argia.eus
INPRIMATU
Ausart!
Jakoba Errekondo 2012ko urtarrilaren 03a

Basoberritzeari ekin behar diogu. Baso ugari duten herri aurreratuek (Austria, Finlandia...) aspaldi heldu zioten baliabide baliotsu hori zorrotz arautzeari. Gu ere halaxe gara: baso ugari duen herri aurreratu. Eta araudia? Araudian hor konpon, Marianton!

Azken ia bi mendeetan halamoduzko kalitateko egur jakin batzuk ekoiztera jarri ditugu gure basoak, batik bat paper fabriketarako eta merke zuhurreko altzarigintzarako gaiak. Politika horren hondamenaren ondorioz, aurrerantzean beste xede batzuetara bideratu beharko da gure basoa. Bestela jai dugu, basoak eta guk.

Kalitatezko zura eta energia, horiek izango dira etorkizuneko basoaren etekin nagusiak. Eta honetarako bi baso mota abian jarri beharrean gara: baso-tantaiak edo baso-lizarrak eta lepatutako edo mugarrotutako zuhaitzen baso-motzak. Ez dut aukera hoberik ezagutzen. Zuhaitz lizarrak edo tantaiak eraikuntzarako gero eta beharrezkoagoak izango diren kalitate goreneko zurajeak osatzeko gaia dira. Mugarroak, berriz, beroa edo elektrizitatea, energia sortzeko lehengaiak emango dituztenak: iduria, ikatza, su-egurra, ezpala, pelleta (txirbil eta zerrautsekin, zurkiekin egindako papurra edo pikorra), eta abar.

Gure amonen burua bere zuten eta guk ahaztuta ditugun espezie asko bere onera, gure honera, gure buruaren oihanera, gure basoaren garunera ekarri beharrean gara: lizarra, astigarrak, haltza, urkia, ametza, ezkia...

Aziendarentzat larre eta bazka-lekuak, perretxikozaletasuna, sendabelarrak, fruitu basak eta tokian-tokian axola duten beste etekin kulturalak ezingo dira baztertu, ezta ere.

Milaka urtetan ondu eta borobildutako baso-jakintza errekara eraman eta jota hondatua dugu. Iraunkortasuna bioaniztasuna eta lurrari lotutako lanpostuak izatea bada, ekin basoari! Eskumena duenak arau beza, ausart! Basogintza berri bat abiatu eta lehenengoan asmatzea ez da erraza izango. Ahal den azkarren ekitea onena.