Grafiko hau opari mundu aberatseko suminduei

  • Ekonomistek diote ekonomia finantzarioaren azpian benetako ekonomia dagoela. Ekonomia ekologikoa lantzen dutenek, aldiz, hirugarren geruza sakonagoa aztertu beharra aldarrikatzen dute: materiazko baliabideek, funtsean energiak, osatutako ekonomia bene-benetakoa. Pedro Prietok grafiko batean laburtu du munduaren ikuspegi hau.

Irudi honek aberasten du Crisis Energética webgunean Pedro Perez Prietok plazaratu Un mensaje a los indignados occidentales artikulua. Beste bi erakunderen logoak ageri ditu: Científicos por el Medio Ambiente (CIMA) elkartearena eta Pik Oilaren ikerketa
Irudi honek aberasten du Crisis Energética webgunean Pedro Perez Prietok plazaratu Un mensaje a los indignados occidentales artikulua. Beste bi erakunderen logoak ageri ditu: Científicos por el Medio Ambiente (CIMA) elkartearena eta Pik Oilaren ikerketan liderra den ASPO erakundeak Espainian ordezkari daukan Asociación por el Estudio de los Recursos Energéticos (AEREN) delakoarena. Kontsumitzaile handienak AEB-Kanada, Errusia, Japonia eta Europa dira. Nabarmen geratzen da herrialde baten Barne Produktu Gordina, estu lotuta dagoela energia kontsumoarekin. Ñabardura azpimarratzeko, energiaren erabileran bakoitzak lortzen duen eraginkortasuna begi bistan azaltzen da bi datuak alderatzean: Txina, Errusia eta AEB-Kanadak efikazia kaxkarrez xahutzen dute energia. Aldiz, bi parametroek erakusten dute argiki Asia, Afrika eta Indiak bizi duten bazterketa ikaragarria.

Pedro Perez Prieto aurkezten ez gara hasiko, Argiako irakurleek ezagutu dute Unai Break egindako elkarrizketa luze oparoan. Ingeniaria, Asociación para el Estudio de los Recursos Energéticos (AEREN) elkarteko buruzagitzakoa, Prieto da gaztelaniaz petrolioaren gainbeheraz eta energia krisiaz garbien idatzi duten adituetako bat.

Joan den urrian Prietok Crisis Energética gunean Un mensaje a los indignados occidentales plazaratu zuen, urtea amaitzen ari den honetako balantze eta gogoeta giroari oso ondo egokitzen zaiona. Artikuluan eskaintzen du guk irudiaren txokoan euskaratuta eskaintzen dugun grafikoa. Egia esan, grafiko horrek argi-tzen eta laburbiltzen ditu munduak gaur bizi dituen gatazkak nagusiak, militarrak, ekonomikoak, sozialak, demografikoak... Artikuluak baino liburuak ere eragin ditzakeen grafikoa da.

Prieto pozik azaldu da mundu osoan sumindu, indignado eta ocupy jendeak azken hilabeteotan sistema aldatzeko erakutsi duten nahikeriagatik. Ez zuen horrelakorik espero, kalera protestan irten direnek lortu baitute hedabide nagusiek agintean daudenen alde eraikitako hesia gainditzea. Gainera, hasieran agintari politikoen kontra aritu ostean laster benetako aginteei aurre egin nahia azaldu dute, burtsei, finantza erakundeei, munduko eliteei.

Prietok barkatzen du indignado-en proposamenen lausotasuna, sinplekeria nahi bada. Alabaina luzatzen die munduaren egoera ikuspegi osoago batetik aztertzeko konbitea. Horretarako da aipatu grafikoa, guk, laburtzearren, “Energia kontsumoa munduan, eskualdeka eta pertsonako” izendatu duguna.

Koadroak munduko jendea eskualdeka banaturik biltzen du, zonalde bakoitzari zutabe bat eskainita. Zutabeen zabalera eskualdeetan bizi diren milioika biztanleen arabera aldatzen da; altuera, berriz, eskualde bakoitzean herritar bakoitzak kon-tsumitzen duen energiaren arabera. Zutabea kolorez osatzen da, kontsumitzen dituen energi iturri ezberdinak nabarmentzeko: petrolioa, gas naturala, ikatza, nuklearra, hidroelektrikoa, biomasa gehi hondakinena, eta azkenik energia berriztagarri modernoetatik eskuratua, eolikotik eta fotovoltaikotik.

Eskualde bakoitzak kontsumitzen duenaz informazio gehiago bada. Esaterako, zenbaki gorriz markatuta dauka bakoitzak zenbat energia erretzen duen munduko kontsumo osoarekin alderatuta. Zenbaki berdez datoz eskualdearen biztanleak munduko guztiekin alderatuta. Eta kontsumoak alderatu ahal izateko, watioa darabil Prietok irizpide bakartzat.

Lehen begiradatik ohartzen da bat mundua oker dagoela. Eskubiko muturrean AEBk eta Kanadak buruko 10.500 watio kontsumitzen dute. Hau da, munduko biztanleen %5,1 izanik energiaren %21,5 erretzen dute. Ezkerreko muturrean, Indian mundutarren %17,7 izan arren energiaren %5,1 daukate erregai.

Munduko biztanleok bataz beste 2.500 watio kontsumitzen badugu –munduak iraunkor izatekotan gehienez onartuko lituzkeen 2.000 watioen gainetik beti–, horren azpitik bizi dira Afrikan, Asia gehienean Txinan barne, eta Latinoamerikan, Karibea barru. Batez bestekoaren inguruan dabiltza Turkian eta Europako herrialde atzeratuenetan. Batez bestekotik gero eta urrunago Sobiet Batasunean izandakoetan, Ekialde Hurbilean, Europan, Japonian, Errusian eta, azkenik, AEBetan eta Kanadan.


Eta langileen internazionalismoa?

Bada informazio osagarri bat gehiago grafikoan, eskualde bakoitzak daukan Barne Produktu Gordina (BPG) tanta gorrietan ageri da. Kasik automatikoa da herrialde baten aberastasuna neurtzen duen BPGren eta energia kontsumoaren arteko lotura. Hortik aurrera hasten dira interpretazioak. Gordinak, Pedro Perez Prietoren ustez.

Vilfredo Paretok ezarri legea konplituz, gizadiaren %80 bizi da kontsumitzen den energiaren %20rekin, eta alderantziz, %20k xurgatzen du dagoenaren %80. Desoreka hori lotuta dago planetako isuri gehienekin: energia eta lehengaiak txiroen eskuetatik aberatsenetara doaz, aldi berean –gezurra dirudien arren– txiroak zorpetuta dauzkate herrialde aberatsek... eta emigrazioak ere txiroetatik abera-tsetara doaz, energiarekin batera.

Jakinik planetari kentzen zaiola modu iraunkorrean eman dezakeena baino %40 gehiago, mundu osoa gehiago garatzea jasan ote lezake planetak? Bestela esanda, zer geratuko litzateke batez bestekoaren azpitik bizi diren txiroak garatuko balira? Grafikoa itxuraldatu dezakegu –artikuluan egin du Prietok– erakusteko zenbat igoko litzatekeen kontsumoa mundu osoan txiroenak Europako jendearen mailara eramanez gero, gaurkoaren bi halako energia beharko genuke. Eta denok american way of life nahi izanez gero? Gaurko energia kontsumoa bider bost. Denetara, planetak dezakeenaren 5-8 halako.

Iraunkorra izateko, munduak gaur xahutzen duen energiaren %40 sakrifikatu beharko luke. Baina gizadiaren gehiengoa batez bestekoaren azpitik dagoenez, denon egoera berdintzekotan ipar eta mendebalde aberatseko herritarrok gure kontsumoaren %60 edo %90 sakrifikatu beharko dugu. Horrela mintzo dira matematikak.

Egia da eskualde bakoitzean aberastasuna oso ezberdin dagoela banatuta, elite murritz batzuek sekulako pilak metaturik. Dirudun horietako batzuek herrialde osoek adina ondasun dauzkate. Horiek utzi beharko lukete gehien denen mesedetan. Baina aberatsak desjabetzea ez litzateke aski izanen. Hasteko, horiei kendutako dirutzak –aitor dezagun fikzio-politika hu-tsean baino ez garela ari– ezin dira lehengai edo energia bihurtu automatikoki, munduak dauzkan baliabideen oso gainetik metatutako espekulaziozko fortunak dauzkate.

Hala ere, okerrena ez da hori gu bezala langile garen edo klase ertain izateko ametsez bizi garenontzako: grafikoak erakusten duen mundua orekatzekotan herrialde aberatsetako klase ertainek uko egin beharko lizkiokete lorpen askori, funtsean ongizate gizartea deitu zaion honi.

Ongizate gizartea langileek urte askotako borrokarekin lortu dutela esanda egiaren zati bat diogu, Prietoren ustean. Herrialde aberatsetako klase ertainei hobekuntza batzuk baimenduz, elite dirudunek langileak konplize bihurtu dituzte munduko gainerako txiroak zukutzeko. “Gutxi egin genuen –dio Prietok– mendebaldeko klase ertainok galdatzeko geure gizarteetan gutxiago kontsumitu eta xahutzea eta munduko txiroenei oinarrizko ondasun gehiago ematea. Orain eduki de­za­kegu aukera internazionalismo proletarioa zer den berriro ulertzeko”.


ASTEKARIA
2011ko abenduaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude