argia.eus
INPRIMATU
Lorra
Jakoba Errekondo 2011ko abenduaren 20a

Basoa gure etorkizuneko energia iturri bihurtu behar dugula esaten dudanean, ez dut duela mende beteko jendartearen bizimodua goraipatzen, ez dut lorrean aritzen zen idi-buztarri haren abiadurara makurtu nahi. Gure lurrak eman ahal duen etekin onena zein den aztertzea besterik ez dut proposatzen. Gure basoaren aberastasuna nora bideratu, nola arteztu. Hirigintza ez beste, lurrari lotutako langintzetan ari den jende asko lur jota dago. Basogintzan ari direnak baina, ezin beherago hondoratuta, lurra ez, erreka jota.

Zuhaitz arteko langintza horretan irtenbidea bakarra da: aldaketa. Aldakuntza omen da betikoa den gauza bakarra eta burutu dezagun, bada, orain ere. Ez dago denbora alferrik galtzerik. Ez gaude astia eman eta denbora-pasa egoteko moduan. Errotiko aldakuntza nahitaezkoa da. Datorren belaunaldiak eta, batez ere, hurrengoak zer baso izango duen erabaki beharrean gara, ezinbestean. Etsi-etsian gaurko txepelkeria utzi eta erabaki historikoak hartzea da gure eginbidea. Eta hori egiteko era bakarra dago: denon artean. Denok elkar hartuta. Administrazio publikoak zeresan handia du, baina herrigintza da hau, denona, herrilana. Helburuak, helburu horietarako bideak, bide horiek gauzatzearen adierazleak, adierazle horien jarraipena eta jarraipen horren emaitzak, denak lotzea da eginbeharra. Maila guztietan arautuko den filosofia adostu eta gero. Horra hor koxka. Eta filosofian betiko galderaren estutasuna: norbanakoaren alde edo herriaren alde. Basoak denona behar du. Horra eredua, herriaren basoa.

Ondo planifikatu eta taxuz antolatuz gero egurra onroso eman eta euskaldunon energia beharraren zati handi bat ase dezake. Garai bateko herri-basoak bezala. Unamunok ederki asko jaso zuen lorra lanean bezala. Denon artean. Denon artea beharko da.
Gure zuraren balioa ez baina prezioa lur jota dabilenean, zur-papurra, peleta, ezpala... Dena egokia izango da etorkizuna berotzeko.

Hara, non arraio piztu ote zait basoberritzearen aldeko su hau?