Andres Izaskun 1916ko maiatzaren 14an jaio zen. Handik ordu gutxira, Fraisoro Etxean utzi zuten. Urtebete zuela, Oarsoaldeko senar-emazte batzuek jaso zuten, eta 1922an Andresen harrera patentea gauzatu zen. Baina 1925ean Andresi tuberkulosiaren oinarria zuten tumore batzuk diagnostikatu zizkioten aldakan. Orduan, familiak Andresen ordez beste haur bat eskatu zion Probintziako Espositoen Batzarrari (PEB), eta, eskaera onartuta, Andres erakundearen kargu gelditu zen bigarrenez.
Ospitalean bost urte eman ondoren, Tolosako Errukietxera eraman zuten. Ikasle ona izaki, Donostiako Lanbide Eskolan matrikulatu zuten lehenik, eta gero Iruñekoan sartzen saiatu zen.
Baina 1936an, gerra piztu zenean, 20 urteko gaztea Errukietxera itzuli zen. Hango espositoen egoera gordina ikusita, hura aldatzeko ahal zuen guztia egingo zuela erabaki zuen. Hala, 1941ean PEBn idazlari lanetan hasi zen, garaiko espedienteak kontu handiz eta xehetasun osoz osatzen eta zaharrak erreskatatzen. Handik hiru urtera agente ikustari izendatu zuten, eta 1955etik 1981era zerbitzuko ikuskatzailea izan zen.
Bulegoko lanak sekula baztertu gabe, haurtzaroko gaixotasunak herren utzitako gizonak Gipuzkoa osoa ibili zuen, herriz herri, baserriz baserri, askotan oinez, haur baten eskaera egiten zuten ezkontideen eta hartutako haurren kontrola egiteko. Eta etxera iristean ere ez zen haren lana amaitzen, espositoak eta amak maiz etxera joaten baitzitzaizkion aholku eta babes eske.
Eva Garciak funtsezko iturri izan ditu Andresek osatutako txostenak, ez soilik datu guztiak jasotzen zituelako, baita lehenago dokumentu ofizial hotzak zirenak xehetasun eta inpresio sentiberez bete zituelako ere. Egileak liburuan dioenez, “gizon ulerbera zen; ikusi besterik ez dago informeetan amei eskaintzen zizkien esaldietan, bakoitzaren nortasunaren alde positiboa islatzeko egindako ahaleginak”.
1992an zendu zen Andres Izaskun, 6.397 zenbakidun espositoa.