Irribarre mutua

The Artist. Zuzendari-gidoilaria: Michel Hazanavicius. Aktoreak: Jean Dujardin, Bérénice Bejo. 2011, Frantzia. 100 min.

Ezustekoa eman du aurten, sariz sari dabil eta dagoeneko eskalada geldiezina hasia du Oscarren bidean. Donostiako Zinemaldian ere, Publikoaren Saria irabazi zuen, gauza ederra lortu baitu The Artist filmak: kritikak goraipatzea eta ikusleek maitatzea. 1927an dago kokatua, zinema mutuaren azkenetan, eta ahosdun zeluloidera egokitzen jakin ez duen aktorearen gainbehera du ardatz, sasoi batean izandako ospearen itzaletan. Pelikula arriskatua egin du Hazanaviciusek, zuri-beltzean errodatua eta mutua, baina ahotsa ez da faltan botatzen pelikulan eta ikusleak gozatu egiten du pertsonaien elkarrizketa, oihu eta xuxurla entzunezinez; keinuak eta begiradak gauza dira beren kabuz asko transmititzeko –bi aktore protagonisten lan onari esker, hein batean–.

Zinema mutuaren estiloa eta imintzioak berreskuratu, era burutsuan birmoldatu, eta istorioa modu originalean kontatu du zuzendariak, umoretsu. Keinu konplizeak tartekatuz, erritmo biziz, musika, argazkia eta argi-ilun jokoak txukun gidatuz, zinema-industriaren barrunbeak arakatu ditu: makineria zinematografikoaren baitako botere harremanak jarri ditu mahai gainean, arrakastaren izaera hauskorra, zinemak berak sortutako produktuak gailurrean jartzeko eta handik lokatzetara jausteko duen abilezia, duintasunaren eta urguiluaren arteko muga...

Hiru dimentsioen garaian, zinema egiteko bestelako moldeetan murgildu da Hazanavicius, txarlestonaren hamarkada irudikatzeko. Bitxia da nola, zinema mutuak jasan zuen gainbehera pantailaratzeko, pelikula mutua egin duen zuzendari frantziarrak, zinema eredu horrek ez duela zertan zaharkitua egon frogatzeko. Alderantziz, freskoa da The Artisten ekarpena, zuri-beltzean izan arren koloretsua, argia, xarma eta magia bereziarekin. Aretotik ateratzean irribarrea zintzilik uzten dizun horietakoa.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude