argia.eus
INPRIMATU
Disidentziaz

Edu Zelaieta Anta 2012ko urtarrilaren 03a

Disidentzia omen da diktaduraren eta demokraziaren artean dagoen funtsezko alde bat. Disidentzia egoteko aukera. Disidentzia horrek bere burua jendaurrean agertzeko eskubidea, pentsatzen duena duin garatzekoa. Izan ere, geure zenbait politikarik maizkara gogoratzen digutenez, diktaduran herritarren pentsamendua erreprimitzen da; demokrazian, ordea, diferentzia (ideologikoa) onartzen da.

Aurrekoa egia izatera, ez dakit zenbat benetako demokrazia egongo diren XXI. mendean, hau da, zenbat tokitan egingo zaion harrera goxoa diferente pentsatzeari. Munduan itzuli bat egitea aski da kontuak ateratzeko: non hartzen da ezberdintasuna demokraziaren oinarritzat? Zein estatutan ateratzen zaio etekina disidentziari?

Aldeak alde, demokrazian bizi garen herritarrok sarri askotan bizi gara ideologia bakarraren menpe, uste baino gehiagotan: demokraziako diskurtso ugarik (erabateko) atxikimena dute xede, denok bat egitea helburu. Adibiderik nahi? Bada, oinarrizko hainbat eskubidetan murrizketak egitea ezinbesteko formula dela sinestaraztea. Gure hobe beharrez, gainera.