurekin, baina horiek ere harrera egin dizutela sentitzea handia da.

Kalean zaude, baina ez da samurra, dena da berria, ez duzu zure burua aurkitzen. Lehen hilabeteetan burua espetxean duzu. Kartzelan “dena” egina duzu: ordu berean lo, ordu berean jan... Kanpoan kaosa da: gaur ordu batean bazkaldu edo afaltzen duzu, bihar beste batean, dena presaka egiten da, denak presaka doaz. Arrotza sentitzen zara. Teknologiaren eragina izugarria da: mugikorrak, Internet... Gauza askok harritu naute. Treneko biletea hartu nuen lehen aldian ez nuen asmatu. Oiartzun bera ere lehen biziagoa zen, orain hotzago da. Duela 25 urtekoarekin alderatuz, jendeak beste lehentasunak ditu. Gizartea aldatu da, bai onerako bai txarrerako. Egunerokotasuna asko jaitsi da, tristeago da bizimodua. Kaosa nagusitu da, kotxeen eta bideetako abiadura. 25 urteren ondoren Eguberriak etxean pasa ditut, eta bereziki, gurasoekin egotea polita da. Baina burua barruan daukazu.

Espetxeratu nindutenean, 19 urte nituela, igeltserotzan ari nintzen. Lanbide heziketa ikasi nuen. Orduan krisi garaia zen, eta hala da orain ere. Aurreko garai “oparo” hori izugarria izan dela sentitu dugu barrutik: kotxe eta etxea handiak... Jendeak bat baino gehiago du gainera. Handikien modura ibili da jendea. Oraingo egoera ez da goxoa, baina aberatsak ez garela jabetzeko egokia da nik uste. 44 urte ditut. Preso ohi batentzat lan mundua are zailagoa da, lanik ez dago eta gazteak oso prestatuta daude. Prekaritate izugarria dago. Lagunak ondoan ditugu eta eskerrak. Kartzelatik atera garenok talde bat osatu dugu preso ohiei lagundu aldera. Ikasketak bideratzeko, lana bilatzeko... Elkartasuna badago, baina denok ez dugu elkartasun berbera. Nik anaia-arreben eta neskalagunaren aldetik laguntza handia jaso dut, Oiartzungo lagunena ere bai. Hil honen 2an basogintzan hasiko naiz lanean.

Prozesu ezberdinak bizi izan ditugu, eta bakoitzak bere berezitasunak izan ditu. Zentzu horretan, hona ekarri gaituen bidea ongi urratu dela uste dut. Egia da, bidean bide, ezker abertzalea mugatua geratu dela, baina gaur egun bidea zabaltzen ari da, eta beharrezkoa da. Hartara jende gehiago etorri da oraingo prozesura. Etorkizuna ez da samurra, baina bai itxaropentsua. Ikuspegi ezberdinak izango dira aurrera egiteko, baina gauzak garbi daude, hartutako bidean ez dago atzera egiterik, aurrera goaz.

Oso ilusionatua nago bizi dugun une politikoarekin. Indarra badago. Jendearen aldetik ere behar bat dago prozesu hau aurrera eramateko. EPPK-k agiri bat aurkeztu du berriki, aipatutako bideari heltzeko prest dagoela dio Kolektiboak. Gaur egun espetxe egoera ez da aldatu halere, aurreko prozesuetan bezalatsu daude presoak. Kartzeletako egoerak ez dira aldatu, nik dakidanez. Baina ilusioa izugarria da, epe erdi batean gauzak aldatu daitezkeelako. Kanpoan eta herrietan ere berdin. Bilboko manifestaziorako kartelak dioen bezala: Kolosala izango da. Jende anitz izango da, azken urteetan mugitu den jende multzoa baino handiagoa. Zentzu horretan Bilbora joateko animatzen dut jendea. Presoak eta iheslariak gogoan izateko, Euskal Herrian eta etxean behar ditugulako”.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 08a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude