argia.eus
INPRIMATU
Zeñena
Gorka Urbizu 2021eko ekainaren 30a

Herrizaingo Sailekoa nauzue, herrian gustura egoten den horietakoa. Behin baino gehiagotan galdetu izan didate ea beti Lekunberrin bizi izan naizen. Arraroa egiten omen, azkeneko biran hogei herrialdetik gora zapaldu dituen taldean aritu eta sorterri txikira itzultze hori. Ez dakit zergatik. Niretzat ez baita sentsazio hoberik, urruneko ezein herrialdetan gure musika haizatzen aritu eta norbere txokora bueltatzea baino. Maite dut oreka hori. Herrizaingo Sailekoa ni: beti herria zaintzen.

Nahiz eta nire herria zertxobait aldatuta dagoen. Malkorra (La Peña) deitu muinora igo eta goiko bista zein ezberdina den ikustea besterik ez dago. Behinola baserri zahar eta hiru estaietako pisuek osatzen zuten mosaikoa, orain, betez gero, biztanleria bikoiztuko lukeen txalet eta adosatu ejerzito batek inguratzen du. Burbuilek eraginda, ziurrenik. Higiezinen eta txanpainaren burbuilak, esan nahi baita. Gora eta gora beti, azkenean plop egin du eta orain komeriak. Badirudi denbora izoztu zela halako batean. Setioa guztiz burutu aurreko instantean norbaitek pause botoia sakatu izan balu bezala. Alarma laranja. Balkoi askotan orain hizki larriz Se vende oihukatzen duten kartelen kolorekoa: laranja.

Alabaina, kariñoa diot nire haurtzaroaren eszenarioa izan den honi, oraindik ere badagoelako herri izaeraren zantzurik han-hemenka. Larraungo herri txikiagoekiko distantzia nabarmendu nahi dutenen ustez bestera, gure DNAn txertatua baitago ruralitate berezko hori (inongo zentzu txarrik gabe diot). Eta hala bedi!

Konparazione: ilea moztera joan nintzen atzo, herriko plazan lokala duen Txarorengana, ohi legez. Nik ez dakit beste inon gertatzen den, baina hemen galdera ez da “nola moztukoizut?” baizik eta “zenba denboa moztukoizut?”. Txarok badaki kalparra nola moztu behar didan, kontua da zenbat denborarako nahi dudan look aldaketa. Bere hatz lodixkeekin egina dauka kalkulua nonbait, eta badaki bi hatzeko luzera moztuz gero, bi hilabete eta erdi barru bueltatu beharko dudala ileapaindegira (demagun). Aitzitik, nire orrazkera txukundu besterik ez badut egin nahi, “hilabete-edo moztuiazu” esaten diot, eta Txarok badaki zenbat moztu behar didan. Hori bai, beti “desfilau”, ni “moderrrrnoa” bainaiz Txarorentzat.

Hamaiketako mezatarako ilea tindatzen ari den andre edadetuarentzako ere bai, ziurrenik. “Zeñena za zu?” galdetzen dit, Hola aldizkaritik begirada ozta-ozta altxatuz. Hots, zeinen semea eta zein etxetakoa. 

Inongo ejerzitok ezingo du sentimendu hau garaitu.