Legeak aintzat hartzen ez duen familia eredua

  • 2008an elkarrizketatu genuen Edurne Pradilla, bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duen zumarragarra, artean haurdun zegoela. Hiru urte geroago, beraren eta beste bi emakumeren bizipenak jaso ditugu erreportaje honetan. Aitaren hutsuneaz eta guraso bakarreko familia ororen –eta bikote ugariren– buruhauste iturri den kontziliazioaz aritu gara, administrazioaz, eskolaz, ipuin klasikoez eta hamaika aurpegiko errealitateaz.

Esther Canarias, Ibairekin.
Esther Canarias, Ibairekin.

Aitaren hutsuneak seme-alabengan izan dezakeen eragina, egonkortasun ekonomikoa eta lanaren eta bizitza pribatuaren arteko kontziliazioa dira bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeen kezkarik handienak. Badira mamu gehiago, gizarteak eurengan proiekta dezakeen begirada, esaterako, baina horiek erabakia hartu bitarteko hausnarketa prozesuan uxatzen dituzte sarri. “Duelu prozesua” deitu dio Esther Canarias bilbotarrak. Semea, Ibai, intseminazio artifizial bidez sortu zen duela bi urte eta erdi: “Nire erabakiak umearengan izango zuen eraginaren inguruan luze pentsatu nuen. Haurra bikotekide batekin izatea espero nuen, baina azkenean beste bide bat aukeratzen duzu… Duelu prozesu bat dago, nire buruarekin norgehiagoka aritu nintzen erabakia hartu nuen arte, eta koxkortzen doan heinean semeak ere galdera askoren erantzuna bilatu beharko du”. Funtsezkoa ei da gauzak naturaltasunez kontatzea, hasiera-hasieratik egia esatea.

Hala egin du Rosa Maestro madrildarrak. Masola.org webgunearen zuzendaria da, eta bi neska-mutilen ama. Alaba intseminazio bidez izan zuen duela zortzi urte, eta adopzioan hartutako semeak hiru urte pasatxo ditu: “Alabari egia kontatu diot txikitatik, ez dut beldurrik izan haziaren emaileari buruz hitz egiteko. Sentimenduek dute pisu gehiena hasieran, umeari transmititu behar zaio dena ongi dagoela, gustura zaudela berarekin. Geroxeago, ulertzeko gaitasun handiagoa dutenean, gauzak beste modu batera azaldu behar zaizkie”. Adopzioen kasuan diskurtsoa beste era batekoa da, aitaren figuraz mintzatzean haren jatorriaz hitz egin daitekeelako eta, horrek, neurri batean bederen, umearen jakin-mina ase dezakeelako.

Errealitatea ez da ipuinetakoa

Nola azalduko dizkiogu gauzak umeari? Galdera horri amak erantzun beharko dio, pilatutako informazioa eta beste emakume batzuen esperientziak abiapuntutzat hartuta, baina haurraren inguruan pertsona heldu gehiago daude. Edurne Pradilla zumarragarrak 2008ko udazkenean izan zuen semea, Eneko, intseminazio bidez. Haurdun zegoela elkarrizketa egin genion Argian (2152. zenbakian) eta, besteren artean, luze mintzatu zitzaigun eskolaren paperaz. Orduan zioenez, hezitzaileek gutxitan entzundako galderei erantzun beharko diete –amek bezala–, eta horretarako prest egon behar dira. Berarekin izan gara berriro eta kontatu digu hainbat hezitzailerekin hitz egin ostean, lasaiago dagoela: “Irakasle batzuek adopzioan hartutako seme-alabak zituzten, horietako batzuek bikotekiderik gabe gainera, eta klasean haur adoptatu gehiago zeuden, baita gurasoak bananduta zeuzkaten neska-mutilak ere, anaia-ordeak eta arreba-ordeak... Irakasleak kontziente dira familia eredu desberdinak daudela”.

Aitzitik, Maestrok dioenez, eskola-ereduak familia klasikoa du ardatz: “Hezkuntza-eredua aldatu egin behar da, ezin dugu jarraitu aitaren eta amaren egunak ospatzen. Duela gutxi umeen senitartekoak ezagutzea helburu zuen formularioa betetzeko eskatu zidaten ikastetxean, eta lehen lerroan zera jartzen zuen: ‘Ni … naiz, nire aitak … du izena’. Ederto hasten gara! Naturalagoa litzateke ‘Nire familia osatzen dute: …’ jarriko balute; umeek hainbeste azalpen eman beharrik ez lukete izango. Nire alabak ez du horretarako erreparorik, baina… gizartearen aldaketetara egokitu egin behar gara. Gainerako haurrek ere egoera normaltasunez bizi dezaten, ikasgela barruan gauza batzuk aldatu egin behar dira”.

Semearen heziketaz mintzatzean, duela gutxi erosi zuen ipuin klasikoen bildumarekin “sekulako desengainua” eraman zuela azaldu digu Pradillak: “Ez soilik maiz ageri den familia eredu tradizionalagatik. Gizon eta emakumeen paperak arras desberdinak dira. Protagonista, akzioa daramana, gizonezkoa da ia beti, eta emakumea izan daiteke sorgina ala printzesatxoa; alegia, emakumea gaiztoa da, ala printzearentzako saria. Ipuinen bidez umeek errealitatea uler dezakete, eta istorio hauek ez dira oso lagungarri. Gurean ni naiz etxera dirua ekartzen duena, etxeko konponketak egiten dituena, semea medikura eramaten duena… eta ipuin hauetan neskak egiten duen gauza bakarra ezkontzea da!”.

Hezitzaileek, bestalde, aitaren hutsunea Enekok nola bizi duen galdetzen diote. “Berarentzat aita beste pertsona bat da, berak aukeratutako norbait, osaba, aitona…”. Umeengan ohikoa da aitaren figurarentzako ordezkoak bilatzea, euren familiari buruz hitz egiteko balio baitie. Dena den, tentuz jokatu behar dela diosku Maestrok: “Haurraren inguruan gizonezko erreferenteak egotea garrantzitsua da, baina nire ustez okerra da figura maskulino bat aitaren figurarekin nahastea. Ez da sanoa aitona edota lagunen bat aitarekin nahastea, aitona aitona da, osaba osaba, amaren bikotekidea amaren bikotekidea… Gauzak zuzen eta naturaltasunez azaldu behar zaizkie umeei. Batzuetan gustatuko litzaieke aita bat edukitzea, ‘berarekin bizikletan ibiltzera joateko’ adibidez, baina ez dute trauma edo gabezia bat bezala bizi”.

Malabare jokoa

Gabezia hori nabarmena izan daiteke, ordea, lana, umearen zaintza, etxea eta norberarentzako denbora bateratzeko garaian. Kontziliazioa “fartsa” bat dela esan digute Masola.org webguneko zuzendariak eta Canariasek. Bi gurasoek etxetik kanpo lan egiten dutenean ere lana eta bizitza pribatua kontziliatzeko modurik ez dagoela diote. “Eskolako ordutegiak eta lanekoak ez datoz bat, haurtzaindegiak garestiak dira eta etxetik urrun daude, eskolaz kanpoko jarduerak, etxeko-lanak…”, diosku Madrilgo enpresa bateko komunikazio departamentuan ari den Maestrok: “Zorionez ordutegi malgua dut, eta soldata nahiko ona; zaintzailea kontrata dezaket ordu batzuetarako”. Bilbotarrarentzat malabare jokoa da: “Autonomoa naiz eta sarri bidaiatzen dut Madrilera-eta; gurasoek laguntzen didate batzuetan”.

Amatasunari aurre egitean zailtasun handiagoak izan ditzaketen emakumeez oroitu da Maestro: “Badira neska gazteagoak, haurdun geratu ostean bikotea apurtu eta egoerari bakarrik aurre egin diotenak. Baliabide ekonomiko gutxiago dute, bikotekidearen babesa ezustean galdu dute… Oro har, gobernu eta instituzioek ahaztuta dauzkate guraso bakarreko familiak. Antza, ez dugu dirurik ematen. Begira gay kolektiboa. Prestigio handiagoa du, dirua ematen duelako; guraso bakarreko familiok arazoak besterik ez ditugu ematen”, dio ironikoki. Madrildarra kexu da, guraso bakarreko familia geroz eta gehiago dauden arren, eta mota desberdinetakoak (ikusi koadroa), elkarren artean batasunik ez dutelako: “Ez dugu presioa denok batera egiten eta instituzioak horretaz baliatzen dira”. Pradillarentzat ere, laguntza edo babes eske joatean, kopurua garrantzitsua da. “Gu oraindik gutxi gara”, esan digu bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeez, “saiatu gara Guraso Bakarreko Familien Elkartearekin adostasun batera heltzen instituzioen aurrean indarra egiteko, baina oraindik ez dugu lortu”.

Espainiako Estatuko Madres Solteras Por Elección (MSPE) elkartean 265 emakume inguru dira. Bazkide izateko urratsa eman ez duten emakumeei zuzenduaz, Pradillak dio inportantea dela taldean biltzea, ez soilik administraziotik laguntzak lortzeko, baita euren artean antolatu, topaketak egin eta umeek beste erreferente batzuk izateko ere. “Esperientzia trukaketa aberasgarria da oso, ama zein umeentzat”, berretsi digu Canariasek. Pradillaren hitzetan Euskal Herrian eta Katalunian gauza batzuk bertako erakundeei –diputazioei, Jaurlaritzari…– eska diezaiekegu: “Pentsatzen ari gara ea komeni zaigun MSPEren barruan lurralde-ordezkaritza bat sortu eta haren bitartez gure kontuak mugitzea”. Hogei bat emakume euskaldun dago elkarte horretan.

Kide ugariko familia

Laguntza publikoak mintzagai, kide ugariko familiaren legeaz hasi da solasean Maestro. 2010eko azaroan, Espainiako Gobernuak (PSOE) eta IUk adostu zuten bi seme-alaba edo gehiago dituzten guraso bakarreko familiak kide ugariko familia gisa onartzea, eta Kongresuak emendakina onartu zuen 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek akordio hori jaso zezaten. Aldiz, ez zioten lekurik egin, eta badira lauzpabost urte halaxe dabiltzala, IUk salatu duenez. “Urteroko borroka da”, esan digu Maestrok, “urrian hitz ematen digute, eta urtarrilean gezurtatu egiten dute”. Bikoteek hiru umerekin eskura dezakete titulua, eta alargunek birekin; eurek ordea ez. Madrildarrak gogorarazi du, bestalde, bikoteari ume batengatik 3.000 euro desgrabatzen zaizkiola, eta eurei 2.000 euro pasatxo. “Oraindik ez dakit zergatik. Laguntzak errentaren arabera ematea litzateke egokiena, eta ez familia ereduaren arabera”, dio mindurik. Horren harira, Donostiako neska baten kasuaz egin digu berba Pradillak: “MSPEren foroan kontatu zuen nola igerilekuko familia-abonuagatik ordaindu behar zuena ia-ia banakako bi abonu beste zela. Zumarragan badago guraso bakarreko familientzako abonua; familiarra baino euro bat merkeagoa da, baina tira, gutxienez aintzat hartzen gaituzte”.

Osasun zerbitzu publikoetan laguntza bidezko ugalketa prozesuak doakoak izatea da MSPE elkartearen beste eskaeretako bat. Maestrok azaldu digunez, ugalkortasun arazorik ez dutenez, osasun zerbitzu pribatuetara jo beharra izaten dute batzuek. Osakidetzan egin ahal dira prozesu horiek, Gurutzetako ospitalean. Nafarroan ordea, Osasunbidean, ez.

Deabruaren abokatu paperean sartuta, esan diogu zenbaitzuk “kapritxo” bezala hartzen dutela era honetan ama direnen erabakia (Madres solas por elección. Análisis de la monoparentalidad emergente 2004-2007 / Espainiako Gobernua; 96. orrialdea). Azaldu digu euren hautua ikuspuntu desberdinetatik juzgatu daitekeen arren, oro har errespetuz jokatzen duela jendeak: “Gizarteak ez du seme-alabak dituen emakumea diskriminatzen soilik bikotekiderik ez duelako, orain dela 50 urte gerta zitekeen bezala. Dena den, horretan aurreratu den moduan, instituzio publikoetan aitzineratu beharra dago. Duela lauzpabost urte lortu zen, adibidez, jaiotza-partida egiterakoan aitaren izena asmatu behar ez izatea. Harrigarria da zein mantso goazen”.

Adopzioen kasua jarri digu adibide. Legeak dio bikotekiderik gabeko pertsonek umea adopta dezaketela, baina adopzio-fasean traba tekniko-administratibo gehiago jartzen zaizkie, antza, umeek gabeziak sufrituko dituztelako bi guraso izan ezean, nahiz eta hainbat ikerketak aurkakoa erakutsi duen. –hala frogatu zuten Guraso bakarreko familiei buruzko nazioarteko II. sinposioan, Bartzelonako Unibertsitatean, 2011ko urrian–. Orain urte batzuk berari gertatutakoa kontatu digu ama madrildarrak, oraindik harrituta eta haserre: “Adopzio fasean teknikariek, psikologoek, galdera mordoa egin zidaten, bikoteei baino are gehiago, euren gidaliburuetan jartzen duelako teorian ez gaudela emozionalki senar-emazteak bezain orekatuta. Psikologoak aditzera eman zidan bizimodua egonkortu arte, bikotekidea izan arte, ezin izango nuela umea adopzioan hartu. Hala ere, aukeraren bat izan nezakeela esan zidan, baldin eta arazoak zituen ume bat (down sindromeduna, adibidez) hautatuko banu. Txoratu ote zen galdetu nion. Ez banintzen gai ume normal bat hezteko, nola demontre heziko nuen ba arazoak zituen haur bat? Izugarria iruditzen zait psikologoek aurreiritziak izatea. Eta pentsa umea adoptatu nahi duten bikotekiderik gabeko gizonen kasuan. Eurentzat are zailagoa da”. Gauzek, dena den, hoberantz egin dutela uste du, EAE eta Katalunia bezalako erkidego batzuetan behintzat. “Hemen, Madrilen, elizarekin egin dugu tupust!”.

Elkarrizketatu ditugun hiru emakumeek bizitzak eman dizkien aukerez baliatu eta familia osatu dute. Nork daki etorkizunean beste familia eredu baten parte izango diren; bitartean, euren hautua beste edonorena bezain baliagarria dela erakusten dute egunero-egunero.

Guraso bakarreko eredu ugari

Erreportajean hizpide ditugun hainbat kontuk familia eredu guztiei eragiten die. Bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeei buruz aritu gara bereziki, urrats hori euren borondatez eman zuten hiru neskaren esperientziaz. Guraso bakarreko familia eredu gehiago dago, ordea. Sarri halabeharrak markatzen du ama edo aita horien bidea, dibortzioek, bikotearen heriotzak… Eta badira emakume batzuk, ezustean haurdun geratu eta bestelako aukera batzuen aurrean (abortua, umea adopzioan ematea…) aukeratu dutenak umea bakarrik izatea.

Datuak

Espainiako Estatuan, duela hamar urte, guraso bakarreko familiak %14,6 ziren; familia horien arduradun emakumeak ziren gehienetan, Europa osoan bezalaxe. Gizonezkoak %10 dira. Horien artean, alargunak eta dibortziatuak daude batetik, eta guraso bakar izatea aukeratu dutenak bestetik, izan umea adopzioan hartuta, edo emakume baten sabela alokatuta –normalean AEBetan–, haurra hark erditu dezan. Bigarren multzo horretakoak gutxiengoa dira oraindik.

Guraso bakarreko familien kopuruak gora egin du etengabe. 2005ean, bestalde, jaiotako umeen %26 ama ezkongabeek izan zituzten –horrek ez du esan nahi bikotekiderik ez zeukatenik–. 35 urte edo gehiagoko emakumeen kasuan, kopurua %20koa da. Frantziako Estatuan %42,3koa da zifra hori, eta Europako batez bestekoa %25,6 da. Europa iparraldeko herrialdeek dituzte ehunekorik altuenak.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude