Erreportajean hizpide ditugun hainbat kontuk familia eredu guztiei eragiten die. Bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeei buruz aritu gara bereziki, urrats hori euren borondatez eman zuten hiru neskaren esperientziaz. Guraso bakarreko familia eredu gehiago dago, ordea. Sarri halabeharrak markatzen du ama edo aita horien bidea, dibortzioek, bikotearen heriotzak… Eta badira emakume batzuk, ezustean haurdun geratu eta bestelako aukera batzuen aurrean (abortua, umea adopzioan ematea…) aukeratu dutenak umea bakarrik izatea.
Datuak
Espainiako Estatuan, duela hamar urte, guraso bakarreko familiak %14,6 ziren; familia horien arduradun emakumeak ziren gehienetan, Europa osoan bezalaxe. Gizonezkoak %10 dira. Horien artean, alargunak eta dibortziatuak daude batetik, eta guraso bakar izatea aukeratu dutenak bestetik, izan umea adopzioan hartuta, edo emakume baten sabela alokatuta –normalean AEBetan–, haurra hark erditu dezan. Bigarren multzo horretakoak gutxiengoa dira oraindik.
Guraso bakarreko familien kopuruak gora egin du etengabe. 2005ean, bestalde, jaiotako umeen %26 ama ezkongabeek izan zituzten –horrek ez du esan nahi bikotekiderik ez zeukatenik–. 35 urte edo gehiagoko emakumeen kasuan, kopurua %20koa da. Frantziako Estatuan %42,3koa da zifra hori, eta Europako batez bestekoa %25,6 da. Europa iparraldeko herrialdeek dituzte ehunekorik altuenak.