Zipre, duela 9.500 urte. Egun Shillourokambos deritzon aztarnategi neolitikoan pertsona bat ehortzi zuten, alboan katua zuela. 2004an Jean-Denis Vigne paleontologo frantziarra buru zuen arkeologo talde batek aurkitu zituen gizakiaren eta katuaren arrastoak. Katu horrek basakatu afrikarraren antz handiagoa zuen egungo katu domestikoarena baino. Hala ere, adituek ez zuten zalantzarik izan: katu hori gizaki batekin batera ehortzi bazuten, etxekotua zegoelako izan zen. Eta, horrenbestez, ordura arte nagusitu zen teoria, katua egiptoarrek duela 4.000 urte inguru etxekotu zutela zioena, bertan behera geratu zen. Zipren aurkitutako katua askoz lehenago etxekotu zuten Neolitoko abeltzain nekazariek, K.a. zortzigarren edo bederatzigarren milurtekoan, ia nahi gabe, gizakiek nahi gabe behintzat.
Nekazaritzaren hastapenetan gizakiak landareen soberakinak biltzen eta gordetzen hasi ziren, eta berehala zekale erreserbek ugaztun karraskariak erakarri zituzten. Jean-Denis Vigne katua aurkitu zuen paleontologoaren hitzetan, “zientifikook sagu horiek komensal gisa definitzen ditugu, baina gainerakoentzat parasitoak besterik ez lirateke, gure janaria jatera zetozelako. Karraskariek ez zuten ordura arte halako pagotxarik izan, eta pentsatzekoa da lehen gizaki sedentarioek sagu izurrite kezkagarriari aurre egin behar izan ziotela”. Jakina, sagu kontzentrazio hori ere pagotxa bihurtu zen katuentzat, azerientzat eta bestelako haragijale txikientzat, eta giza kokalekuetara hurbiltzen hasi ziren. “Une horretan gizakiak konturatu ziren egoera horri onura atera zekiokeela”. Hala ere, gizakiak ez zuen katua erabat etxekotu, ez baitzuen lortu felido txikiak gizakiekin eta gizakientzat ehizatzea. Katuak gizakiez baliatu ziren bizimodu errazagoa lortzeko, eta gizakiek katuen “erabakia” onartu zuten beraientzat ere harremana onuragarria zelako.
Neolitoan gizakiek beste hainbat espezie etxekotuko zituzten beren nahiera. Baina 10.000 urte geroago, oraindik ez dago garbi gizakiak katua domestikatu ote zuen, ala katuak gizakia.